NAIZ

Martxan da euskal ingurune digitaleko emakume gazteei zuzendutako II. Gladys Saria

PuntuEus Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak Gladys Sariaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Lehiaketaren helburuak euskal ingurune digitaleko emakume gazteen lana errekonozitzea eta erreferente berriak sortzea dira, besteak beste.

Ezkerretik eskumara: Lorea Arakistain, Olatz Arbelaitz, Miren Elgarresta eta Iker Usabiaga.
Ezkerretik eskumara: Lorea Arakistain, Olatz Arbelaitz, Miren Elgarresta eta Iker Usabiaga. (Jon URBE | FOKU)

PuntuEus fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak Gladys sariaren bigarren edizioa jada abian dagoela iragarri dute asteazken honetan Donostian. Sariaren xedea euskal ingurune digitaleko neska gazteen ekarpena eta lana errekonozitzea da, baita erreferente berriak sortzea ere. Hori horrela, hautagaitzak ekainaren 20ra arte aurkeztu ahalko dira.

Euskal ingurune digitaleko «edozein arlotan» lan egiten duten emakume gazte euskaldunak aurkeztu daitezkeela jakinarazi dute antolatzaileek. Gogorarazi dutenez, «haien ibilbidea aitortu, proiekzioa sustatu eta mundu teknologikoan erreferente berriak sortzeko eta gazteenen artean STEAM bokazioak sustatzeko» anbizioz jaio zen saria iaz.

Ekimenaren aurkezpen ekitaldian Lorea Arakistainek, PuntuEus-eko marketin zuzendariak; Olatz Arbelaitzek, UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak; Miren Elgarrestak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak; eta Iker Usabiagak, Danobatgroup industria taldeko gestio sozialeko zuzendariak, hartu dute parte.

Lehenengo edizioan 23 hautagaitza aurkeztu ziren orotara, eta antolatzaileek uste dutenez, «iaz aurkeztutako proposamenek maila oso altua erakutsi zuten eta gelditzeko etorri den saria dela uste dugu».

Horrela, 2022ko Gladys Saria gehienez 40 urte beteko dituzten emakumeei zuzenduta dago. Gainera, hautagaitzak aurkezteko bi modu daudela jakinarazi dute: batetik, nork bere burua aurkeztea eta, bestetik, hirugarren batek hautagaia izendatzea.

Irabazleari 3.000 euroko saria eman eta bere ibilbidearen laburpen bideo bat grabatuko diote. Horretaz gain, antolatzaileekin adostutako ikasle gazteei hitzaldi «motibatzaileak» emango dizkie lehiaketaren sari banaketan.

Epaimahaiak aurreratu du bi irizpide nagusi baloratuko dituela: «Hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa eta orain arte izandako ibilbide profesionala».

Erreferente berriak

Arakistainek azaldu duenez, «ekimen honekin ez dugu nahi emakume teknologikoen lana saritzea soilik, neska gazteak esparru digitaletan sar daitezen ere sustatu nahi dugu, eta horrela euskal erreferente berriak sortu».

Ildo beretik, Arbelaitzek gehitu du, azken urteetan, informatika eta teknologiekin lotutako ikasketetara gerturatzen den emakume kopuru «txikiak», zeina urte askotan «% 15aren azpitik» egon den, «eragin zuzena» duela etorkizunean esparru digitalean arituko diren emakumeen kopuruan eta «emakume horiek gizarteari egingo dioten ekarpenean».

Iazko irabazlea Ane Iturzaeta ingeniari informatiko eta administrari donostiarra izan zen.