NAIZ

Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas eta Rotten XIII, udako Hatortxuko lehen taldeak

Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas, ETS, Pleura, Rotten XII, Herdoil eta Green Valley dira udako Hatortxuko lehen izenak. Gaur egitekoa zen ediziorako «askok» ez dute diruaren sarrera bueltan eskatu eta horri esker «dispertsioa leuntzeko ekarpen bat» egin ahal izango du jaialdiak.

The Baboon Show Hatortxu Rocken eszenatokira itzuliko da. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
The Baboon Show Hatortxu Rocken eszenatokira itzuliko da. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Gaurko zegoen iragarrita Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren 25. edizioa, baina «pandemiak eta agintariek hartutako neurriek sortutako ezegonkortasuna dela-eta», antolatzaileek bertan behera uzteko erabakia hartu zuten. Orduan nabarmendu zuten indarrak 2022ko uztailaren 29 eta 30erako iragarrita duten edizio berezira bideratuko zituztela eta dagoeneko egin dute aurrerapen bat.

Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas, ETS, Pleura, Rotten XII, Herdoil eta Green Valley bertan izango dira. «Hau, baina, lehen aurrerapen bat baino ez da. Datozen hilabeteetan beste asko batuko dira elkartasun jaialdi honetara», nabarmendu dute.

The Baboon Show suediarrak, ETS arabarrak eta Pleura nafarrak ostiralean igoko dira eszenatokira. Stay Homas kataluniarrak, Rotten XIII eta Herdoil nafarrak eta Green Valley gasteiztar-bartzelonatarrak, aldiz, larunbatean. Egun honetan ere izango da Non Serviumen txanda. Mostoleseko taldeak atsedena hartu du azken urteetan eta 2022an itzulera bira txiki bat eginen du 25. urteurrena gogoratzeko eta Hatortxu Rock izango da joko duten bi jaialdietako bat. Euskal Herrian, bakarra.

Izen hauekin batera, eguneko sarrerak ere salgai jarri dituzte webgunearen bidez. Bi eguneko bonoa duela aste batzuk jarri zuten salgai eta, adierazi dutenez, «dagoeneko milaka lagunek bereganatu dute». Orain, bono hori eskuratzeko aukeraz gain (55 euro), egun bakarreko sarrera lortzeko ere parada dago, 30 euroko prezioan.

«Gaur ospatzekoa zen edizioa bertan behera uztera eraman gintuen ziurgabetasuna ez da desagertu, baina errepresaliatuen eta haien familien egoerak ez digu uzten besoak gurutzatuta geratzen. Horregatik, uztailaren 29an eta 30ean jaialdia baldintzarik onenetan antolatu ahal izango dugulakoan arituko gara lanean», gehitu dute.

Elkartasun beharra

«Azken bi urteetan ezin izan dugu Hatortxu Rock nahi izango genukeen eran antolatu. Eta ondorioz, ezin izan ditugu gure helburuak, dispertsio politika salatu eta honek euskal preso politikoen senideengan sortzen dituen gastuak arindu, nahiko genukeen moduan bete. Elkartasun hori, ekonomikoa ere, erraldoia, gero eta handiagoa, izatea ere bada gure helburua. Etxerako bide hori eraikitzerakoan esku guztiak dira ezinbestekoak. Eta jomuga horrekin ari gara lanean uztaileko zitari begira», nabarmendu dute ohar baten bidez.

Udako edizio berezi horri begira, «milaka lagun behar ditugu», aipatu dute. «Eta esan dezakegu, zortzi hilabete lehenago, milaka herritar bilduko garela gero eta gertuago ikusten dugun dispertsio politikaren amaieran pauso berri bat emateko. Baina azken kilometroa metro bilakatu arte, azken furgoneta bidaia etxe atariko besarkada bihurtu arte, lanean jarraitu beharra daukagu. Eta horretarako zuen guztion laguntza behar dugu. Auzolanean, elkarrekin eta lanerako grinez amaituko dugu dagoeneko hiru hamarkada baino gehiago luzatu den zigor honekin».

Itzuli ez diren sarrerei esker, aurten ere ekarpena

Bestetik, esker mezu bat helarazi dute. Izan ere, azken bi asteetan ireki dute bertan behera geratutako edizioaren sarrera itzulketa egiteko prozesua. Eta, nabarmendu dutenez, «asko eta asko» izan dira diru horri uko egin eta dirua bueltan eskatu ez dutenak.

«Aurten Hatortxuk galerarik ez izatea ahalbidetu duzue eta, zuei esker, beste urte batzuetako tamainakoa ez den arren, dispertsioak eragiten dituen gastuak leuntzeko ekarpen bat egiteko moduan egongo gara», jakinarazi dute.