Testua: Ana Vega - Argazkiak: Gonzalo Azumendi

Thailandiako Andamango itsasoan barrena

Andamango itsasoko ur koloretsu eta lasaiek urpean igeri egitera edo nabigatzera gonbidatzen gaituzten bitartean, irletako biztanleen izaerak bertako gastronomia dastatzeko edo patxadaz bizitzeko deia egiten digu. Lau urtez sarrera mugaturik egon ostean, hau da leku xarmagarri hau bisitatzeko unea.

Bahtra Cruises-en ontzi tradizionala, Phangnga badiatik (Phuket, Thailandia). Gonzalo Azumendi
Bahtra Cruises-en ontzi tradizionala, Phangnga badiatik (Phuket, Thailandia). Gonzalo Azumendi

Dagoeneko ahaztu ditugu denok mundu osoa erabat geldiarazi zenean sare sozialen bidez zabaldu ziren bideo biral haiek. Egun haietan abantaila bakarra sumatu ahal izan genuen, alegia, naturak eraberritzeko duen indarrak eragindako zirrara; baita norbera barne-barnetik eraberritzeko aukerak ere, nahiz eta hori agian zalantzagarriagoa izan. Nolanahi ere, atsedenaldi horrek onura besterik ez dio ekarri Andamango itsasoari, Thailandiako leku berezi honi.

Inguruan dena da urdin, urdin argi eta turkesa kolore, berdetasun oparoko uharteen erdian. Kareharrizko mogoteek ozeanoaren monotonia urratzen dute. Izaera berezia ematen dio horrek, egundoko labirintoak sortzen baitira horrela. Long tail motako itsasontzietan edo sampan (txinatar ontzia, ihiz egina) zoragarri batean barneratu zaitezke bertan; edo zergatik ez, motordun txalupa azkar batekin sigi-saga ibili, film batekoa dirudien agertoki honetan, harkaitz puska horiek saihestuz, 007 agenteak bezala, Koh Tapu uhartera iritsi arte. Monolito hori ospetsu egin zen mundu osoan 1974. urtean "The Man with the Golden Gun" filmean agertu ondoren. Gaur egun James Bonden uhartea ere deitzen diote; hainbesterainoko ospea eman zion. Horixe da, hain zuzen, Phang Nga badian egin daitezkeen txangoen artean arrakastatsuetan arrakastatsuena.

Harkaitz puska horien artean nabigatzen jarraitu dugu, zein baino zein ikusgarriagoa eta iradokitzaileagoa. Koh Panyira iritsi gara. Arrantzale herri musulman hori itsasoaren gainean hedatzen da, sorburu duen harrizko domo erraldoiaren oinetan dagoen lurzati txikia kolonizatu ondoren. Kale eta etxeen segidak plataforma itzel bat osatzen du uraren gainean, itsasoaren esanetara.

Arrantzale herri musulmana, Ko Panyi azpibarrutian, Phang Nga probintzian, Thailandian.

Ezaguna da bertako futbol zelai flotagarriaren istorioa. Hain zuzen, uharte honetan bizimodua oso xumea da, distrakzio handirik gabea. Munduko futbol txapelketak irrika handiz ikusten zituzten bertako neska-mutilek, eta egunen batean Maradona bezalakoak izatearekin amets egiten hasi ziren. Hala ekion zioten uhartean aurkitzen zituzten ohol zati eta iltze galdu guztiak biltzeari, eta txabolatxo bat eraiki nahi duenaren gisa berean, futbol zelaia eraiki zuten uraren gainean, herriko helduak zur eta lur utzita. Baloiak uretara erortzen ziren eta askotan berreskuratzea nekeza izaten zenez, lan hori saihestearren esferikoa maisutasunez kontrolatzen ikasi zuten. Lehenengoz txapelketa batera aurkeztu zirenean, finalaren atarian geratu ziren. Harrezkero, jubenil mailako hainbat txapelketa irabazi dituzte. Hori ikusita, komunitate guztia buru-belarri aritu da beste futbol zelai flotagarri bat eraikitzen. Mundu zabalean ez dago halako besterik.

Hata Kat hondartza, Phuketen.

Itsaso zirraragarri honetako uretan nabigatzen jarraitu aurretik, komeni zaigu abiapuntura itzultzea: Phuket uharte erraldoia. Zubi batek lotzen du penintsulara, baina, horrez gain, nazioarteko aireportu bat dauka, mugimendu handikoa. Phuket izen bereko hiriburutik gertu, era guztietako toki erakargarriak daude. Egonaldi ahaztezina egin nahian dabilenak desira izan dezakeen oro biltzen da haren inguruan, hala nola Kata, Karin edo Kamala hondartza tropikalak, zoragarriak, dela etzaulki bat alokatzeko, dela urpekaritza ikastaro bat edo stand-up paddle egiteko edo eguzkitan egoteko patxada ederrean, koko ura edanez, edo beste nolanahiko koktel bat hippy giro etxekoia duten txiringitoetan edo glamour eta abangoardia darien besteetan. Uhartean barrena ezin konta ahala txango egin daitezke, bai ur-jauzi miragarrietara bai mendi muino garaienean kokatutako Buda erraldoia ezagutzera, handik Andamango itsasoa bistaratzeko.

Phuket-eko alde zaharreko erdigunea da Thalang kalea. Etxe sino-portugaldarrak (Peranakan etxeak, txinatar barroko estilokoak), hotel, denda, kafetegi eta taberna gisa erabiltzen direnak, ohikoak dira hemen.

Hiriburuko alde zaharrean Thalang kalea dago. XIX. mendeko eraikin eta saltoki txinatar-portugesak nabarmentzen dira bertan, eta muralgile ezagunek berreskuratu dituzten horma zaharrak. Hori guztia aitzakiatzat hartu eta Unescoren gizateriaren ondare izendatzea proposatu zuten. Zur eta lur geratu ziren asko erabakiarekin, izendapena onartu baitzuten, baina zer izango eta, Unescoren helmuga gastronomiko gisa! Egia esan, Thailandiako sukaldaritza gustagarri eta harrigarria artearen mailara iristen da “Andamango perla” ezizenez ere ezagutzen den uharte honetan. Amu erakargarria benetan, eta ezin saihestuzkoa, gure jatetxe “izardunek” nahiz sukaldaritza tradizionalekoek bezainbesteko pasioarekin eta filosofia, ardura eta konpromiso berdintsuarekin sentitutakoa. Izan ere, thailandiarrei izugarri gustatzen zaie jatea, jaten disfrutatzea... Bidaia honetan, edozein bisita edo txango bezain atsegingarria izan da, edo gehiago. Afalostean, kopa hartzeko garaian, Patongen garito eta tabernek argitzen dute gaua, eskaintza eta tentazio sorta amaigabez gainezka, hemen deskribatu ere ezin dugun tamainan...

Patong-eko gaueko giroa (Phuket).

Ton Sai hondartza, Phi Phi irletan (Ko Phi Phi Don, Krabi probintzian).

Phuketeko portutik abiatzen dira Phi Phi uharteetara doazen ontziak. Eden paradisuaren agerpena balira bezala azaleratzen dira ozeanoaren erdian... Bidaiarientzat beti izan du erakarmen berezia hango bizimodu nareak, hango uren turkesa koloreak, baina 2000. urtean zein eta Leonardo DiCaprio lehorreratu zen bertan, hondartza perfektuaren bila. Hain zuzen, "The Beach" pelikula bertan filmatu zuten, Maya Beach hondartzan. Haren edertasunaren adierazle nahiko argigarria izan daiteke kultuzko film hori kokatzeko hareatza perfektutzat hautatu izana. Lehendik ere sobera ezaguna zen lekua, baina aurreikuspen guztiak gainditu zituen filmaren dei efektuak, eta jendea oldeka iritsi zen zinemak erakutsi zien paradisu hau bertatik bertara ezagutzera. Horiek horrela, hainbeste bisitarik eragindako kalteak konpondu eta parajea lehengoratzeko, Thailandiako Gobernuak bi urtez erabat ixtea erabaki zuen, eta berriro irekitzeko asmoa zuenean pandemia iritsi zen; hortaz, beste bi urte gehiago...

Maya badia, Phi Phi irletan (Ko Phi Phi Leh, Krabi probintzian).

Lau urteko itxialdiaren ostean, hauxe da uharteak bisitatzeko unerik aproposena, eta gainera, beste abantaila bat ere badago: nazioarteko turisten kopurua nahiko eskasa da eta thailandiar bisitariz inguratuta egotean, gozamena are handiagoa da, hain dira alaiak, irribarretsuak, koloretsuak. Zalantzarik gabe, hauxe da Phi Phi uharteetara joateko unea, bertako hondartzetan igeri egitera, urpekaritza egitera Pileh aintziran, non itsasoa fiordo batean bezala barneratzen den landaretzak estalitako labarretatik, edo mojito bat hartzera sandaliak eta pareoa soinean ditugula ilunabarra miresten dugun bitartean azken txalupa lehorreratzen den unean, hondartzan bertan afaritarako izango dugun arraina ekartzeko.

Phi Phi uharteetako portua Ton Say herrixkan dago. Dibertigarria, zaratatsua, jatetxe eta dendak dituena, banketxeak... Bertatik, motordun ontziak ematen duen zerbitzuan ordubete eskaseko bidaia eginda, penintsulara itzuli gara, Krabi probintziara. Chicken uharteen aurrean -oilo xelebre bat dirudielako dauka izen hori- Railay hondartza dago. Eskalatzaileen paradisua da; han ibiltzen dira kareharrizko hormetan gora eta behera tximinoekin lehian, ez katu oinik eta ez magnesiorik ez erabilita ere trebezian gailentzen zaizkien arren, zuhaitzetan gora igotzen behintzat. Giro motxileroa, zoragarria, dago, mundu guztia pozik, aldarte oneko, patuak zer dakarren ikusteko prest, bertakoek eguna joan eta eguna etorri muntatzen eta desmuntatzen dituzten postuetan etzan, jan edo edateko prest. Eskaintza sofistikatuagoa ere badago hareatzaren mugaraino hedatzen diren hoteletan. Nolanahi ere, paradisutik atera gabe, jakina. Bakarrik bidaiatzen dutenentzat, konektatzeko leku ezin hobea.

The Grotto jatetxea hondartzan, Rayavadee hotelean, Hat Phra Nang-en (Krabi).

Baina zinemako agertokiez ari ginenez, iparralderantz jarraitu dugu itsasertzetik, eta Hotel Phulay Bay Ritz Carlton aurkitu dugu, "The Hangover. Part II" filmatu zen lekua. Une aproposa da tarifa oso onak lortzeko luxuzko ostatuetan, leku gehiago daukatelako, oraindik ez baitute lortuko erabateko okupazioa. Oso gomendagarria da aukera hori ere, hotel hauek berez sekulako esperientzia baitira, ez dira soilik “eztei bidaietarako”. Hotel hau eta Thailandiako beste batzuek gosari epikoak eskaintzen dituzte, bai, baina are gehiago, badirudi azkenean maite zaituzten leku bat aurkitu duzula: gurina ematen dizute, zu zerbitzatzeko gogotsu daude, irribarretsu, jator... bene-benetako esperientzia, tentazioen zerrenda horretan.

Krabi hiria bisitatzea baino ez zaigu falta orain. Ontzian igo gara berriro, karramarro erraldoiaren eskulturatik Khao Khanabeko harkaitzen artean gurutzatzeko edo Ban Koh Klangeko artisau komunitatea bisitatzeko, non batik bat margotzen ikasiko dugun, edo artisautza lanak erosi edo plater tipiko eta zoragarri bat prestatu.

Nigth Food Market edo Janariaren Gaueko Azoka, Krabin.

Janariaz ari garenez, gaua iritsita, Night Food Market da agian esperientziarik gomendagarriena Thailandiari agur esateko, makina bat postutxo paratzen baitira kalean street food-a eskaintzeko: kaleko janaria, zur eta lur uzten duen aniztasun, kolore eta usainarekin. Gustagarrien dirudiena aukeratu besterik ez da egin behar, eta plazako mahaietan eseri... Zerbitzua ezin bizkorragoa izan, eta hain direnez jaki gozoak zaila da behin eta berriro ez altxatzea espezialitate gehiago probatzeko, eta bitartean agertokian musikariak, rap kantariak nahiz dantza tradizionalak txandakatuz doaz, baita kathoey ikuskizuna ere, afari oparo honi ukitu beroa emateko.

Bihar etxera itzuliko gara; telegarraiatzeko makinarik ez da oraingoz asmatu tamalez, gustura asko itzuliko baikinateke ostiralero afari hain xume eta aldi berean hain zoragarri hauetara.

 

GIDA PRAKTIKOA

Argibide gehiago

Thailandiako turismo web gunea: www.turismotailandes.com

Nola iritsi

Hegazkinez, Madril edo Bartzelonatik, Bangkok edo Phuketera, Qatar Airways eta Emirates konpainiekin.

Ostatua

Sala Phuket Mai hotela, Khao Beachen (Phuket), Andaman itsasoaren aurrean, igerilekuz hornitutako etxetxoak dituena.

Patong ondoan, hondartza eta igerilekuak dituen Rosewood Phuket hotela.

Zeavola Resort & Spa, Phi Phi Don uhartean, Laem Tong hondartzaren ondoan, munduko hotel jasangarririk onena izendatu dutena.

Phulay Bay, Ritz-Carlton Reserve, Krabin, luxu hutsa Andaman itsasoaren ertzean.

Non jan

Bib Gourmand sariarekin nabarmendu du Michelin gidak Phuketeko Baan Ar-Jor jatetxea. Irlan ere, Tu Kab Khao jatetxeak 2019tik erakusten du Michelin izar bat kolkoan.