Juan Luis Mugertza

Fuerteventura, ezohiko txorien atzetik

Fuerteventurako hondartzek eta eguzkiak turista asko erakarri arren, badaude bestelako udatiarrak, lepoan kataloxak eskegita, buruan hegazti arraroak eta bertako espezie endemikoak nahiago dituztenak. Klima-aldaketak eraginda, gero eta errazagoa da tropikoko eta basamortuko ezohiko txoriak ikustea.

Txori tropikal mokogorria, ‘Phaethon aethereus’.
Txori tropikal mokogorria, ‘Phaethon aethereus’. (Juan Luis MUGERTZA)

Fuerteventura Kanariar Uharteetako lekurik onenetakoa da hegaztiak ikusteko, interes ekoturistiko eta zientifiko handiko kokapena baita, non 300 bat espezie identifikatu diren. Ikus daitezkeen artean aipa behar dira Fuerteventuran baino ez dagoen paseriformea, hots, pitxartxar kanariarra (Saxicola dacotiae), bertan ‘caldereta’ izenez ere ezaguna, sai zuriaren subespezie kanariarra (Neophron percnopterus majorensis), Senegalgo usapala (Spilopelia senegalensis), txolarre iluna (Passer hispaniolensis), gailupa tronpetaria (Bucanetes githagineus), eta estepako mehatxatutako zenbait espezie: houbara basoiloa (Chlamydotis undulada fuertaventurae), hankarin saharianoa (Cursorius cursor), atalar arrunta (Burhinus oedicnemus distinctus) eta ganga azpibeltza (Pterocles orientalis orientalis).

Gero, badaude espezie batzuk alderraiak. Hegazti hauek noiz edo noiz heltzen dira bertara, batez ere, Ameriketatik edota Afrikako kostetatik. 2000. urteaz geroztik, Kanariar Uharteetako ekialdeko irletan (Fuerteventuran eta Lanzaroten), uroilo urdin afrikarra (Porphyrio alleni), amiltxori berunkara (Ixobrychus sturmii), Hodgson txirta (Anthus hodgsoni), eta txori tropikal mokogorria (Phaeton aethereus) ikusi dituzte, besteak beste. Bitxia bada ere, horrelako espezie alderrai hauentzat lekurik gogokoenak golf zelaiak eta hotel inguruetako lorategiak izaten dira.

Hegaztiak ikusteko lekurik onenak

Fuerteventurak 10 BBE (hegaztientzako babes bereziko eremu) ditu: Jandía, Matorral hondartza, Pozo Negro, Antiguako lautadak, Betancuria, Lajares eta Esquinzo, Vallebrón eta Corralejoko dunen parke naturala. Halarik ere, badaude beste batzuk, nahiz eta babestuta ez egon, txoriak ikusteko onak direnak: Tindayako lautadak, Majanicho inguruko hondar-pilak eta kostaldea, Tostón itsasargia, Los Molinos urtegia eta arroila, Río Cabras arroila, Lobos irlatxoa, Torre arroila, La Rosa del Taro, Las Peñitas urtegia, Carmen gatzagak, edota 2005. urtean SEO Birdlife-k babestutako El Jarde izeneko erreserba ornitologikoa. Hona hemen horietako batzuen gaineko zertzelada batzuk.

Corralejoko parke naturaleko dunak. (Juan Luis MUGERTZA)

Tindayako lautadak

Zalantzarik gabe hauxe da estepako hegaztiak behatzeko eremurik ospetsuena ornitologoen artean, batez ere, hankarina eta houbara basoiloa hurbiletik ikusi ahal izateko. Mortu hauek ipar-mendebaldean daude, Tindaya mendiaren ondoan. 400 metroko mendi hau sakratua zen Fuerteventurako aborigenentzat; gune magikoa, nolabait, eta bertan oin itxurako eta interes arkeologiko handiko aintzinako grabatuak daude. Asfaltaturik gabeko, baina egoera oneko pista batzuek zeharkatzen dituzte inguruko ordokiak; pista hauek autoz poliki gidatzeko eta arakatzeko modukoak dira. Apur bat iparralderantz abiatuta, El Cotillo ingurura eta Esquinzo arroilara hel daiteke, baina azken urteotako xendazaletasunak eta surf egiteko zoramenak, nabarmen murriztu dute hegaztien kopurua bi kokapen hauetan.

Río Cabras arroila

Txorizaleek askotan bisitatzen duten 16 km-ko arroila hau Puerto del Rosariotik Casillas del Angel-eraino heltzen da. Izan ere, oso erraza da pitxartxar kanariarra eta gailupa tronpetaria aurkitzea, baita sai zuria, Tagarote belatza, Senegalgo usapala, eta paita gorriztak ere. Hegaztiak erakartzen dituzten ur putzuak eta iturburuak daude ibilbidean. La Torre arroila ere hurbil dago, Caleta de Fustetik hegoaldera, eta bertan antzerako espezieak ikus daitezke, Las Peñitas arroilan bezala. Azken honek interes paisajistiko handia du; oso polita da, eta bereziki ona Senegalgo usapala ikusteko.

Majanicho inguruko hondar-pilak eta Toston itsasargia

Itsasargia irlaren ipar-ekialdeko muturrean dago, El Cotillotik 3 km-ra. Teleskopioa izanda, gabaiak eta itxasoko bestelako hegaztiak ikus ditzakegu bertatik, batez ere, apirilean eta irailean. Itsasargia eta Corralejo artean Majanichotik pasatzen den lur-pista bat dago, zein limikolengandik (kurlintak, txirritxoak, lertxuntxoak, kuliskak…) oso hurbil pasatzen den.

Lobos irlatxoa

Corralejotik 2 kilometrora Afrikatik hurbilen dagoen irla kanariarra da. Egunero irteten diren ferriak, ur-taxiak edota katamaranak 20 bat minutuan heltzen dira bertara. Irlan kaio hankahoriek eta gabai arreek egiten dute kabia. Horretaz aparte, txori askorik ez. Halarik ere, ferritik bestelako hegazti pelagikoak ere ikus daitezke: Bulwer petrela, zanga, gabai txikia, ekaitz-txoriak... Xendetasuna egiteko aukera polita dago, eta La Caldera mendira igo daiteke (ikuspegi ederra). Aintzinean, irlatxoan itsas-zakur fraideak bizi ziren; gaur egun, arrastorik ez. Hori bai, bertan egoteko denbora mugatua da; gehienez, lau ordu da. Beraz, aukeratu beharra dago: irlari oinez buelta osoa eman, edota baimendutako hondartzetan (el Puertito de Lobos, Playa de la Concha) bainatu.

El cercado del Jarde erreserba ornitologikoa

2005ean, Seo Birdlife-k Antigua inguruan, Los Alares eta Triquivijate artean dagoen 209 hektareako etxalde bat erosi zuen (780.000 euro) houbara basoiloa babesteko, eta hesitu egin zuen. Esan beharra dago hegaztiak bertatik bertara ikusteko aukera txikia dagoela. Alta, erreserbara heltzeko bidean, zortea lagun, bestelako estepako hegazti gehiago ikus ditzakegu: ganga azpibeltza, hankarina, atalarra, gailupa tronpetaria, txoriandre pispoleta, txirta kanariarra, eta ezkai-txinboa, hala nola.

Los Molinos urtegia, eta izen bereko arroila

Mendebaldean dago, Tefíatik hurbil. Agian, preziatuenetakoa txorizaleen artean. Paita gorriztak, sai zuriak, limikolak, baita paseriformeak eta lautadetako espezieak ere, oso ohikoak dira inguruetan. Urtegiko bidexka batetik arroilara heltzen da, eta arroilari jarraituz Los Molinos izeneko hondartzara (4,6 km). Sasoirik onena joateko otsaila-maiatza eta iraila-azaroa da. Los Molinosen dagoen txoririk ugariena uroiloa da, eta Fuerteventuran espezie hau urte osoan ikus daitekeen leku bakarra da eremu hau.

Hegazti batzuen xehetasunak

Hankarina: Paraje erdibasamortuetan egoten den limikola da. Bertakoek ‘engaña muchachos’ esaten diote. Izan ere, geldirik baldin badago oso ondo mimetizatu egiten da, eta oso zaila da ikustea. Sarri askotan talde txikitan egoten da. Bere burua arriskuan ikustean bakarrik egiten du hegan, baina hegaldi laburra egin ostean, korrika aritzen da.

Hankarin sahararra, ‘Cursorius cursor’. (Juan Luis MUGERTZA)

Houbara basoiloa: Penintsulako basoilo handia baino txikiagoa da. Houbara Fuerteventurako sinbolo naturala da, eta Espainian mehatxatutako zerrendan dago, 800 ale baino ez daude-eta. Mehatxu-faktorerik handienak parke eolikoak, golf-zelaiak, errepide berriak, urbanizazioak… dira, ahaztu gabe gizakiok sortzen dugun kaltea. Ehiza ilegalek eta arrautzen bilketek Fuerteventurako zenbait lekutan houbara basoiloa desagertzea ekarri dute.

Houbara basoiloa, ‘Chlamydotis undulata’. (Juan Luis MUGERTZA)

Pitxartxar kanariarra: Fuerteventurako espezie endemikoa da, eta arriskuan dago. Txori intsektiboro honi gune harritsuak eta arroilak gustatzen zaizkio. Espezie honetako helduak sedentarioak dira urte osoan. Kabiak lurrean egiten dituzte, harkaitzen eta zuhaisken azpian, edota paretetako arrakaletan.

Pitxartxar kanariarra, ‘Saxicola dacotiae’. (Juan Luis MUGERTZA)

Sai zuria. Fuerteventurako harrapari sarraskijale hau (irlako bakarra) Afrika, Europa eta Asiako sai zuriaren subespezie bat da. Era guztietako sarraskiak jaten ditu: intsektuak, zaborra, gorotza, hildako ahuntzak… Fuerteventura da munduko lekurik bakarrenetakoa, non sai-zuria sedentarioa den. Alabaina, negu partean, afrikar edota europar ale batzuk etortzen dira. Bertakoek guirrea esaten diote sai zuriari, eta amazigeraz edo berbereraz (jatorrizko izena: tamaziɣt) ‘jaurti objektuak’ esan nahi du.

Atalarra: Estepako txoria da, nahiz eta limikolen taldekoa izan. Fuerteventuran arrunta da, eta leku askotan ikusten da. Gauean gehiago mugitzen da egun argitan baino, eta bizitzaren zati handia lurrean ematen du, leku batetik bestera. Gutxitan egiten du hegan, eta bere hegaldia motela da. Oso zaratatsua da: bere karrankek eta txistu-hotsek uluak ematen dituzte. Txori tropikal mokogorria. 1994an ikusi omen zuten Fuerteventuran lehenengo aldiz, eta azken hamar urteotan bertan egin dute kabia. Arituen ustez, kolonizazio horren atzean klima aldaketak badu zer ikusirik. Txori eder honek dituen areriorik handienak katuak, arratoiak eta mairu-katagorriak dira.

Atalar arrunta, ‘Burhinus oedicnemus’. (Juan Luis MUGERTZA)

Gailupa tronpetaria: Buru handiko txoria da, arrosa kolorekoa, eta moko nahikoa sendoa du. Bere kantua oso berezia da, tronpeta baten soinuaren antzekoa; hortik bere izena. Txori honek ere, aurreko ia guztiek bezalaxe, paraje sikuak eta arroilak izaten ditu gogoko.

Hauek guztiak, Fuerteventurako hegaztien lagina baino ez dira. Izan ere, ezin da aipatu gabe utzi, uharteko espezierik ugariena, gehien eta errazen ikusiko duzuna: txolarre iluna. Txori honek irletan izen asko ditu: ‘pájaro palmero’, ‘cholín’, ‘chorlío’, ‘pájaro cagón’, ‘pollo’, ‘pozo’… Gurean ere ikusten da, baina ez da horren arrunta. Etxe-txolarrearen antza badu ere, txolarre ilunaren arrak eztarria eta paparra beltzagoak ditu.

Emandako informazioa nahikoa delakoan, ETORRI eta IKUSI.