NAIZ
Londres

Kontzertu hunkigarri batean omendu dute Taylor Hawkins bateria jolea Londresen

Bost hilabete igaro dira Taylor Hawkins Foo Fighters taldeko bateria hil zenetik eta hura omentzeko kontzertua egin da bart Londresen. Une hunkigarriena Shane, 16 urteko bere semea, oholtzara igo zenean heldu zen, aita zuenaren bateria jotzeko.

Dave Grohl Foo Fighters taldeko liderra Shane Taylor Hawkins zenaren semearekin.
Dave Grohl Foo Fighters taldeko liderra Shane Taylor Hawkins zenaren semearekin. (Consequence)

Izen handiez jositako kontzertua zen bart Londreseko Wembleyn estadioan eskaini zena, iragan martxoan Bogota hiriko hotel batean zendu zen Taylor Hawkins (Kalifornia, 1972) omentzeko. Foo Fighters taldeko bateria jolea hilik topatu zuten, Kolonbian bertan eman behar zuen kontzertu baterako ordu batzuk baino falta ez zirenean.

Heriotzaren zauria sendatzeke, The Pretenders, Stewart Copeland (The Police), Paul McCartney, John Paul Jones (Led Zeppelin), Brian Johnson (AC/DC), Foo Fighters bera, Liam Gallagher, Lars Ulrich (Metallica) eta Supergrass bezalako taldeak eta musikariek hartu zuten parte Londresen. Elton Johnek adibidez, mezua bidali zuen; beste hainbeste egin zuten Billie Eilish eta Red Hot Chili Peppersek.

Une hunkigarriena, ordea, eta geroztik munduari bira eman diona, Shane bere semea zenak hezurmamitu zuen. Hamasei urte besterik ez dituen arren, aita zuenaren bateriaren aurrean jarri eta ‘My Hero’ kantua interpretatu zuen Foo Fighters taldekideekin batera. Maisutasunez, grinaz, talentuz betea.

 

Foo Fighterseko kideek malkoei ezin eutsi eman zituzten zenbait une, eta adibidez ‘Times like these’ kantuaren interpretazioa gelditu behar izan zuen Dave Grohl liderrak. «Horrelako uneetan berriro maitatzen ikasten duzu», adierazi zuen.

Une batzuk lehenago, bandaren liderrak Hawkins «lagun, kide eta anaia» bezala deskribatu zuen. «Hemen gaude musika ospatzeko, bizitza, eta Taylorrengatik sentitzen dugun maitasuna. Badakit begira zaudela, eta entzuten gaituzula», esan zuen, bestetik, Lars Ulrich Metallica taldeko bateriak.

Wembley estadioan eskaini zena omenaldi kontzertuak segida izango du, hilaren 27an bertan beste bigarren emanaldi bat baitago iragarrita. Los Angeles hiriko The Kia Forum-en izango da eta besteak beste Alanis Morissettek eta Red Hot Chili Peppersek baieztatu dute parte hartuko dutela.