Naturaltasuna nagusi Monte del Oso taldearen disko berrian

‘Son los demás los que están equivocados’ diskoa kaleratu berritan da Monte del Oso talde nafarra, energia positiboz beteta datorren lana. Power trio honen pop doinu freskoak ekarri ditugu NAIZ Irratiko uhinetara eta Ion Minde taldekideak kontatu dizkigu diskoaren inguruko xehetasunak.

Audio_placeholder

Naturaltasuna nagusi Monte del Oso taldearen disko berrian

Loading player...
Ion Minde, Edu Ugarte eta Luis Gómez dira Monte del Oso taldea osatzen dutenak.
Ion Minde, Edu Ugarte eta Luis Gómez dira Monte del Oso taldea osatzen dutenak. (MONTE DEL OSO)

Kantuen egiturek eta melodiek pop kutsu nabaria duten arren, gitarrek protagonismoa duten diskoa osatu du Monte del Oso taldeak: «Gitarrak pila bat gustatzen zaizkigu, taldearen funtsa gitarra, baxua eta baterian dago, baina beti zertxobait nabarmenago geratzen dira gitarrak. Gitarra akustikoarekin sortutako abestiak dira, baina gero taldea batu eta Nirvana estilo hori geratzen da, gitarra pilo bat baina melodia batekin. Kantuak hasiera batean folkieak izaten dira, baina gero Edu sartzen da bateriarekin eta ez dago atzera bueltarik», aipatu digu Ion Minde taldeko gitarra jotzaileak.

Ironia askorekin jokatzen duten arren, mezu indartsuz beteta daude Monte del Osokoen hitzak. Zoriontsu izateko beldurra edo irribarre egiteari beldurra diogula esaten dute “Escaso premio” abestian: «Aldarrikatzen duguna da bakoitzak pentsatzen duen hori esatea, beldurrik izan gabe,z eta beldur hori kentzea. Akaso adin kontua ere bada, gu berrogeien bueltan gabiltzalako eta txorakeria guztiak kendu zaizkigulako. Ez dugu beste inor izateko gogorik eta beldur horiek gainditu eta dituzunak agerian uzten dituzu. Ez duzu handikeriarik edo ez dakit zer istorio lortu nahia, zarena zara eta horrekin kontent zaude».

Musikari eta musikazale

Taldea musikaren bueltan elkartu zen. «Ni Kaskezur taldean nabil eta Edu Ugartek artistekin-eta egiten duenez lan, taldearen disko bat eman nion. Hortik aurrera gehiago ikusten genuen elkar eta nik bere lana jarraitzen nuen, Half Foot Outside taldeko kide zelako eta haiekin asko flipatzen nuelako. Facebook bidez mezu bat bidali zidan ea entseatzeko geratuko ginen eta abar, eta hor ezagutu genuen Luis Gomez baxu jotzailea. Eta lehen egun horretan bakoitzak bere ideiak eraman genituen eta lau kantu sortu genituen. Hortik lau hilabetera etorri zen lehendabiziko diskoa», aipatu digu Mindek.

Iruñe inguruan dezente gertatzen den fenomenoa da beste taldeetan dabiltzan kideak batu eta proiektu paraleloak sortzearena; batzuek bide luzeagoa edo sona gehiago izaten dute eta beste batzuk efimeroagoak izaten dira: «Guk entseatzen dugun lokalean dozena bat musikari-edo ibiliko gara, baina zortzi talde ditugu osatuta denon artean. Batzuk bidean geratu diren taldeak dira, baina polita da gertatzen dena eta pila bat animatzen dute guztia. Gainera, nola ez garen musikaz bizi eta badauzkagun familia eta halako kontuak, horrelako txispazoak behar dira».

Sonic Youth, R.E.M., Dinosaur Jr. eta Hüsker Dü taldeak aipatzen dituzte beren eraginen artean. «Bakoitzak bere gogoko taldea du horien artean eta nire kuttuna Dinosaur Jr. da. Makarra hutsak dira eta hauen kasuan bai esan daitekeela ‘son los demás los que están equivocados’, ezta? Nahi dutena egiten dute, hirukote moduan, ahotsa nahikoa ‘itsusia’ da, gitarra super zikinak, eta baxua eta bateria oso indartsuekin, dena desmadratuta balego bezala. Baina aldi berean badute zerbait berezia, arima, beste inork ez duen esentzia moduko bat. Eta aurrera jarraitzen dute bai edo bai, eta egun ez daude modan-edo. Izan zuten beren garaia, jarraitzaileak badituzte, baina egun dira 50 piko urteko hiru tipo, nahikoa normalak eta oso polita da egiten dutena».

Melodiak eta distortsioa

‘Siempre’ abestian, soinu aldetik zikina dena, ahotsa lehen planotik urrunduta nabaritzen da eta urratuta balu bezala abestu ote duen galdetu diogu Ion Minderi: «Niretzako abestea da instrumenturik zailena. Gitarraren soinua beti da gutxi gorabehera berdina, kontrolatu dezakezu, baina ahotsa grabaketetan aldatzen doa. Berdin du hamar disko grabatu badituzu aurretik ere, estudiora zoazenean beti sentitzen zara arraro. Kantu honekin gertatu zen melodia pila bat duela eta ahotsa oso altu dagoela erregistroan niretzako, hortaz errekurtso hori baliatu genuen eta horregatik dago ahotsa sartuago bezala, melodia sobera ez nabaritzeko. Baina hori ekoizpen kontua da, Guillermo F. Mutiloarekin grabatu genuen Motu estudioan eta berak badu kantuei buruzko bere iritzia eta berak hori proposatu zuen, eta gu ados eta pozik».

Kantu horretan «mi vida es un vacío que no quiero llenar pero soy feliz así» diote, horren inguruan ere eman digu azalpena Mindek: «Bai, badirudi batzuetan beti gehiago lortu behar dugula eta horrelako gauzak. Bost axola didala motel, zakutik hartzera! Ni daukadanarekin oso kontent nago eta ez dut gehiago behar. Hori da kantuak aldarrikatzen duena». Kantu pesimistak edo amorrazioz betetakoak egiten badituzte ere tarteka, musika argi eta alaiarekin denak buelta ematen du Monte del Oso taldekoekin.

Horren harira aipatu genion Minderi “A la carrera” abestian diotena, bizitzan aurrera egiteko denak ez duela balio, alegia. «Lagunartean ere ikusten den zerbait da, nahiz eta askotan kontzienteki ez den egiten. Nik etxe bat daukat eta beste bat badator eta handiago bat erosi duela dio, besteak ez dakit zer-nolako kotxea erosi duela, bestea Japoniara joan dela oporretan eta hurrengoa Thailandiara. Lasterketa moduko batekin hasten gara adinean aurrera egiten dugun neurrian, haurrak garenean ez baita halakorik izaten. Bakoitza bere bidean sartzen da eta nik zuk baino gehiago kobratzen dut eta halako kontuak ere ateratzen dira, nahiz eta zuzenean esan ez. Instagram bezalako plataformek harrokeriatarako erabiltzen dira askotan», azaldu digu Ion Mindek.

Gorputz handiko kantua da ‘A la carrera’, distortsioaren ganantziari puntutxo bat gehiago eman diola deritzo Mindek: «Baditugu eragin pila bat eta urte batzuk ere bai. Guri Metallica gustatzen zaigu eta zergatik ez haien estiloan jotako tarte bat sartu? Hortik gero melodia batera saltatzen dugu, eta erokeria moduko bat da, baina natural sentitzen duguna da eta horrelako taldeak badaude eta izan dira. Berri Txarrak-ek berak ere baditu zati oso popero-melodikoak». Gainera komunean dituzten eraginak badituzte. 

‘Feliz violencia’ kantuan besteari okerrena opatzea beti ez dela norberaren errua esaten dute. «Zuk zure zoriontasunarekin gainontzekoena ere kondizionatzen duzula esan nahi izan dugu hemen. Zeinen gaizki egon daitekeen bat, baina zeinen ongi nagoen ni, ezta? Eta zuk zure zoriontasun antzeko hori behin eta berriz aldarrikatzen baduzu, bada gainontzekoengan biolentzia jartzen ari zara. Zuk zure zoriontasun estra hori ematen didazu eta ni izorratuta nago, bada okerrena zuretzat, zakutik hartzera!». 

Kantu hau grabatzen zuen bitartean, asko disfrutatzen irudikatu dugu Ion Minde, gitarraren geruza bakoitzean xehetasun pila bat aurkitu daitezkeelako: «Disko honetan ahalik eta geruza gutxien egon zitezen nahi genuen, eta begira, kantu hau atera da. Akustika bat, lau gitarra elektriko, pandereta antzeko bat… denetarik dago. Horrela geratu zen, nahi duguna egin dugu eta aurrera egin dugu. Nik estudioan pila bat gozatzen dut eta kantua bukatzen denean horrela uzten dugu. Zuzenekoa ere pila bat gustatzen zait, jakina, baina kasik gehiago disfrutatzen dut estudioan, etxean bezala egoten naizelako. Guillermok duen materiala, ideiak, eskuak, begirada, entzumena… oso jatorra da eta hain eroso egonda, etxean bezala egoten gara Motu estudioan», kontatu digu. Gero zuzenekoan zein geruza jo aukeratzen izango du zailena gitarra jotzaile baztandarrak.

Ekimen berezi batetan sortutako elkarlana

Pamplosound ekimenaren baitan sortu zuten “Suzko bola” abestia Gorka Urbizurekin batera. «Ez genuen espero halako ezer izango zenik, eta zer-nolako bideoak egin dituzten guk sortutako kantuak irudiz janzteko. Guk Gorkari galdetu genion ea nahi zuen gurekin parte hartu eta bere baiezkoa jaso genuenean etorri zen entseatzera. Gu pozik, kantua ere polita geratu da, eta, gainera, luxua izan da. Kantua nik sortu nuen eta euskarazko letra sortzen hasi nintzen, orain arte euskaraz idatzi ez nuen arren Monte del Osorekin, eta aldi berean Gorkari diskorako berak parte hartu nahi ote zuen galdetu genion zerbait abestuz-edo. Azkenean, bere gitarra zati guztia sortu eta grabatu zuen, bi gitarra direla, eta bere bigarren ahotsaren gaineko ideia bat pasatu nion, baina Gorka Urbizu da, eta bereak sortu zituen. Ikustea bera grabatzen eta abesten, sekulakoa izan da. Estudioan a capella ariko balitz bezala entzuten genuen guk eta sekulako gaitasuna duela ikusi genuen», kontatu digu Monte del Oso taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak.

Peiremans+ proiektuarekin eman zituzten azken kontzertuetan oholtza partekatzeko aukera izan zuten Monte del Oso taldekoek eta ordurako ezagutzen zuen haien musika Gorka Urbizuk, harreman naturala izan da haien artekoa. Edu Ugarte eta Gorka Urbizuk aspalditik dute harremana eta batak eta besteak musikan izan duten ibilbidea ongi ezagutzen dute.

Monte del Osoren euskarazko abesti bakarra izan den arren, askotan pentsatu du Mindek euskaraz gehiago idaztea ere. «Hirukote modura gazteleraz hitz egiten dugu, badelako euskaraz ez dakien taldekiderik. Proiektua horrela sortu zen, ez genuen pentsatu hizkuntzarena eta natural horrela sortu zen. Gainera, Los Planetas, Nueva Vulcano edota Tachenko bezalako talde baten eragina ere hor dago eta horiek ere gazteleraz abesten dute. Letra egiteko moduetan ere haiengan erreparatzen duzu. Izan genuen euskaraz beste kantu bat kaleratzeko aukera, baina azkenean ez da diskoan sartu, baina ez da hizkuntzagatik izan. Baina aurrerago noski etorriko direla euskarazko kantuak, niri natural ateratzen baitzait euskaraz idaztea. Ez dakit zergatik, baina euskaraz berez naturalago ateratzen zaizkit hitzak, metafora gehiago sortzen ditut euskaraz eta gertuagokoak diren hitzak idazten ditut. Gazteleraz, berriz, istorioak sortzen ditut, bisualagoak dira kontakizunak». Kasu honetan, ‘Suzko bola’ abestian, txorakeriak eta aurreiritziak alboratu eta bizitza den moduan bizitzeaz hitz egin du Mindek.

Laugarren disko luzea

Batzuek orain ezagutu dugun arren, laugarren diskoa da ‘Son los demás los que están equivocados’ lana. «Musika pila bat sortzen da gaur egun eta ia denek publikatzen dituzte beren lanak digitalean ere. Sare sozialak ere hor daude eta denok nahi dugu pastelaren zatia. Ez duzula Monte del Oso ezagutzen? Bada lasai, ez da ezer gertatzen, hainbesteren artean normala ere bada. Euskal eszenak duen gauza onetako bat da musikari eta musikazale pila bat dagoela eta taldeengatik dena ematen dutela, eta gu musikari lagunen kontzertuetan ibiltzen garen moduan haiek ere gureetara etortzen dira, eta polita izaten da hori gertatzen denean».

Diskoaren arteari garrantzia ematen dion taldea da. Lehendabiziko diskoan taldearen aurkezpen moduko bat egin zuten, hartza eta mendia jarri baitzituzten azalean. Pista horri jarraika, ea Estatu Batuetako New Yorkeko ‘Bear Mountain’ menditik datorren taldearen izena galdetu diogu Minderi: «Bada, hortik dator. Jack Kreouac idazlearen ’On the road’ liburu famatu bat bada eta bertako protagonistak hiriko bizitza utzi eta Estatu Batuak ezagutzera alde egitea erabakitzen du. Baina mendi horretara iritsi eta, ezbehar batzuk izan ostean, hamabi ordutan berriz ere New Yorkera itzultzen da. Dena kaka bat dela esanaz, etxera itzultzean, berriz ere ihes egitea erabakitzen du eta ez da gehiago itzultzen. Hor bada halako inflexio puntu bat Bear Mountainen gertatzen dena, eta horregatik jarri genion taldeari ere Monte del Oso».

Horren harira, azal honen inguruan ere galdetu diogu. «Gure lagun Juan Anjel Perotxenak egiten ditu azalak, Malmo Ilustration & Design estudioa du eta berak egiten ditu marrazki eta diseinuak. Nik titulua ematen diot eta hortik aurrera bera da nahi duena egiten duena. Ez diot azalpen gehiegi ematen, nik nire musikarekin ere ez dudalako sobera ematen. Berari fruta batzuk jartzea bururatu zaio, eta zergatik ez? Gainera, estiloa nabarmentzen da segituan».

Daten artean Gabonetan zuten lehena, Santas Pascuas jaialdiaren baitan, baina atzeratu egin zen kontzertu hori. «Horregatik etorri da aurrerapen kantua ere beranduago. Baina martxoaren 18an Elizondon Txokoto tabernan izango gara eta 19an Bonberenean izango gara The Brontes taldearekin batera».