NAIZ

Cajaraville, Martinez-Chantar eta Paola Ferrarioren ekarpena aitortu du Ikerbasquek

Miren Cajaraville, Malu Martinez-Chantar eta Paola Ferrarioren ibilbidea aitortu du Ikerbasquek. Emakume ikertzaileen jarduna bistaratzea da hirugarren edizioa bete duen ekimen honen xedea, belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen.

Miren Cajaraville, Malu Martinez-Chantar eta Paola Ferrario dira Ikerbasquek aukeratu dituen hiru emakume ikerlari sarituak. (IKERBASQUE)
Miren Cajaraville, Malu Martinez-Chantar eta Paola Ferrario dira Ikerbasquek aukeratu dituen hiru emakume ikerlari sarituak. (IKERBASQUE)

Ikerbasquek Miren Cajaraville, Malu Martinez-Chantar eta Paola Ferrarioren lana txalotu du, Lakuako Hezkuntza Sailarekin batera emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko antolatzen dituen aintzatespenen hirugarren edizioan.

Berez ez da sari bat, emakume ikertzaileak eta haien lana bistaratzeko modu bat baizik, belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.

Emakume ikertzaileen aukeraketa ebaluazio batzorde batek hartu zuen bere gain eta aho batez hautatu zituen 2021eko sarituak. Ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena (Advanced) Miren Cajaraville Biologia Zelularrean katedradunak jaso du (EHU). Bere ikerketa arloko lidergoaren aitorpena (Consolidator), Malu Martinez-Chantar CIC bioGUNEko ikertzaile nagusiak. Ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena (Starting), berriz, Paola Ferrario DIPCn Ikerbasque Research Associate ikertzaile denak.

«Maila zientifiko altua»

Ikerlariok aukeratzeko, Ikerbasquek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 300 emakume ikertzaile baino gehiagoren ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu.

Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen «maila zientifiko altua» azpimarratu du. «Horrek agerian uzten du emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia».

Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren barrenean sartzen da. Plan horren hamabi erronketako bat da Ikerbasqueren komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero berdintasunean aurrera egitea. Eta Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egitea.

Ingurumen toxikologian

Miren Cajaravillek (Donostia, 1964) kutsaduraren biomarkatzaile molekularrak eta zelularrak, zelula-kultiboak eta in vitro toxikotasun mekanismoak, transkriptomika eta proteomika ikertzen ditu.

PIE-Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea eta Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian ikertalde finkatuaren zuzendaria da. «Itsas ekosistemetako zelulen biologian eta ingurumen toxikologian egin duen ibilbide zientifiko bikaina» nabarmendu du ebaluazio batzordeak, baita «ikertzaile berriak prestatzeko eta euskal zientzia proiektu eta sare zientifikoen bidez nazioarteratzeko egin duen lan emankorra» ere.

Gibeleko gaixotasunak ikertzen

Malu Martinez-Chantar (Madril, 1968) Biokimikan eta biologia molekularrean doktorea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gibeleko gaixotasunak ikertzen ditu, besteak bete, minbizia, horiek agertzean eta garatzean inplikatuta dauden alterazio metabolikoak ulertzeko. «Ikerketa biomedikoaren arloko bere lidergo zientifikoa» azpimarratu du Ikerbasquek.

Paola Ferrario (Milan-Italia, 1980) Fisikan doktorea da Valentziako Unibertsitatean. Neutrinoen fisika eta irudi medikorako dituen aplikazio instrumentalak ikertzen ditu. Neutrinoaren izaera ikertzen duen NEXT esperimentuan laguntzen du.

European Research Council erakundearen ERC Starting Grant laguntza lortu du. «Partikulen fisikan ikertzaile gazte gisa berriki egin dituen lorpenak» txalotu ditu ebaluazio batzordeak. Esate baterako, ERC Starting Grant beka ospetsua lortu izana positroi emisio bidezko tomografiaren bitartez instrumentazio medikoa hobetzeko.

Aitzineko sarituak

Aurreko edizioetan Ikerbasquek eta Hezkuntza Sailak hurrengo ikertzaile hauek aitortu dituzte: Advanced alorrean Helen Matute eta Maria Isabel Arriortua; Consolidator-en, Clara Martin eta Aitziber Lopez-Cortajarena; eta Starting atalean, Matxus Perugorria eta Maia Garcia Vergniory.