NAIZ
DONOSTIA

Sonakay taldeak bere lan berriaren aurrerapena aurkeztu du, ‘Heroiak’

Sonakay talde donostiarrak prestatu duen disko berriaren lehen kantua aurreratu du, ‘Heroiak’, David Bowieren ‘Heroes’ kantuaren bertsioa. Moldaketa berezi honen euskarazko hitzak Harkaitz Cano idazlearenak dira, eta dagoeneko entzungai dago plataforma digitaletan.

Hirugarren estudioko lana argitaratzear dagoenean, Sonakay taldeak disko berriaren lehen aurkezpen-kantua kaleratu berri du. Hain zuzen ere, David Bowieren abesti ezagunaren euskarazko bertsio bat egiten ausartu da taldea, eta moldaketa berezi honen euskarazko hitzak Harkaitz Cano idazlearenak dira.

Dagoeneko guztien eskura dago kantu berria plataforma digitaletan. Taldeak flamenkoa euskaraz egiteko duen trebetasuna erakutsi du berriro oraingo honetan, gainera, klasiko handietako baten bertsio bat osatuz.

Aurrerapen single honen ondoren, Sonakay-k ‘Suerte’ izeneko hirugarren diskoa kaleratuko du datorren ekainaren 8an.

Lan berriak zortzi abesti gehiago izango ditu, eta horien artean izango da baita ere Luis Eduardo Auteren ‘Al alba’ kantuaren bertsioa. Kantu originalen artean, berriz, Iker Laurobaren abesti bat ere izango da; beste guztiak taldeko abeslaria den Yoni Camachorenak dira.

Diskoa Oiartzungo Mecca Recording Studios-en grabatua izan da martxoaren hasieran, eta Jaime Stinus ekoizleaz gain, goi mailako musikarien parte-hartzea izan du taldeak album honetan; hala nola, Iñaki Salvador (pianoa), Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua), Luis Moreno ‘Pirata’ (haizeak), Bixente Martinez eta Jaime Stinus (gitarrak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalaparta).

Euskal-flamenko taldeak euskaraz eta gazteleraz abesten jarraitzen du lan honetan ere, baina disko hau «nolabaiteko inflexio-puntu bat» izango dela adierazi dute kideek, haien ibilbidean «jauzi kualitatibo handi bat» eman baitute.

Une honetan taldea buru belarri dabil zuzeneko berriak prestatzen, eta dagoeneko baieztatu dituzte emanaldiak Sestaon (ekainak 26), Irunen (abuztuak 26) eta Elorrion (irailak 4).