NAIZ

‘Kuraia’, Zea Mays taldearen 25. urteurrenaren aurrerapen kanta

Zea Mays bueltan da eta, horren adierazle, ostiral honetan estreinatu duen ‘Kuraia’ singlea eta bideoklipa. Hartu zuen atseden tartearen ostean, euskal talde ikonikoa bere 25. urteurrena ospatzeko prestatzen ari den biraren «beroketa» lanetan dabil. Hitzordu berezi bat dute, apirilaren 9an, Bilbon.

Zea Mays bueltan da ‘Kuraia’ singlearekin, eta kanta honekin hasten dira, dagoeneko, talde ikoniko honen 25. urteurrenaren ospakizunak. Dave M. Allenek (The Cure, Reptile Youth) ekoitzi du eta Jose Lastak egin ditu nahasketak Urdulizeko Tío Pete estudiotan.

‘Kuraia’ kanta maitasunaren aldarrikapen osoa da, maitasunak askatuko gaituelako, kantan dioten legez.

Beraz, atseden sasoi baten ondoren eta «zaintza pertsonalari denbora eskaini ostean», Zea Mays bueltan da. Prest daude agertokietara itzultzeko, eta taldearen 25. urteurrena beraien zaletuekin batera ospatu. Zazpi kontzertuetako bira batekin egingo dute, Euskal Herrian bakarra izango delarik. Data ezarrita dago: apirilaren 9an Bilboko Santana aretoan.

Sarrerak dagoeneko salgai daude taldearen webgunean (17 euro, aurretik; 22 euro bertan). Hurrengo hitzorduak hauek izango dira: apirilaren 22an Logroñon, 23an Madrilen; maiatzaren 14an Torrelavegan, 15ean Valladoliden, 20an Zaragozan eta 21ean Bartzelonan.

Bilboko Santana aretoan egingo den ‘25 joan dira ta!’ ekitaldia eta kontzertua musika eta errepideko urte hauek ospatzeko topagunea izatea nahi dute. «Oraingoan, gainera, etxean izango gara eta ilusio berezia egiten digu ekitaldi hau Zea Mays familiarekin partekatzeak», aipatu dute.