Sufrimendua eta heriotza ardatz Mainlander taldearen estreinako diskoan

Azpeitiko taldeak debuteko lana atera eta etxean aurkeztu du duela gutxi. Hard rockaren kutsua duten zazpi abestiz osatzen da albuma eta barruan duen guztia kontatzen izan da Mikel Alberdi taldeko abeslaria MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Sufrimendua eta heriotza ardatz Mainlander taldearen estreinako diskoan

Loading player...
Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuten lehen diskoa Mainlander taldekoek.
Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuten lehen diskoa Mainlander taldekoek. (KulturAZ)

Sufrimenduaren bueltan eta hainbat istorio pertsonali forma emanaz, zazpi kantu osatu ditu Mainlander talde azpeitiarrak beren debuteko disko homonimorako. Ibilbide luzeko musikariek osatzen dute taldea, nahiz eta hasiberriaren ilusioarekin dauden.

Taldearen izenak berak zerbait iradoki dezake hasieratik, izan ere Philipp Mainlander pentsalari alemaniarraren izena hartu dute horretarako. Hard rockaren eta rockeko beste hainbat estiloren eraginak ditu taldearen disko honek eta hitzetan heriotzaren eta sufrimenduaren aipamena behin eta berriz agertzen da, tartean, ‘Requiem’ bat eta guzti, nahiz eta kutsu alaiarekin egin duten azken hori.

‘The Godfather’ pelikulako soinu bandari keinu bat, Pink Floyd taldearen ‘The Wall’ abestiari beste bat, Shakespearen ‘Hamlet’ obrari aipamen zuzena eta obra horretatik eratorritako John Everett Millaisen koadroa libretoan… Klasiko ugariren zertzeladak bildu dituzte Mainlanderrekoek bere abestien bueltan.

Armenian 1915ean gertatutako genozidioari ere kantu bat eskaini diote, ‘Ararat’. Lehen Mundu Gerraren aitzakian Turkiak Armeniar herrian egindako sarraskia izan dute gogoan, askotan isilarazia izan dena. 

Mikel Alberdi, Josu Azkune, Imanol Beobide, Balta Etxeberria eta Aitor Huergo dira Mainlander osatzen dutenak eta lehendabiziko kontzertua Azpeitiko Sanagustinen eskaini zuten. Oso pozik geratu ziren egindakoarekin, baina ziur gehiagorako gogoz ere badirela. 

Entzun goian duzuen elkarrizketa, eta ulertuko duzue Mikel Alberdiren esanekin zer nolako lana dagoen Mainlanderren estreinakoaren atzean.