Jon Garmendia

EHZ, Euskal Herriko jaialdirik askeena eta parekideena

Beste arrazoi sendo bat eskaintzen ari zaio EHZ parekidetasunaren ekinbideari, feminismoaren uholdeari lagunduz, eraso eta bortxak baztertuz, LGTBI mugimenduari ahotsa emanez. Aro ederrak lagunduta milaka gazte Euskal Herriko jaialdirik zaharrenean.

Irisarri herrian atzo hartutako hainbat irudi, EHZ jaialdiaren bigarren egunean.
Irisarri herrian atzo hartutako hainbat irudi, EHZ jaialdiaren bigarren egunean. (Patxi BELTZAIZ MEDIABASK)

Eguzkiak ez dio nehori itxaroten, ez du esnatzeko ahaleginik egin behar, eta atzo indartsu agertu zen Irisarrin, Nafarroa Behereko herri ttipian, goiztiar. Lehen kontzertu gaua ospatu zutenei oihal-etxetik atera eta programazioarekin jarraitu beharra dagoela iradokitzeko agian, altxatzea gehiago kostako zitzaielako haiei. Errobi ibaiaren bidean, Arberoa eskualdean, Maltako Enkomiendaren Ospitale historikoa distiratsu ageri zen atzo bederatziak aldera; han mahai inguruak prestatzen zebiltzan antolatzaile gazteak. Art’Zain jatetxearen ondoan gosaria zerbitzatzen beste batzuk, eta gauari oraino amaierarik eman ez zion dozena bat lagun kantuz karrikan, euskaraz. Antolakuntza eta festa, aro eta giro ona, EHZ jaialdiaren ezaugarri gisa.

Garaian, ezagunak ziren Irisarriko kabalkada eta toberak, jendetsuak, Bigarren Mundu Gerraren atarian desagertu arte. Batera egin izan badira ere, kabalkada eta tobera ez dira gauza bera, jaka eta txapel gorriz jantzitako zaldizkoen desfilea da lehena, banderak daramatzate, ikurrina eta nafar bandera, arrano beltza, edo herriko enblema; zaldizkoen gibeletik zapurrak, bolantak, ziganteak, makilariak, herriko jaun-andereak joaten dira, eta bukaeran zirtzilak eta zozokerien egileak. Toberak, aldiz, gazteek antolatzen zituzten antzina, herriko gertakari baten karietara, eta tobera horietan kritika, umorea, kantuak eta dantzak elkartzen ziren. Garaiko moralaren aurkako gaiak izaten ziren, antzezpen satirikoak, zigor kolektiboak.

Nolanahi ere, Irisarrin egin zen azken kabalkada-tobera tradizionala 1937an izan zen, emakumeek ezin zuten parte hartu han, eta antzezpenean agertu ziren bakarrak mozorrotutako gizonak ziren. Eztabaida sortu omen zuen, ukitzen ziren gaiengatik, emaztea jotzen zuen gizonarena bat; jendetza hurbildu zen ikustera orduan, zuhaitz gainetan igota anitz, eta bukaeran elkarri mutur joka bukatu omen zuten ikusle eta antzezleek.

Mende bat geroago

Ia 100 urte geroago gauzak aldatzen ari direla erakutsi zuen Irisarrik atzo, Ospitalean goizeko hamaiketan hasi zen lehen mahai inguruarekin adibidez; “Emazteak laborantzan” lemapean, Andere Nahia. EPEP (Ensemble Pour une Egalité Paysanne) elkarteak proposatuta.

Elkarteko lehendakari izandako Marie Pierre Arrietak gidatu zuen aurkezpena, gonbidatu gisa bost emakume. Herriest Denise, Duzunaritzekoa, udan Iratin aritzen dena artzain, bortuan, 200 ardi buru-beltzeko tropa gidatuz. Camille Capdeville, Urepelen instalatzen ari dena. Pauline Texier Urepele bertan ardi buru-beltz eta gorriak dituena, baina etxalderik gabe, beraz, mendian bizi dena ardiak zainduz. Gabi Luro, Gamartekoa, bere semearekin batera ari dena langintzan neketsu horretan, eta Nadia Ansolabehere Anhauzekoa, duela zortzi urte bere ottoren segida hartuz 200 ardi modu ekologikoan gidatzen dituena.

Denek bat egin zuten «nagusiki gizonena eta biziki matxista» den mundu bati buruz hitz egitera etorriak zirela, «etxalde bati buruz hitz egitean emakumea bigarren mailan gelditzen» zela beti, emakumeak «lan zail anitzak egiteko ezgauza balira bezala». Aldaketa izpi batzuk sentitzen direla ere esan zuten, pixkanaka «emakumeak beren bidea egiten» ari direla azpimarratuz; heien artean «elkartu, nolako antzekotasunak ditugun ohartu, eta babesa eskainiaz aurrera» egiteko bidea atzemateko enbeia erakutsi zuten.

Andere Nahiak «21 urte» bete dituela agertu zuen Mari Pierre Arrietak bestalde, hastapenean «bost baino ez ginen, eta gaur egun hiru langile daude Itsasun, coworking espazio bat dugu, entrepresa muntatu nahi duten emakumeak laguntzen ditugu, eskola, kolegio eta lizeoetan sentsibilizazio ikastaldiak egiten ditugu, anitz hedatu gara. Ez ginen feministak, baina duela 12 bat urte horren beharra ikusi genuen eta, geroztik feminismoa ardatz harturik, eraginkortasun handi samarra duen elkartea garela erranen nuke».

Mahai ingurua bukatzean bertsotan atzeman genituen plazan Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Beñat Gaztelumendi, musikarien laguntzarekin umorea eta arrazoiak nahasiz ikusleen gozagarri.

Imanol Miner LGTBI askapen mugimenduko kidea elkarrizketatu genuen han. «Arrosako zolara etorri ginen 1996an, estreinara, eta berrasmatzen eta bere garaira egokitzen jakin duen jaialdia dela azpimarratuko nuke. Edozein etortzen da orain eta punta-puntako jaialdi bat aurkituko dut hemen, zaborren kudeaketa ikuspegitik, langile boluntarioen antolaketa autoeraketatik, espazioaren erabilpenetik... Izan ere, ez da megamasiboa; ekimen pribatuko makrojaialdi asko sortzen ikusi ditugu, eta jai eredu honek desberdintasun handia du denekin».

LGTBI ikuspegitik eboluziorik ukan duen galdegin genion orduan: «Aldaketa handia egon da, gaia ez zen esplizitatzen, maritxuak eta lesbianak han geunden eta harremanak gertatzen ziren, baina modu diskretuago edo ezkutukoagoan, gaiaz hitz egiteko espazioa zen, elkartzeko, harremantzeko, jendeak entzun zezan, sexu askapenaren garrantziaz ohartzeko. Plaza politikoa izan da, tailerrak landu dira, eztabaidak, laugarren olatu feministarekin kointziditu du eta horrek lagundu du LGTBI gaia erdigunera ekartzeko. Irisarrira iritsi bezain laster hainbat ahizpa kuadrillarekin egin genuen topo naturaltasunez, modu antolatuan etortzen dira maritxuak, ezkutatu beharrik gabe, lekua daukagu eta ageri da, nahiz eta oraindik heteroarauak eta heteropatriarkatuak agintzen duela jakitun garen eta gaueko ordu txikitan adibidez arazoren bat gerta daitekeen».

Horri lotuta Julen Oillarburu komunikazio arduradunak adierazi zigun «EKB taldeak dauzkagu hemen, Erasoen Kontrako Brigadak, eta azpimarratu nahi dugu biziki giro onean doala jaialdia. Kanpalekuak beteta, aro ederra eta jendea festan, uros gara. Pinar Selek errefuxiatu turkiar feminista errefuxiatuaren bisita ere izan dugu ezusteko gisa, hil arteko presondegi kondena ezarri berri diote, eta EHZn bere egoera esplikatu du, kurduen borrokaz hitz egin du… Une hunkigarria izan da». Bere osoan, jaialdia bezala.