Xabier Bañuelos

Indoren bihurgunea, Karakorumeko amildegietan siga-saga

Indo da Asiako ibai enblematikoena. Tibeten jaio eta Indiako Ozeanoan hiltzen da, 3.000 kilometro egin ostean. Pakistan iparraldean barrena doala, bada puntu bat zeinean korrontearen noranzkoa aldatzen den: Karakorum Highway, Punjabeko lautadetara arrapaladan jaisten den bide ezaguna.

.
.

Skarduko aireportuan lur hartzea ausarkeria galanta da. Hegazkinak Nanga Parbat-ek dituen 8.125 metroen gainetik joan behar du, eta ez da beti posible izaten, bertako klima ezegonkorra dela kausa. Ondoren, pilotuak era guztietako aire-hutsuneak, laino masak, haizeak eta turbulentziak saihesteko trebezia behar du... alde banatan 5.000 metrotik gorako mendiak dituen korridore batean sartu behar du aparatua, eta altuera galtzen joan, espazio urrian kiribilak marraztuz. Hori, ordea, haur-jolasa da aste batzuen buruan zain genuenarekin alderatuz, Islamabaderako itzulerako bidea errepidez egitea erabaki baikenuen.

Kooperazioak eraman gintuen Baltistango lurretara, ez abenturak ez turismoak, baina hala ere, Indo iman baten gisakoa zen. Atera beharreko eztena geneukan barruraino sartuta, alegia, Karakorumetik Punjaberaino jaistea, arro bati, azpikontinente bati eta ozeano bati izena ematen dien ibaiaren erriberak zamalkatuz. Beraz, Wilde-k gomendatzen zuen bezala, tentaziotik askatzeko modu bakarra tentazioan erortzea izan zen.

Indiatik ipar-mendebaldeko norabidean doanean, ibaia bat-batean bihurgune batean aldatu egiten da, hegoalderantz abiatzeko, behin bere urek Gilgit-Baltistango lurrak gurutzatu dituenean. Pakistanen barneratzean, Karakorumeko haran sakonak zeharkatzen ditu mendebalderen dauden mendietaraino, non mendikate handiak Hindukush-ekin eta Himalaia Handiarekin bat egiten duen.

Itsasoa jada parean duela baina zerumuga oraindik oso urrun dagoela, amiltzen jarraitzen du amildegi zorrotzak zulatuz eta harkaitzen artean haranak sortuz, gutxinaka, altuera galtzen duen heinean, zabaltzen eta berdatzen joango direnak. Ibai handiaren eremu ederrenean gaude; paisaia dramatiko eta batzuetan beldurgarriak dira hemengoak, baina beti ere liluragarriak; antzinako kultura mantentzen dute hemengo biztanleek eta ohitura zaharrei eta egunero lurralde zail honi aurre egin behar dionaren izaera gogorrari tinko eutsiz bizirauten dute.

Zauriak harkaitzetan

Hushe ibaia Masherbrum eta Laila mendien babesean jaiotzen da, Baltoro glaziarrak hegoaldean ehuntzen duen izotz sarearen artean. Udaberria esnatzen ari dela atzean utzi dugu harana, abrikotondoak nagiak ateratzen hasten direnean eta horien loreek, lehertzean, zuri gorrizta kolorez estaltzen dituzte mendihegal mailakatuak, oraindik zerealez jantzi gabeak. Machulu herrixkaz harago, zubi esekia gurutzatuko dugu, Shyok ibaiaren uren gainean zintzilik.

Ekialderantz debekatua dago bidea. 1947ko zatiketaz geroztik Indiak eta Pakistanek elkarren artean duten gatazka dela-eta, ezin dugu Siachen glaziarraren ingurunera hurbildu, Indiako Armadak okupatuta baitago. Baina gu mendebalderantz goaz, Indoren bila, Khapulu haranean barna. Liluratuta gaude bere zabalerarekin, paisaia soil, biluziarekin.

Bertako harri higatu eta zatituen gainean behinolako mugimendu telurikoak antzeman daitezke. Izan ere, hemengo geologia basatia eta menderakaitza da, bi plaka tektonikok talka egiten baitute bertan, eurasiarrak eta indoaustraliarrak, eta Lurreko bi mendikate garaienek bat egiten dute bertan. Lurrikarek, glaziarrek, uholde-bideek, hotzak eta haize basatiek lurraldea etengabe eraldatzen dute, tontorrak zutituz, gailurrak zorroztuz, muinoak biribilduz eta gainazala zauriz betez, izotzak estaliriko edota korronteen energia biziak urraturiko zauri sakonekin.

Humayun zubiaren gainean topo egin dugu ibai handiarekin. Baina Skardura iritsi aurretik Shigar haranean barneratu gara. Goi-ibarrean Askole dago, Baltororen mendi-bidea hartzen dutenen topagunea. Shigar herria, ostera, historia ezagutu nahi dutenen helmuga da; bertako gotorlekuak eta Amburiq meskita ederrak (XIV. mendea) erakartzen dituzte horiek. Meskita hori nurbakhshi sufismoaren persiar-tibetar estiloaren adibide zoragarria da. Ez da hori, ordea, iraganaren herentzia kultural bakarra. Gilgit-Baltistaneko eremu osoan herri aurreislamiarren 50.000 petroglifo baino gehiago eta arroketan zizelkatutako buden beheerliebeak aurki daitezke, Gautamaren dotrinek bertan utzitako ondarea.

Skardu igarota, arroila ezin meharrago batean barneratzen da bidea, non gure bista klaustrofobia eragiteraino estutzen den. Errepideak ingeniari ero batek egindakoa dirudi. Ibaia azpian dugu, dozenaka metrora, burrunbaka, eta bere oihartzuna heltzen zaigu, goitik jausitako harkaitzen artean bihurritzen den zoru ezegonkorraren gainetik goazela. Herrixka txiki-txikiak aurkitzen ditugu bidean, hegazti harraparien habiak balira bezala zintzilikatuta.

Herrixka horietara iristeko oinarri-oinarrizko sistema erabiltzen dute bertakoek, eskuz polea bati eraginez tiratutako kable sistema, hain zuzen. Horietan, amildegiari desafioka aritzen dira bai ahuntzak –hanketatik zintzilik–, bai gizakiak –egurrezko barra batean eserita–. Eta ubidea zabaltzen den leku eskasetan, ur-goraldi eta lur-jausien apetaren menpe, kanpamentu erdi-iraunkorrak ezartzen dira areatzen eta harritzen gainean. Horietatik, meatzariak mendi-hegal biluzietan gora igotzen dira eta mendia era arriskutsuan zulatzen dute ezinezko tokietan, akuamarina, topazio, granate, errubi, zilar eta urre bila.

Adiskidetasunaren autobidea

Haitzartea ireki eta lautada huts bat agertzen da; bertan Indo zakarki bihurritu eta biratzen da eta, mendiek behartuta, branka eguerdirantz zuzentzen du. Argiilunetan kilometroak egin ostean, itzuli da argia eta Alam zubia zeharkatu dugu. Ingurura begiratzean, non gauden jakiteak hunkitu gaitu; Karakorum eta Himalaia mendikateek Hindu Kush mendilerroarekin bat egiten dute puntu zehatz honetan.

Hemendik Nanga Parbat gailur harroa ikus dezakegu. Horrela, Karakorum Highway-ra iritsi gara, KKH-ra. “Adiskidetasunaren Autobidea” izendatutako honek Txinako Kashgar hiria Pakistango hiriburuarekin, Islamabadekin, lotzen du, Zetaren Bideko bide zaharretako bati jarraituz. Pakistanen sartzen da Khunjerab pasabidetik, 4.693 metroko garaieran, eta 873 kilometro egiten ditu lurralde horretan. Gaur Gilgit-en lo egingo dugu.

Pare bat egun geroago berriro abiatu gara, oraingoan KKHri aurre egiteko. Errepide hitza erabiltzeak zentzua izan dezake mugaren eta Gilgit-en artean, baina Alametik aurrera desagertu egiten da, eta ezustekoz betetako lurrezko suge bati ematen dio lekukoa, asfalto zatiren bat duena. Aurrean ikusmira ederra izan arren, izuak hartzen gaitu, 400 metroko erorketa askearen ertzean zorua gure gurpilak laztantzen dituen amildegian desagertzen denean, ur-jauziak gure ibilgailuaren parabrisaren gainean jausten direnean, bideko zuloek gure norabidea zuzentzera behartzen gaituztenean eta txapazko zubi inprobisatuetan hondoratzen garenean.

Hormara itsatsita igo eta jaisten gara une oro; tarteka adar-fardoak eta otarrandiak daramatzaten gizon, emakume eta haurrak saihestuz, tarteka bidea beraiena dela dakiten ahuntz taldeek irentsita. Bide honen eraikuntza egundoko ingeniaritza lana izan zen, dozenaka hildako utzi zituena. Behin amaituta, ia mantenezina da, bai baliabide faltagatik bai bere legea ezartzen duen natura erasokor eta menderaezinagatik. Baina ez dio axola, ez dago Txinara iristeko beste biderik eta ezina ekinaren ekinez egitea tokatzen da, kosta ahala kosta. Horrela, egurrez estaliriko eta Gabonetako zuhaitz kitsch eta kororetsuak bezala apainduriko ehunka kamioi dabiltza triki-traka, altitudeagatik ez itotzeko ahaleginean. Kamioiak gurutzatzen direnean borrokan aritzen dira, gara, ezbeharretik libratzeko beharrezko ditugun zentimetroak lortzeko lehian.

Abiatu garenetik hamalau ordu igaro direnean, edertasuna begietan eta izua oraindik gorputzean dugula, Chilas-en gelditu gara gaua pasatzera. Hiriburura iristeko beste hainbeste ordu geratzen zaizkigula jakinda esnatu gara. Gailur izugarrien eta ezinezko arroilen itxura hartuta, edertasuna dugu akuilu, gure beldurrarekin jolasean dabilen joera masokista honen akuilu. Zati ikusgarriena Dasu eta Pattan artekoa da, non errepidea mendiaren zimurren artean ia sumatzen ez den lerro fin bat baino ez den.

Kontrol militarren eta lausenguen artean, beherantz goaz poliki-poliki zabaltasuna eta kolorea irabaziz, berdea eta urdina. Indo alboan dugu, ez hain mehatxari, lagunkoiago, Thakot-eraino. Ez oso urrun PirSar dago, Shanglaren inguruan.

Historialarien hitzetan, mendi honetan zegoen Aornos, Alejandro Magnok setiatutako azken herria. Oraindik ordu batzuk falta zaizkigu Islamabadera iristeko, baina Indo agurtzeak eta mazedoniar buruzagiaren oroimenak zenbait kilometro atzerago irakurritako esaldi batzuk dakarzkigute burura. Laburbilduta horrela diote: «Etorkizunean gutxi batzuk ohartuko dira errepide hau eraikitzeko behar izan den ausardia eta sakrifizioaz (...), baina gelditu zaitezte eta errezatu ezazue otoitz bat ausart haien alde (...), egun Karakorumeko Autobidea izenez ezagutzen den amets hura gauzatzeko beraien bizitza eman zutenen alde».