NAIZ

Ozono-zuloak Antartikaren hedadura gainditu du aurten

Hego poloko ozono-zuloak gaur egun 23 milioi kilometro karratu ditu, hau da, Antartikak baino gehiago. Nolanahi ere, zuloa 2025erako ixtea espero dute adituek.

Hego poloko ozono-zuloak gaur egun 23 milioi kilometro karratu ditu. (John SONNTAG/AFP)
Hego poloko ozono-zuloak gaur egun 23 milioi kilometro karratu ditu. (John SONNTAG/AFP)

Hego poloko ozono-zuloaren bilakaera 2020koaren antzekoa da aurten ere, iaz bezala, azken urteotako handiena eta sakonenetakoa. Gaur egun 23 milioi kilometro karratu ditu, hau da, Antartikak baino gehiago.

Ostegun honetan Ozono Geruza Babesteko Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Europako Espazio Agentziak (ESA) Koperniko Programaren (CAMS) Atmosfera Zaintzeko Zerbitzuak aurten izan duen bilakaerari buruzko datuak eman ditu.

Aurten, ozono-zuloaren bilakaerak «iazko antzekoa dirudi», eta, azken datuen arabera, «nabarmen hazi da» azken bi asteetan.

Eboluzio hori «gaur egungo baldintza atmosferikoak kontuan hartuta espero zitekeena da», Epe Ertainerako Iragarpen Meteorologikorako Europako Zentroko (ECMWF) Antje Inness-en arabera. Bere ustez, ozono-zuloaren bilakaera «oso interesgarria» izango da hurrengo asteetan.

Hego poloko ozono-zuloaren jarraipena «kontuz interpretatu behar da»; izan ere, zulo baten tamaina, iraupena eta ozono-kontzentrazioak tokiko haizeek edo meteorologiak eragiten dituzte, Claus Zehner ESAko Copérniko Sentinel-5P misioaren zuzendariak adierazi zuenez.

Nolanahi ere, «Hego poloko ozono-zuloa 2025erako ixtea espero dugu», gaineratu zuen adituak.

Hego poloko ozono-zuloa handitu egiten da abuztutik urrira bitartean, eta hedadura maximoa irailaren erdialdetik urriaren erdialdera lortzen du.