NAIZ

Aplikazio eta webgune berri batekin ospatu du Elhuyar hiztegiak 25. urteurrena

Elhuyar hiztegiak, «azalean eta mamian», webgunea eta aplikazioa berritu ditu, 25 urte bete dituela ospatzeko. Erabilera errazago bat eta hainbat aukera berri emanen ditu hemendik aurrera.

Elhuyar hiztegiaren atari berriaren irudia. (Elhuyar)
Elhuyar hiztegiaren atari berriaren irudia. (Elhuyar)

Elhuyarren ikurretako batek, Elhuyar hiztegiak, 25 urte bete ditu aurten, eta, ospatzeko, hiztegia kontsultatzeko webgunea eta gailu mugikorretarako aplikazioa berritu ditu.

1996an hasi zen Elhuyarren euskara-gaztelera hiztegi elebiduna Euskal Herriko ikastetxe, liburutegi eta etxeetako apalategietan lekua hartzen, eta erreferente izan da geroztik, bai euskaraz lan egiten duten profesionalentzat, bai euskara ikasten eta irakasten ari direnentzat.

25 urteotan, papereko edizio bat baino gehiago ere izan du aipatutako hiztegiak, eta geroago etorri ziren euskara-frantsea eta euskara-ingelera hiztegiak.

1999an eman zuen paperetik digitalerako jauzia, eta 2013tik egin daitezke kontsultak hiru hiztegietan batera ordenagailu eta gailu mugikorren bidez.

Mende-laurdena hauospatzeko, webgunea eta mugikorretako aplikazioa berritu ditu orain. «Azalean eta mamian», adierazi dute. «Diseinu moderno eta berritzailea emateaz gain, kontsulta sistema erabilerrazagoa gehitu diogu, eta hiztegiko sarrerak Interneteko adibide errealez hornitu ditugu, Dabilena web-corpusen atariari esker».

Elhuyarren hiru hiztegi elebidunak kontsultatu daitezke bertan (EU-ES, EU-FR eta EU-EN), eta, bilaketak euskaratik eginda, hiruretako emaitzak batera ikusteko aukera izango dugu hemendik aurrera.

EU-ES sarreren kasuan, Interneteko adibide elebakarrak (EU) nahiz elebidunak erakusten ditu. Eta euskaraz egoki idazten eta hitz egiten laguntzeko aldian-aldian argitaratzen dituzten gomendioak ere kontsultagai daude dagoeneko.