Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Higashiyama, iragana gogoan

Kyotok tradiziozko Japoniaren odola du zainetan, eta Higashiyaman dago odol hori jariatzen duen bihotza. «Maiko»-ak, makillaje landu eta kimono koloretsuekin, egurrez estaliriko kalexketan dabiltza oraindik, «geisha» diskretuagoek beren duintasuna dotoreziaz paseatzen duten bitartean.

Tenplu budistek eta santutegi sintoistek bere horretan diraute Higashiyama-n.
Tenplu budistek eta santutegi sintoistek bere horretan diraute Higashiyama-n.

Tenplu budistek eta santutegi sintoistek bere horretan diraute Higashiyama-n, «no», «bunraku» eta «joruri» arte tradizionalekin elkarbizitzan. Bitartean, «shodo» denden erakusleihoen bestaldean zintzilik segitzen dute «kanjiak» marrazteko prest diren brotxa eta pintzelek.

–Ez, ez, ez eta hamaika aldiz ez! Ezinezkoa da, ez tematu! Ahantz ezazue ideia txoro hori!».
–«Baina idazkari jauna, Inperioaren bihotza da! Berau deuseztatzea kolpe mortala ematea litzateke bai soldaduen adoreari bai biztanleenari, eta...».
–«Ezetz esan dut! Japoniak hiri ugari ditu, aukera ezazue beste bat bonba madarikatu horiek botatzeko. Kyoto ezin da ukitu!».

Eta ez zuten ukitu.

Zinema irensten hazitakoa naizenez, batzuetan Hollywoodeko film batekoak diruditen elkarrizketak imajinatu ohi ditut. Egia esan, erabakia era horretan hartu zutela pentsatzea zaila egiten zait, baina berez Kyoto ez zuten ukitu, hori ez dago ukatzerik.

Aipatu dugun «jaun» hori Henry Lewis Stimson da, II. Mundu Gerran lehenik Franklin Delano Roosevelt presidente estatubatuarraren Gerra idazkaria izan zen eta bigarrenik Harry S. Trumanena. Eta bonbak Little Boy eta Fat Man ezagunak dira, B29 Enola Gay eta Bockscar hegazkinetatik jaurtitakoak, hurrenez hurren, Hiroshiman eta Nagasakin heriotza barreiatzeko.

Hasiera batean, Kyoto aukeratu zuten estatubatuarrek arma atomikoekin entseguak egiteko jomuga gisa, horiek Alamogordon Trinity proban detonatu berritan. Baina 1945eko uda hartan buruzagitzan zegoenetako bat Stimson zen, kale zahar haiekin eta bertako ondarearekin maiteminduta zegoena; izan ere, zenbait urte lehenago Kyoton egin zuen eztei-bidaia emaztearekin eta, beraz, ez zuen hiria inola ere bonbardatu nahi.

Hala, militarrei, politikariei eta zientzialariei aurre egin zien bere ezkonberritako lehen maite-kontutan ibili zeneko hiria babesteko. Erromantikoa gizona. Madama Butterflyren hiria hautatu zuten ordezko, Nagasaki hain zuzen.

«Geiko» eta «maiko»-en pausoei segika

Batzuek neurriz kanpokotzat joko dute hau, baina esango nuke Kyoto babestea suntsipenaren erdian zegoen Japoniaren salbazioa izan zela. 1.400 tenplu budista eta santutegi sintoista baino gehiagorekin, antzinako Heian, Meiji Berrezartzearen aurretik mendeetan Japoniako hiriburu izan zena, herrialdearen tradizioaren ikurra zen.

Hiri hau babestuta babestu ziren arkitektura eta artea, zeremonia eta liturgia sozialak, pentsamenduaren egitura, etiketa eta bere kosmogonia. Horrek guztiak –XIX. mendean hasitako aldaketak eta erabateko porrotaren trauma gorabehera– bihurtzen zuen eta bihurtzen du oraindik Japonia munduko herrialde bitxiena.

Japonia bere eraldaketa berrabiatzen ari zen, baina betiko Japoniaren bizi-fluxua Kyotoko kaleetan atzera eta aurrera zebilen, eta horren iturburua Higashiyama auzo enblematikoa zen. Zazpi hamarkada igaro direnean, Higashiyamak oso-osorik jarraitzen du; turistek ere, une oro presente dauden eta ulertzeko gai ez diren esentzien bila dabiltzan turista oldeek, ez dute hiri hau menderatzea lortu.

Kamo ibaiaren ekialdean hedatzen da egurrezko etxe baxuak, kalexka estuak, azoka koloretsuak, museoak, tenpluak eta parkeak dituen labirinto ordenatu hau. Hegoaldean, Gion auzoak jasotzen ditu begirada guztiak. Aisialeku izandakoak, lizunkoia baino sofistikatuagoa, oparoa baino itxiagoa izan zenak, gaur egun gauza xumeen proportzio eta sofistikazioa du ezaugarri.

Geikoak –hala izendatzen dituzte geishak Kyoton– “arteak praktikatzen dituzten pertsonak”, ohiko paisaiaren parte dira; baina maikoek erakartzen dituzte begirada gehien, geisha izateko ikasten ari direnek. Aurpegia zurizuri makillatuta eramaten dute, ezpainetako gorri-gorria, moño eta apain-orraziekin atonduriko orrazkera landua  eta kimono deigarria.
anami-koji delakoan ibili eta Higashioji-dorin paseatu  ondoren, paisaia garbi-garbia topatuko dugu Ninen-zaka eta Sannen-zaka kaleen artean, dotote-dotore zaharberrituak eta perfektuak beren minimalismo klasizistan. Horietan denbora eteten da, Nishikawa Sukenobu-ren eskutik oroitzapenak ukiyo-e, hots, “mundu iragankorreko irudi” berriak inspira ditzan.

Ordu batzuk lehenago Kannon-en, errukiaren jainko saren, 1.001 estatuak ikusi ditugu Sanjusangen-do tenpluan. Baina orain gure helmuga Kiyomizu-dera jendetsua da, Otowa-no-taki ur-jauziko ura edanez osasuna hobetu eta bizitza luzatu nahi dutenen toki kutuna, bai eta maitasun kontuetan zorte bila Jishu santutegiko bi harrien artetik itsumustuka igarotzen direnena ere.

Tenplu gehiagoren bila, Maruyama parkean barneratu gara, brisaren doinu gozoa adituz. Tamalez, ez gaude hanami garaian, baina hala ere Shidare-zakura zuhaitza agurtu dugu, loraldi garaian hiriko gereziondo famatu honen ikuskizuna irudikatuz.

Liluratuta gaude Yasaka santutegiko zalapartaren eta Shoren tenpluko kontenplaziorako gonbidapenaren arteko kontrastearekin. Baina, batez ere, Chion tenpluko zoko-mokoak ikusten tematu gara. Jodo eskola budistak kudeatzen du eta herrialde osoan jende gehien biltzen duenetako bat da. Bere atea, San-mon delakoa, eta kanpaia Japoniako handienak dira, eta bere eraikinek XVII. mendeko forma arkitektonikoak gogorarazten dizkigute.

Ezagutza, arte gisa

Higashiyamako iparraldean bi tenpluren arteko xendra nabarmentzen da. Horietako lehena Eiknan-do delakoa da; bertan udazkena mirari bihurtzen da zuhaitzen okre eta gorri koloreko hostoen artean eta Mikaeri Amida Nyorai-k, bere Amida Budak, atzera begira dagoela egin digu ongi etorri.

Bigarren tenplua Honen-in lasai eta bakartia da; bertako hilerrian sartu eta geldialdia egin dugu Junichiro Tanizakiren hilobiaren ondoan, “Itzalaren gorazarrea” (“El elogio de la sombra”) saiakera lanaren paragrafo batzuk irakurtzeko eta edertasunaz haraindi doan guztia bistaratzeko.

Bi tenpluok batzeko Tetsugaku-no-Michi, alegia, Filosofiaren Bidea, zeharkatu behar dugu. Atsegin dugu Kitaro Nishidaren paseoak errepikatzen ari garela pentsatzea. Filosofo japoniar horren izena du, hain zuzen, bideak.

Askotan galtzen omen zen hemen bere baitara bilduta, pentsamendu eta hausnarketa sakonetan. Baina guk ia ezin dugu pentsatu ere egin, soilik inguratzen gaituen basoaren tonuen kontrastea, freskotasuna eta lasaitasun ia erabatekoa xurgatu ditzakegu.

Honen-in-en iparraldean hiriko ikur batekin topo egin dugu; Ginkaku-ji xarmagarria dugu aurrean, “Zilarrezko Pabiloia”. Ez dakit zer duen zehazki tenplu txiki honek gu liluratzeko. Akaso, bere planta fin eta dotorea izango da. Zuhaitz artean mozten den eta urmaelean islatzen den horizonaltasuna hausten duten lerro apur bat kurbatuak ditu.

Edo beharbada, bere nihon taien-a izango da gure liluraren arrazoia. Arrasteluarekin marrazturiko lorategi japoniarra da, zeinean hondarrean ageri diren ildaskek existentziaren eta hutsaren arteko oreka ezegonkorra markatzen duten.

Eikan-do-ren hegoaldera Konchi-in eta bere Kurriloaren eta Dortokaren Lorategia ditugu zain; shakkei, alegia, “paisaia mailegatu”-aren adibide bikaina da; inguruneko elementuak, hurbilak edo urrunekoak, zentzua duen agertoki batean integratzeko teknika da hori. Nanzen-eko santutegi multzoa geratzen zaigu ikusteke, zentzumenen gozagarri.

Bere akueduktu sendoa, Sanmom ate ikaragarria, Tigrearen Jauziko lorategi zen-a, XIV. mendeko Tenju-an tenplua (koi karpaz beteriko urmaela duena) eta Nanzen-ji Oku-no-in tenplu ezkutu, ia sekretua, ur-jauzien artean giro misteriotsua duena. Eta bagoaz, hanami garaian itzultzeko itxaropenez, Keage aldapako gereziondo loratuekin gozatzeko.