Juan Luis MUGERTZA

Slab City, basamortuko okupak

Kaliforniako hegoaldean, ikusteko moduko hiru leku daude: Big Morongo erreserba ornitologikoa, Salton Sea, eta Slab City. Lehenengoan, txoriak izan genituen lagun. Bigarrenean, gizakiak egindako kaltea etsai, eta hirugarrenean, koktelaren gazi-gozoak dastatzeko parada izan genuen.

Slab City-n “artelan” bereziak daude.
Slab City-n “artelan” bereziak daude. (Juan Luis MUGERTZA)

Los Angeles atzean utzi, eta Yucca Valley-ra joan gara. Trafiko eta bero oso handiak izan ditugu. Autoak 92 Fahrenheit gradu (34ºC) markatzen du. Aukeratutako motelak igerilekua du, eta ondo aprobetxatu dugu Big Morongo Canyon Preserve-ra joan aurretik, ordu beroetan plisti-plasta ibiltzeko. Arratsaldeko saioan, ez dugu behar beste denbora izan Josua Tree National Park-eko bazter batean dagoen eta ornitologoen artean oso ezaguna den erreserba txiki hori arakatzeko. Guztira, 48 espezie berri ikusi ditugu; usapal hegalzuria (Zenaida asiatica), fainopepla (Phainopepla nitens), musuhoria (Auriparus flaviceps) eta polioptila buztanbeltza (Polioptila melanura), besteak beste.

Itxura oso ona hartu diogu lekuari, jakinda hegazti berriak aurkitzea gero eta zailagoa izango dela. Hurrengo egunean, txorizale amerikar talde batekin izan gara Big Morongotik 200 metrora dagoen Covington izeneko parke txiki batean, eta oso espezie potoloa ikusi dugu: euli-txori gorria (Pyrocephalus rubinus). Asmoa egun-pasa egitea izan da, baina beroak eta txoriak ikusteko ordu txarrek motelera bueltatzera behartu gaituzte. Dena den, pozik.

Salton Sea lakura

Hurrengo egunean, ordubete eta laurden egin dugu autoan Arizona estatutik oso hurbil dagoen Kaliforniako lakurik handienera, Salton Sea-ra (Salton itsasoa), iristeko, eta oso gustura izan gara, aurreko egunean baino bero handiagoa egin arren: 101 Fahrenheit gradu (38ºC). Gezurra dirudi horrelako leku batean txoririk egotea, baina asko ikusi dugu: txori zezen amerikarra (Botaurus lentiginosus), zata txikia (Chordeiles acutipennis)...

Dena den, ezin utzi aipatu gabe gizakiak laku honetan egindako kaltea. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako hondamendi ekologikorik handiena bertan egin dute. XX. mendearen hasieran, inguruko ur-kanal batean ingeniaritza-akats batek eragindako uholdeak sortu zuen ur-masa erraldoi hau. Harrezkeroztik, ondoko Coachella eta Inperial bailaretako nekazaritza-ustiategiek hamarkada askotan isuritako gazitasun handiko urek lur barneko itsaso kirasdun handia bihurtu du lakua.

Hasiera batean, laku bazterretan hildako arrainek usaina zabaldu zuten, eta euliak agertzen hasi ziren. Gero, arrantza egitera edota patxada ederrean bizitzera etorritako jendeak, poliki-poliki, alde egin zuen. Hori dela eta, egun, lakuaren inguruan egoera txarrean dauden etxe asko utzita ikusten dira, eta horrelako batean bizi da Jesus Sanchez.

Dagoeneko 15 urte pasatu dira, baina oso ondo gogoratzen du etxea saldutakoak zer esan zion: «Lasai egon. Egoera honek inoiz hobera egingo du». Hemen bizi diren gehienak hispanoak dira, eta nekazaritzan dihardute. Etsipenak jo aurretik, egoerari eustea dute irtenbide bakarra. Adituek ahaleginak egin dituzte agintariekin lakuaren egoera hobera ekartzeko. Haien ustez, horrek lagunduko luke nahiko pobrea den eskualde honetako bizilagunak hobeto bizitzen, oraindik hegaztientzat eta hegaztizaleentzat paradisua den lakua ez lehortzen eta, bide batez, migrazio-sasoian paduetara datozen ehunka espezieak babesten, baina...

Dena ez da dena birding

Salto Sea eta inguruko parajeak arakatzeko Westmorland herria izan dugu lotarako leku, eta hemen ere, hiru egunez, txoriak ikusten aritu gara. Halarik ere, Kalifornian egindako egunetan dena birding-a ez izateko, arratsalde bat erabili dugu Sonora basamortuaren erdian dagoen Slab City ikusteko (ordubete pasatxo autoz). Hori bai, aldez aurretik Americas Best Value moteleko neskatxoari galdetu diogu ea zer topatuko dugun horrenbesteko erreparoa ematen duen leku horretan.

Berak ere guk besteko erreparoa erakutsi badu, bete-betean asmatu dugu gerra-beteranoek, hippyek, eskaleek, toxikomanoek, erretiratuek eta bestelakoek okupatutako lurralde autogestionatu hau bisitatzen.

Estatu Batuetako indar armatuek erabili zuten leku hau Bigarren Mundu Gerran base militar bat eraikitzeko eta praktikak egiteko. Armadak 1956an alde egin zuen, eta egindako eraikinak suntsitu zituzten, hormigo≠izko zimenduak zutik utzi arren. Hippyen mugimenduaren sasoia zen ordukoa, eta bertan kanpatzera etorritako jende askok zimendu horiek baliatu zituen bizitzeko, bestelako bizimodu bat egiteko. Ingelesez zimendua “slab” esaten da. Hortik dator Slab City.

“Slabber”-en topaleku

Negu gorrian bertan ehunka lagun bizi badira ere, udan horietako asko iparraldera joaten dira, beroa jasanezina baita. Karabanetan, auto zaharretan edota txaboletan bizitzea aukeratu dutenei “slabber” esaten diete, eta, esan bezala, era guztietako jendea topa daiteke, baina gehienak bizitzeko dirulaguntza nahikorik ez dutenak edota bizitzeko leku alternatibo bat nahi dutenak dira. Leku honetan ez dago edateko urik, ez argindarrik, ez estolderiarik, ezta edozein herri edo hirik izan dezakeen ezer ere. Alabaina, autokarabana guztiek eguzki-panelak dituzte, eta erosketak egiteko Niland herrixkara joaten dira, hamabost bat kilometrora.

Legerik gabeko eremua dela esatea gehiegizkoa bada ere, legez kanpoko substantzien kontsumoa ez omen dago gaizki ikusia, nahiz eta batzuetan bertako polizia gora eta behera patruilatzen ikusten den. Gizarte konbentzionaletik kanpo Sonorako basamortuan bizitzearen eta zabor birziklatuaren aldeko hautua egin duten bertako bizilagunek bestelako funtzionamendua dute. Komunitate honen ezaugarri nagusia askatasuna da. Horrelaxe esan digu, behintzat, Vietnamgo gerran izandako Jamesek, bere karabanaren atarian garagardo bana hartzen ari ginela: «Amerikako azken leku aske bakarra da hau».

“Salvation Mountain”

Leonard Knight-ek egin zuen oso ezagun toki hau, “Salvation Mountain” izeneko artelan bitxiaren egileak. 1980an hasi zen mendixka hau egiten, lastoz eta adobez, eta kolorez eta jainkoaren aldeko mezuz beterik dago. Tontorrean gurutze handi bat du, eta azpian «God is love» (Jainkoa maitasuna da) idatzita.

Leonard 2014an hil zen adinekoen egoitza batean, bere obra bukatu gabe, baina artista askok ematen dio segida hark hasitako bideari. Menditik kilometro erdi ingurura, hondakin eta traste zaharrekin egindako hainbat artelan bildu dituzte East Jesus Art Garden izeneko aire libreko museo nahiko original batean. Toki hau Charlie Russell-ek egin zuen 2007an.

Dirudienez, bizitzaz, lanaz, eta kontsumismoaz nazkaturik, dena bertan behera uztea erabaki zuen, eta, zuen guztia hartuta, Slab City-ra joan zen bizitzera. Eramandako objektu guztiak lur-eremuan zabaldu zituen, eta orduantxe ekin zion bere arte esperimentalari: bi auto, hegazkin baten zatiak, telebistak… Hori eginda, Charliek East Jesus museo surrealista egitea lortu zuen, eta horrek eragin zuen, egun, artista askok ekimen horri indarra ematea.

Jamesek aipatu digu 2.000 pertsona baino gehiago aritu direla proiektuan. Guk, bitartean, bestelako gizartea irudikatzeko parada hartu dugu, munduko nazio kontsumistarik handienean kontsumismoari bizkarra eman dioten basamortuko okupen Slab City-n.