NAIZ

Aitziber L. Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko berria da

15 urteko finkatze-etapa baten ondoren, CIC biomaGUNEk garai berri bati ekin dio Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakaslearen zuzendari dela. Cortajarenaren laborategia Europako bost lankidetza-proiektutan ari da lanean, jendartearen erronken zerbitzura jarriko diren teknologia berriak garatzeko.

Aitziber L. Cortajarena, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko berria.
Aitziber L. Cortajarena, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko berria. (CIC biomaGUNE)

Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasleak hartu du CIC biomaGUNE biomaterialen alorreko ikerketa kooperatiboko zentroaren Zuzendaritza Zientifikoaren gidaritza, azken bederatzi urteotan kargu hori izan duen Luis Liz Marzan Ikerbasque irakasleari lekukoa hartuta.

Adierazi duenez, «ilusioz eta bertigo pixka batekin» ekin dio etapa berriari. «Azken hamabost urteotan, zentroaren ibilbidea goranzkoa izan da argi eta garbi. Hastapenetan zegoen zentro bat izatetik zentro sendotua izatera igaro da, nazioarteko profil nabarmena duten ikertzaileentzat erakargarria, eta nazioartean ezaguna, Maria de Maeztu bikaintasun-zigiluak bermatzen duen bezala, besteak beste. CIC biomaGUNEk oso une polita bizi du erronka berriak abiarazteko, sendotasuna baitu alderdi askotan».

Oinarrizko ikerketa industriara eramateko erronka

Zuzendari zientifiko berriaren erronka nagusietako bat da CIC biomaGUNEn egiten den oinarrizko ikerketa «ikerketa translazionalago baterantz bultzatzea. Oinarrizko mailan egiten dugun goi-mailako ikerketa oso berritzaile hori –gure zutaberik sendoena– enpresara eta industriara eramateko erronka dugu. Ikerketa translazional hori bultzatzeko programak ditugu; zentroko ideietatik eta teknologietatik abiatuta enpresen sustapena bultzatzeko programak», azaldu du.

Nolanahi ere, Cortajarenak ez du galdu nahi zentroak azken hamabost urteotan izan duen norabidea. «Goranzko bide horretan jarraitu nahi dugu; nazioartean izen ona duen goi-mailako ikerketa-zentro gisa sendotzen jarraitu nahi dugu; zentroaren osagarri eta indargarri izango diren ikerketa-ildo berriak irekiko dituen talentu gaztea erakartzen jarraitu nahi dugu, biomaterialen arloko beste eremu batzuetan kokatzeko. Halaber, berdintasuna, dibertsitatea eta halako zenbait alderdi hobetzen ere jarraitu nahi dugu: gure ikertzaile nagusien genero-balantzea, adibidez».

Ikuspegi osoa eta elkarrizketarako irekia

Kargua utzi duen zuzendari zientifiko Luis Liz Marzan Ikerbasque irakaslearen iritziz, Cortajarenak «zentroaren ikuspegi oso globala du. Haren ezagutza profesionalak biomaterialen alorreko ikuspegi oso zabala ematen dio. Laborategi guztiak ezagutzeaz gainera, zentroko ia ikertzaile guztiekin aritu da elkarlanean, eta horrek aukera emango dio ikusteko zer-nolako hutsuneak dauden eta ikerketa-talde berriak sartuz nola osagarritu litezkeen, bai eta dagoeneko baditugun indarguneei etekin hobea nola atera dakiekeen ere. Horri guztiari elkarrizketarako izaera ireki baina irmoa gehitzen zaio. Uste dut betetzen duen posturako izaera eta ahalmen profesional bikainak dituela».

Cortajarena irakaslea Biokimikan doktoratu zen 2002an, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, doktoratu ondoko bekadun gisa lan egin zuen Yaleko Unibertsitatean (AEB), proteinen diseinu, egitura eta funtzioaren inguruan. 2006an, zientzialari bisitari gisa aritu zen Weizmann Institutuan (Israel). Ondoren, Yaleko Unibertsitateko lanari heldu zion berriro, ikertzaile elkartu gisa.

2010ean, IMDEA Nanociencian (Madril) hasi zen lanean, eta bionanoteknologiari buruzko ikerketa-talde independentea osatu zuen, 2016an CIC biomaGUNEra aldatu aurretik. Zenbait europar proiekturen buru izateaz gainera (haien artean, ERC Consolidator Grant bat eta ERC Proof of Concept bat), Ikerbasquek saria eman zion 2019an, ikertzaile gisa egindako ibilbide profesionala eta egindako ekarpen zientifikoak aitortzeko.

Europako bost proiektu, ibilbidearen berme

Cortajarenak gidatzen duen laborategiak lau FET Open europar proiektu ditu eskuartean (Horizon 2020 programakoak), eta, berriki, bosgarren europar proiektu lehiakor bat lortu du, EIC Pathfinder deialdian (Horizon Europe programaren barnean). Pathfinder programaren bidez, European Innovation Council (EIC) erakundeak teknologia erabat berriak sortzeko ideia berritzaileen ikerketa sustatzen du, eta diziplina arteko abangoardiako lankidetza zientifikoak bultzatzen.

Cortajarenak dio proiektu horiek aukera ematen dietela «ez bakarrik ezagutzaren mugan kalitate goreneko zientzia egiteko Europako talderik onenekin lankidetzan, baizik eta zientzia horren aplikazioa bultzatzeko, helburu harturik gaur egun gizarte gisa ditugun erronkak ebazteko teknologia berriak garatzea».

Laborategiak ikerketa-ildo oso desberdinak ditu, eta helburu dute «egiten dugun ingeniaritza molekularrak eskaintzen dituen aukerak aplikatzea: ikertzen ari gara nola maneia ditzakegun biomolekulak eta nola konbina ditzakegun biomolekulak eta nanomaterialak tresna berriak sortzeko; nola ezar ditzakegun oso aplikazio desberdinetan».

Askotariko proiektuak dira, hala nola bioelektronika eta gailu bioelektroniko malguak (gailu ezargarriak, adibidez), datu-biltegiratzearekin lotutakoak (DNA eta nanomaterialen teknologietan oinarritzen direnak), argiztatze-proiektuak, eta sentsorikakoak.

EICk finantzatutako azken proiektuaren bidez, «DNAn oinarritutako sentsore berri batzuk eta haiek proteinekin dituzten interakzioak» ikertuko dituzte. «Sentsore horien bidez, ez dugu molekula jakin bat detektatu nahi, baizik eta haren egitura-konformazioa hauteman nahi dugu: gai izan nahi dugu konformazio-egoera jakin batean edo bestean dauden molekulak bereizteko, haiek neuroendekapenezko patologia batzuekin erlazionatzeko; parkinsona, adibidez», erantsi du.