NAIZ

PuntuEUSek Global Cyber Alliancekin bat egin du zibersegurtasuna indartzeko

«Euskal ekosistema digitalean konfiantza sustatzea» helburu, PuntuEUS fundazioa Global Cyber Alliance-era batu da. Ziberdelinkuentziaren aurrean «babesa» eta haren bazkideek sortutako ziberhigieneko doako baliabideen berri emango die domeinuaren erabiltzaileei hemendik aurrera.

 Bosgarren urteurrena ospatzeko 2019an Puntueus Fundazioak antolatu zuen ekitaldia. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Bosgarren urteurrena ospatzeko 2019an Puntueus Fundazioak antolatu zuen ekitaldia. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Uztailean, Global Cyber Alliance-era (GCA) batu zen PuntuEUS. .EUS domeinuaren kudeaketaz arduratzen den erakundea munduko aliantza honekin bat egiten duen EAEko bigarren erakundea da, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroaren (BCSC) ondotik. Aliantza2015. urtean sortu zen arrisku zibernetiko handiei aurre egiteko eta Internet leku seguruagoa bihurtzeko.

Helburua «euskal ekosistema digitalean konfiantza sustatzea da», PuntuEUSek, ohar baten bidez, azaldu duenez. Josu Waliño, PuntuEUSen zuzendariak adiereazi du, «zibersegurtasuna funtsezko esparrua» izan dela PuntuEUSen. «Hasieratik, aktiboki lan egiten baitugu .EUS domeinua erabiltzaileentzat segurua eta kalitatezkoa izan dadin. Aliantza honek aukera ematen digu .EUSen dagoeneko aplikatzen diren irtenbideen katalogoari zibersegurtasuneko tresna berriak gehitzeko, eta, aldi berean, domeinuaren etengabeko hobekuntzan sakontzen lagunduko digun nazioarteko sarean parte hartzeko».

Batetik, PuntuEUSek Domain Trust plataformarekin bat egiteak babesa eskainiko die .EUS domeinuei. Domain Trust, ziberdelinkuentziarako funtsezko azpiegituretako bat da, domeinu gaiztoei buruzko informazio trukea errazteko GCAk sustatutako proiektua da.

Bestetik, PuntuEUSek, GCAk eta haren bazkideek sortutako ziberhigieneko doako baliabideen berri emango die domeinuaren erabiltzaileei; esate baterako, zibersegurtasuneko tresnen kutxa, prestakuntzako ataria edo posta elektronikoa babesteko DMARC protokoloa ezartzeko gidak eta baliabideak.

«PuntuEUS euskal ekosistema digitala osatzen duen gizarte, administrazio eta enpresa saretik hurbil dagoenez, bazkide ezin hobea da gure aliantzarako. Haren lankidetzak azkartasuna emango digu gure soluzioak aplikatzerako orduan, eta ingurune uniforme bat zibersegurtasunak konfiantza sortzeko duen eragin onuragarria ikusteko», esan du Alejandro Fernandez-Cernudak, GCAren Interneteko integritateprograman parte-hartzea sustatzeko zuzendariak.

Azkenik, PuntuEUS eta GCA erakundeen arteko akordioak nazioarteko lankidetzaren ezaugarriak ere baditu. Hori dela-eta, PuntuEUSk GCAri bere programak eta proiektuak geoTLD Group-eko kideei aurkezteko aukera eskaini dio. Hiri, eskualde, kultura edo hizkuntza jakin batzuei lotutako domeinuen, besteak beste, .eus, .cat, .paris, .africa edo .scot, elkartea da geoTLD Group.