NAIZ

14 urte eta gero, Skakeitanek amaiera emango dio bere ibilbideari: «Asko maite gera»

Skakeitan taldeak azken bira batekin esango die agur eszenatokiei. Gaur, ‘112’ lana kaleratzearekin batera, eman dute agurraren berri. «Skakeitan badoa, bagoaz, baina urte hauetan zehar bizitako guztia elkarrekin ospatzeko beharra dugu. Oihu eta dantza».

«Bai, agur esatera gatoz». Horrela iragarri du Skakeitan taldeak bere ibilbidea amaitzear dagoela. Agur bai, «baina baikor eta irribarretsu, jada adostu baikenuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: "Asko maite gera"», adierazi dute sare sozialen bidez zabaldutako mezuan.

14 urte egin ditu talde gipuzkoarrak oholtza gainean. Bide horretan zazpi disko kaleratu dituzte eta han hemengo eszenatokiak zapaldu, Euskal Herriko txoko guztietatik hasi, Tokioraino iristeko. «Maitasun istorio bat izan dela argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia utziko duena», nabarmendu dute. «Izan ere, ilusioa eta laguntasuna izan dira, musikarekiko loturarekin batera, proiektu honen ardatz nagusiak. Eta hala moldatu gera, denboraren hariak bera ulertzeko eman digun mapan marrazki bat eginez, gure marrazkia», gehitu dute.

«Nola esan agur?» galderari erantzun nahi izan zioten, «bizitzaren ironietako bat». Eta agurra lerro hauen gainean entzun eta ikus daitekeen ‘112’ lanarekin lagundu dute. Eta dei bat egin diote jendarteari: «Emaiguzue dena. Guk berdina egingo dugu, zuentzat gure azkena. Skakeitan badoa, bagoaz, baina urte hauetan zehar bizitako guztia elkarrekin ospatzeko beharra dugu. Oihu eta dantza. Topo erdibidean».

Eta ospakizun horiek laster iragarriko dituzte, azken biraren datak jakitera ematearekin batera.