Fernando ROJO (Argazkiak: F.R. eta Gonzalo SAENZ DE SANTA MARÍA)

Sadhuak, Indian santu

Aurretik izandako jabetza guztiei uko egin eta austeritate zein penitentziaren bidea hartuta, biluzik edo tunika hori soil bat jantzita, Indiako kaleetan hainbat eta hainbat monje hindu ikus ditzakegu euren jardunean, askotan yoga eta errituak praktikatzen. Sadhuak dira.

Naga sadhuak biluzik edo ia biluzik ibiltzeaz gain, gorputza vibhuti errauts sakratuz betetzen dute eta jatorri jainkotiarreko rudrashka haziz egindako kapela eta lepokoak erabiltzen dituzte.
Naga sadhuak biluzik edo ia biluzik ibiltzeaz gain, gorputza vibhuti errauts sakratuz betetzen dute eta jatorri jainkotiarreko rudrashka haziz egindako kapela eta lepokoak erabiltzen dituzte.

Ganges ibaiaren inguruak eta Varanasi hiri sakratua dira toki egokienak sadhu-ak topatzeko. Aszeta hinduak dira, egun batean, erosotasun guztiak laga eta alderrai ibiltzearen hautua egiten dutenak, aszetismoaren bidea jarraituz, tenpluz tenplu eta hiri sakratutik hiri sakratura. Gaur egun, hinduismoak 1.000 milioi jarraitzaile ditu, gehientsuenak Indian.

Sinesmen sistema konplexua da guretzat, ulergaitza guztiz. Hinduek beraiek erlijioa baino bizitzeko modu bat bezala ikusten dute. Horien artean askok erabakitzen dute sadhu bihurtzea, bizitzako azken etapa betetzeko.

Hindu baten bizitzak lau “asrama” edo etapa ditu: ikaslearena, etxeko buruarena, ermitauarena eta, azkenik, “sannyasin” edo “uko egiten duenarena”. Azken etapa horretan, ukapen bidea hartuta, sadhu bilakatzen dira hindu asko; alegia, bizimodu erosoa eta luxuak baztertu, eta etxetik alde eginez monje aszeta bilakatzea erabakitzen dute.

Familia eta jabetza guztiak atzean utzita, aurrerantzean ibilian arituko dira Indian zehar zeregin berrietan: yoga praktikatzen, errituak betetzen eta veda idatzi sakratuetan sakontzen. Beti azken helburu bat izango dute, goi argiztapena lortzea, “moksha” edo nirvana bezala ezagutzen duguna. Bide hori jarraituz, heriotzaren eta berraragiztatzearen ziklotik libre geldituko dira.

Biluzik bizi direnak

Sadhuak sekta askotan banatzen dira. Bakoitza bere ezaugarriekin. Sadhu batzuk mendian edo basoan bizi dira, bakartuta, eurek egindako etxoletan edo ficus pikondoen azpian; badira errausketa eremuen inguruetan bizi direnak ere, hau da, hinduek hildako senideak erretzen dituzten tokietan; baita ibilian bizi direnak ere, toki sakratutik toki sakratura erromes.

Gutxi batzuk ashram izeneko aterpetxe edo monasterioen antzeko tokietan bizi dira. Dena den, sekta berezi eta kuriosoena naga sadhu-ena da, larrugorritan bizi baitira, arropa eramateari uko eginez. Horregatik, miretsiak dira gainontzeko hindu arrunten artean.

Biluzik bizitzea erabakitzen dutenek arropa bera ere ondasun bezala ikusten dute, jantziak izatea materialista dela pentsatzen dute, eta Jainkoarengandik hurbilago sentitzen dira larru-hutsik.

Milaka dira Indian, arras ezagunak. Eta gurtuak. Eskuetan trishula edo “hiruhortzekoa” eta danbortxo bat eramaten dituzte (Shiva jainkoaren sinboloak), gorputz osoa vibhuti edo “errauts sakratuz” lohitzen dute (askotan hildakoak erretzen dituzten errauste eremuetatik hartutakoa), eta kopetan tilaka markak egiten dituzte: hiru marra horizontal, Shiva jainko suntsitzailearen jarraitzaileak baitira.

Berez, naga sadhuak aurkitzea ez da lan erraza. Diotenez, Himalaia mendien magaletan bizi omen dira, zibilizaziotik urrun eta naturatik hurren. Naga sadhuak ikusteko aukera ona hiru urtez behin ospatzen den Kumbh Mela jaialdi erraldoia da. Tokiz txandakatzen doan zeremonia horretan 150 milioi hindu elkartzera iristen dira hilabeteko artean eta naga sadhu guztiak bertaratzen dira jaialdira bainu sakratuak hartzera. Dudarik gabe, aparteko festibala da, Indian dauden milaka jaialdien artean ikusgarriena, seguru aski.

Ospakizunean India osotik heldutako hinduak “akhara” izeneko kanpalekuetan antolatzen dira, sekta edo eskola hinduetan banatuta. Juna akhara kanpalekuan biltzen dira naga sadhuak. Bertan egoten dira pizten duten su sakratu epelaren inguruan eserita, egun osoz. Chilam pipetatik kalamua erretzen pasatzen dute denbora, Shiva jainkoarekin duten komunikazioa hobetzeko; baita vedak irakurtzen, mantrak errezitatzen, beren buruak zigortzeko sakrifizioak egiten edo yoga egiten.

Amar Bharati, 48 urte besoa altxatuta

Heriotzaren eta berraragiztatzearen ziklotik askatzea lortzeko, Ganges ibaira hurbiltzeaz gain, sadhuek gorputzarekin lotutako muturreko sakrifizio pertsonalak egiten dituzte. Batzuek urte luzez hitzik ez egitea erabakitzen dute, edo hanka baten gainean bizitzea (lo egitea barne) edo sexu eszitazioa saihesteko zakileko muskulua haustea... Denen artean ezagunenak, ordea, besoa betiko altxatzen dutenak dira. Horien artean dago Amar Bharati.

Amar Bharatik bizitza familiar erosoa bizi izan zuen emaztearekin eta hiru seme-alabekin 1970era arte. Egun batetik bestera, bizitzan inflexio puntu batera heldu zela ulertuta, banku batean zuen lanpostua utzi eta sadhu izateko erabakia hartu zuen, bere bizitza Shiva jainkoari eskaini ahal izateko. Handik hiru urtera, berriz, monje aszeta arrunta zenak sakrifizio bat erantsi zion bere erabakiari eta besoa altxatu zuen betiko, berriro inoiz ez jaisteko.

Diotenez, gerraren aurkako eta bake unibertsalaren aldeko keinu moduan hartu zuen erabakia. Kontua zera da: ia mende erdi igarota, 48 urte zehatz-mehatz, Amar Bharatik besoa altxatuta jarraitzen duela; dagoeneko, noski, beti zerura begira duen besoa guztiz atrofiatuta du, hezur-azal huts bihurtuta. Eskuko hatzak ere guztiz itsatsita ditu.

Amar Bharatik kontatzen duenez, hasieran oso mingarria izaten zen beretzat beti besoa altxatuta egotea, baina, gerora, behin muskulu guztiak galdu eta besoa atrofiatzean, mina desagertu zitzaion; are, egun jada ezin du besoa jaitsi. Jarraitzaile asko ditu Indian, eta jainko bat balitz bezala gurtzen dute. Gerora, beste sadhu batzuek bere bidea jarraitu dute eta besoa altxatuta bizi dira Bharati imitatuz. Chilam pipatik kalamua erretzen pasatzen du denbora, trishula beti altzoan duela. Kumbh Mela jaialdi erraldoian erraza da berarekin topo egitea naga sadhuen kanpalekuan.

Aghoriak: muturreko sekta nekro-kanibala

Sadhu guztiek irudi zelebrea badute ere, denen artean badira batzuk itxuragatik errazago ezagutu daitezkeenak: aghoriak. Aghori hitzak “ez-beldurgarria” esan nahi duen arren, irudi tetrikoa dute sekta honetako kideek, izan ere, hildakoen arropak jantzi eta giza-hezurrez osatutako koilareak eramaten dituzte zintzilik. Horrez gain, ezagunak dira nekrofagia eta kanibalismoa praktikatzen dutelako.

Varanasi inguruetan bizi dira, bertan baitute tenplua, eta Ganges ibaira botatzen diren erre gabeko hilotzen haragia jaten dute. Hori gutxi ez eta eskuetan giza buru-hezur edo kapala bat eramaten dute, guztia delako purua eta ederra, euren ustez. Kaskezur hori kaiku moduan erabiltzen dute ura eta edari alkoholdunak edateko, aghoriak baitira alkohola edaten duen sadhu bakarrak. Edo bakarrenetakoak.

Antzinako –eta gaur egun jada desagertua den– Indiako beste sekta batean dute jatorria: kapalika edo “garezur-gizonak”. Giza sakrifizioak egiten omen zituzten antzinatean. Giza haragia jateagatik eta praktikatzen dituzten beste erritu batzuengatik aghoriak begi txarrez ikusten dituzte gainontzeko hinduek, baina badituzte jarraitzaile gutxi batzuk. Duten ospe txarraren adierazle da Kumbh Mela bezalako jaialdietan sarrera debekatuta dutela. Aghoriek hildako materia egoeraz aldatzen dela uste dute, ez dela desagertzen, eta, beraz, dena dela sakratua eta ezer ez profanoa; horregatik jaten dute hildakoen haragia.

Shiva jainkoaren abatar edo berraragiztatze beldurgarria den Shiva Bhairava agermenaren jarraitzaile dira eta hamabi urteko prestakuntza behar dute guru baten eskuetan aghor kultua aurrera eraman ahal izateko.

Diotenez, sexu praktikak saihesten dituzte energia espirituala indartu asmoz; aldiz, era berean, bada hildakoekin sexua praktikatu izan duenik ere. Baita bere pisa edan eta kaka jatera iritsi denik ere. Batzuek hori diote, behintzat. Varanasin bertan aghoriak aurkitzeko, txalupari batekin adostu eta Ganges ibaia zeharkatzea da biderik egokiena. Hori bai, ez dira oso irekiak kanpotarrekin.

Sadhuen fenomeno kurioso eta harrigarria, Indian ez ezik, Nepalen ere ikus daiteke. Hala eta guztiz ere, biak ala biak herrialde turistikoak izanik, asko dira sadhu janzkerak hartuta (aghoriak eta ez aghoriak) atzerritarren diruaren bila ibiltzen direnak. Hori dela eta, atzerritzarrontzat askotan zaila da bereiztea nor den benetako sadhua eta nor zentimo batzuk lortzeko helburuarekin gurekin argazkiak ateratzeko prest den “postaleko sadhua”.