Xabier Izaga

Dazz Jazz jaialdiaren VII. edizioa, kalitateari eutsiz

Gaur goizean aurkeztu dituzte Dazz Jazz jaialdiaren VII. edizioan, urriaren 19tik 23ra bitartean, 20.00etan, Vital Fundazioa Kulturunean izango diren bost kontzertuak. Jaialdiak, ohi duenez, lehen mailako hainbat musikariri entzuteko aukera emango du.

Dazz Jazz jaialdiaren VII. edizioaren aurkezpena.
Dazz Jazz jaialdiaren VII. edizioaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dazz Jazz jaialdiaren VII. edizioak ez bide du inor harrituko. Izan ere, aurtengo kartelak ere kalitatea du ezaugarri nagusi. Gaur goizean aurkeztu dute Gasteizko Alde Zaharreko Dazz klubean Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua, Gasteizko Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Dazz Jazz Elkarteko presidente Beñat Lasagabasterrek.

Urriaren 19tik 23ra bitartean, 20.00etan, Vital Fundazioa Kulturunean (Bake kalea 5, Dendarabako 1. solariruan) maila handiko eta askotariko bost kontzertu entzuteko aukera izango dute jazza eta haren inguruko generoak maite dituztenek. Dazz Jazz Elkarteak Vital Fundazioarekin batera antolatuta eta Gasteizko Udalaren eta bertako zenbait enpresa txikiren laguntzarekin, sarrerak salgai ditu Musikaze online plataformaren bidez. Bost kontzertuetarako abonuak ere eskuragarri daude, eta horien kopurua mugatua denez, bakan batzuk baino ez dira gelditzen.

Kalitatea ez da aurtengo edizioaren nobedadea, beraz, sasoi aldaketa baizik, udatik udazkenera pasatu izana. Aurreko edizioak uztailean izan dira, baina Beñat Lasagabasterrek esan duenez, jazz eta beste mota batzuetako jaialdiak pilatzen dira sasoi horretan, bai Gasteizen, bai inguruan ere, hala nola Getxo eta Donostiako jazzaldiak, Azkena Rock eta BBK, besteak beste.

Nabarmentzeko moduko kartela

Ez da erraza aurtengo karteleko norbait nabarmentzea, kartel osoa baita nabarmentzeko modukoa. Hilaren 19an, asteazkenarekin, Leonor Watling eta Leo Sidranek Javi Peña Hirukotearekin joko dute; ostegunean, Iñaki Salvador&Chris Kasek; ostiralean, Jesse Davis Quartet-ek; larunbatean, Jorge Rossy, Bill McHenry&Masa Kamaguchik, eta igandean, Chano Dominlguez Quartet feat eta Flavio Boltrok emango diote amaiera jaialdiari.

Gainera, sorpresa bat ere badakar aurtengo edizioak. Asteartean, jaialdiaren bezperan, inaugurazio kontzertua egingo du Leo Sidranek Dazz Klubean. Bi emanaldi izango dira, bat abonua dutenentzat, doan, eta bestea, sarrera ordainduta. Aspadiko laguna dute Leo Sidran Dazzen, aurretik beste bitan izan baita bertan jotzen.

Dazz Jazz Elkartea Aiztogile kaleko Dazz klubean sortu zen duela sei urte, jazz musika eta gisako generoak sustatu eta, Beñaten hitzetan, «elitistatzat jotzen den hori kalera, jendartera ekartzeko. Jende umila hasi zen jazza egiten, eta jende arrunta jazzera hurbiltzeko asmoa genuen».

Gasteizen, Euskal Herrian eta nazioartean gero eta ezagunagoa da, erreferentzia bihurtzeraino, ez bakarrik jazza maite duen publikoarentzat, baizik eta baita musikarientzat beraientzat. Euskal Heriko eta mundu osoko lehen mailako musikariak igaro dira Aiztogile kaleko aretotik, maiz eurek eskatuta. Sei urteotan ia-ia astero antolatu izan dituzte kontzertuak, batzuetan aste berean bat baino gehiago, eta gero eta musikazale gehiagok hitzordu berezia dute Dazz Jazz jaialdia.

Arrakasta horren sekretua ez da sekretua, Lasagabasterrek iaz GAUR8-ri esan zionez: «etortzen direnak normalean irrikatzen daude bueltatzeko. Zerbait ematen dugu: batez ere akustika ona, soinu ona eta publikoaren eta artistaren arteko errespetua, musikarekiko errespetu handia, eta hori asko baloratzen dute artistek».