NAIZ
Donostia

‘Eman ez genuen kontzertua’ disko formatuan eta bi lan berrirekin aurkeztu du Skakeitanek

Pandemia dela-eta eman ezin izan zituztenak oinarri hartuta, kontzertu bat ikuslegorik grabatu eta hamabi kantutan laburbildu du Skakeitanek, orain arte argitaratu gabeko bi abestirekin.

Pello Armendariz, Skakeitan taldeko abeslaria, diskoa eskutan. (Gorka RUBIO / FOKU)
Pello Armendariz, Skakeitan taldeko abeslaria, diskoa eskutan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Skakeitan taldeak ‘Eman Ez Genuen Kontzertua’ izeneko lana aurkeztu du gaur goizean Donostian. 2020an covid-19aren pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten ‘Nola Galdu Denbora’ diskoaren aurkezpen bira bertan behera geratu zen eta, orain, eman ezin izan zuten kontzertu hori ikuslegorik gabe grabatu eta hamabi kantutan laburbildu dute.

Juantxo Arakama (Glaukoma), Juanjo Berasain (Ezpalak) eta Xsakara musikarien kolaborazioekin, zuzeneko kantu hauetaz gain, estudioan grabatutako eta orain arte argitaratu gabeko bi abesti dakartza lan honek, Ruben Caballerorekin batera ekoiztuta eta Haritz Harreguyk bere estudioan grabatuta eta nahastuta.

‘Eman Ez Genuen Kontzertua’ ostiral honetan, azaroaren 26an, jada entzungai izango da plataforma digitaletan, «baina ez-disko hau erosi nahi duenak Durangoko Azokara arte itxaron beharko du» jakinarazi dute.

«Itxaronaldia ez da alferrik izango, ordea, euskarri fisiko oso berezi eta mugatu batean eskainiko baita taldeak prestatutako lan hau guztia». Eman ez zuten kontzertu horren esperientziara gerturatzeko ahalegin batean, Skakeitaneko kideek «sorpresaz betetako produktu bat» eskaini nahi izan dute. Besteak beste, bertan izango dute zozketa berezi batera daraman kontzertuko sarrera bat, esaterako.

‘Eman Ez Genuen Kontzertua’ 2020ko uztailan grabatu zen zuzenean, Aizarnazabalen, eta baditu aurkezteko birako lehen datak: abenduaren 4an Oreretako Lekuona Fabrikan, 5ean Durangoko Ahotsenean, 16an Bilboko Kafe Antzokian, 18an Hatortxu Rocken eta urtarrilaren 14an Gernikako Iparragirren.