Testua: Urtzi Urrutikoetxea Argazkiak: U.U. eta Getty

Washington udazken koloretan

Ameriketako Estatu Batuetako hiriburua bere museo eta monumentuengatik da ezaguna. Horiek garrantzitsuak izanda ere, hiriak baditu beste auzune eta parke interesgarri ugari; gutxik espero dute hainbeste berdegune eta baso dituen hiria izatea. Udazkenean gozatuko dugu gehien Washingtonez.

Kapitolioa, hiriko eta AEBetako gunerik esanguratsuenetakoa, udazken-koloretan. Getty Images
Kapitolioa, hiriko eta AEBetako gunerik esanguratsuenetakoa, udazken-koloretan. Getty Images

Etxe Zuria, Kapitolioa, George Washingtonen obeliskoa eta Lincolnen monumentua, National Mall-a eta Smithsonian Institution-eko museo interesgarri eta doakoak… Washingtonek metro gutxiko eremuan daukan eskaintza izugarria da. Potomac ibaiaren iparraldera, AEBko hiriburuak bere handitasuna maiestatikoki ageri du, txoko bakoitzean herrialdearen historiako pasarte esanguratsuak bilduz: ez dira gutxi beteranoen omenezko oroitarri militaristak, baina beste askok eskubide zibilen aldeko eta arrazismoaren aurkako borrokak dituzte gogoan, Martin Luther Kingek “I have a dream” (Amets bat daukat) esan zuen gune enblematikoa, esaterako.

National Mall AEBeko gunerik bisitatuenetakoa, George Washingtonen omenezko obeliskoa erdian duela.

Udazkeneko sasoi freskoagoan eta, batez ere, udaberriko gerezien loraldian etorri ohi da hirira bisitari gehien. Gainerako urtaroak ere ez dira kalterako; neguko elurteren batek bete-betean harrapatuz gero, adibidez, Smithsonianen doako museoetan orduak eta egunak eman litezke, AEBko historia ezagutuz, ondare afro-amerikarraren edo indigenen arrangura guneak bisitatuz, edo munduko artelanik garrantzitsuenak dituzten beste erakustokietan. Hiriko zooa ere, txikienekin doazenentzat kasu, dohainik da, Smithsonian Institution-en gainerako guneak bezalaxe. Museoetatik aparte dago, ordea, hiriaren mendebaldean, Washingtonen birikaren erdi-erdian, Rock Creek parkearen txoko batean (bertaraino iristen da metroa, edozelan ere).

Basoa hiriaren erdian

New Yorkeko Central Park erraldoi baina ordenatu eta laua irudikatuz datorrenak sekulako ustekabea hartu ohi du Rock Creek-ekin: parke izena dauka eta hala da, noski, baina baso erraldoi eta menditsua da. Oreinak, azeriak, kastoreak eta mota guztietako hegaztiak ikusi ditugu Rock Creek-eko paseoetan. Izen bereko ibaia doa parkearen erdi-erditik, Marylandeko lurraldeetatik sartu eta hiria ipar-hego zeharkatuz Potomaceraino. Ibaiaren bi aldeetan, ehunka bide asfaltatu, lurrezko bidexka eta bestelako bidezidorrak daude, eta ia une oro -baina asteburuetan bereziki- aurki daiteke jendea bizikletan, oinez, patinetan edo egun-pasa piknika egiten. Hiriko lekurik atseginenetakoa da, zalantzarik gabe, eta udazkeneko koloreek hartzen dutenean benetan merezi du orbelen arteko bidean txangoa egitea.

Rock Creeken mendebaldera, zoologikoaren paretik doan Connecticut Avenuetik joanda, hiriko auzune aberatsenetakoak daude, Marylandeko Bethesdaraino. Bertako jauregi eta etxalde dotoreen ibilbide interesgarria egin daiteke; udazkenean, gainera, Halloweeneko dekorazioek oso ukitu berezia ematen diete. Parkean behera joan ahala, basoa estutu egiten da, zooaren ingururaino; iparrerantz, berriz, hainbat kilometro zabal da. Hala, parkearen erdian planetarioa dago; hainbat ibilbide abiatzen dira bertatik, Boulder Bridge harrizko zubi ederreraino, esaterako. Bidean beherantz eginda, ibaiaren ertzetik Peirce Mill errotaraino iritsiko gara; asteburuetan doako bisitak egin ohi dituzte.

Bide osoan zehar, etxalde ederren bat edo beste ageri da basoaren alderen batean: asko enbaxadak edo enbaxadoreen etxeak dira. Embassy Row auzunean zeharreko txangoa, bestalde, hirira etortzen diren askok maite dute, munduko bazter guztietako ordezkaritzak bisita daitezke eta. Hegoafrikakoan, adibidez, Nelson Mandelaren estatua dago atarian.

Parkearen ekialdetik, 16. etorbidea zuzen-zuzenean doa Marylanderaino Etxe Zuritik abiatuta; bidean gurutzatzen dituen kaleak alfabetikoki ordenatuta daude, Dupont Circle, Logan Circle edo Adams Morgan moduko auzune bizietatik igaro ahala. K kalea lobbyen eremua izan zen behinola. Alfabetoan aurrera egin eta iparrerantz jota, U kalea da Washingtonen nortasun berezienetakoa gordetzen duen auzuneetako bat. “Broadway beltza” deitu zioten duela mende bat, gerra arteko urteetan; Duke Ellingtonen jazza entzuteko lekua zen, eta oraindik ere ia ezinbestean etorri beharreko lekua da, Ben’s Chili Bowl-en mokadu bat hartzera kasu, Barack Obamak egin zuen gisan. Ingurune osoan, muralak, jan-edateko lekuak eta giro atsegina aurkituko dugu, Busboys and Poets moduko taberna eta liburu-dendekin. 16.era itzuli eta mendebalderantz eginda, Adams Morgan eta Kaloramatik West End dator, behinola hiriaren mendebaldeko amaiera zelako, gaur egun leku dotore eta garestia izanda ere.

Georgetown zaharra

Rock Creeken inguruko parkea txikiagoa da hemen, baina bistan geratzen da beste aldean Washingtonetik oso apartean dirudien herri batera sartzen zarela: Georgetown hiria sortu zen lekua da. Edo, hobeto esanda, AEBko hiriburua egiteko hiri bat diseinatu aurretik egon zen portu-hiria da Georgetown. Potomac parean daukan parkea oso atsegina da, eta auzunea zeharkatzen duen K kalearen inguruan ia beti dabil jendea, erosketetan edo taberna edo jatetxeren batean. Baina benetako giroa, udazkeneko egunetan paseatzeko batez ere, gorago datozen kaleetan dago. Galtzada-harrizkoak dira horietako asko, eta inguruko etxeak zein baino zein ederragoak, kalabazak eta udagoieneko jantziak hartzen dituzten sasoiotan bereziki.

Potomac ibaiak bereizten du Washington Virginian dagoen Arlington hiritik, izen bereko hilerriaren parean. Georgetowndik Arlingtonera doan zubitik, baina, Roosevelt uhartera igaro daiteke. Rock Creeken antzera, baina Potomacen erdian, bidexkaz, basoz eta basabizitzaz beteriko gunea da, alde batean Kennedy Center gune artistikoa eta urrunago Georgetowneko unibertsitate dotorea ageri direla.

Washingtoneko auzuneek ere udazkeneko kolore berezia hartzen dute. Nortasun handienetakoen artean dago Georgetown, hiriaren sorrera baino zaharragoa den auzune dotorea.

Capitol Hill, asteburuetan jende asko erakarri ohi duen Eastern Market-ekin.

Potomac ibaiaren luzeran ibilbide asko daude, bizikletaz kilometro ugari egitekoak. Hala, Reagan aireportuaren aldamenetik joanda eta Alexandria hiria igarota, Mount Vernonerainoko bidea egin liteke, George Washingtonen lehen presidentearen etxalderaino. Ibaian behera dauden hirietara jo ordez ibaian gora eginda, berriz, naturak erabat harrapatzen zaitu: hiriburua utzitakoan eztanda egiten dute Virginia eta Marylandeko basoek udazkenean.

Oztopo natural bat zuten ontziek Potomac ibaian gora joateko, eta horretarako Chesapeake-Ohio kanala eraiki zuten. Egun, oinez zein bizikletaz egiteko bide paregabea da, baita neguko egun hotzetan kanal izoztuetan patinatzeko ere. Baina udazkenean bertan, Georgetown bizikletaz utzi eta ordubete ingurura, hogei kilometrora kanalaren aldamenetik joanda 18. uharteraino, Great Falls ur-jauzi ikusgarriak daude. Bizikletazko ibilbidean Maryland estatutik joan gara, baina ibaia bera muga izanik, Virginiatik ere bertaratu daiteke. Iparraldetik joanda, Olmstead irlarainoko zubia igaro eta ur-jauzia bertatik bertara ageri da. Ahal izanez gero, merezi du Virginia aldeko bisita ere egitea, nahiz eta, pasabide zuzenik ez dagoenez, ia atzera Washingtoneraino itzuli behar den. Baina Virginiatik Great Fallsera dauden begiralekuek erabat perspektiba desberdina daukate. Ibaiertz batean zein bestean, basoaren erdian eta ibaiaren ur-jauzien orroan, oso urrun dirudite AEB ekialdeko hiri handiek, baita Washingtongo monumentuek ere, egiaz hiriburua oso minutu gutxira izan arren.

GIDA PRAKTIKOA

Nola iritsi

Washington oso ondo dago komunikatuta, eta hegaldi asko iristen dira Europatik Dulles aireportura. Bilbotik Lufthansa, Air France/KLM, TAP eta Iberia dira konpainia ohikoenak, Madrilen, Parisen, Lisboan, Munichen edo Frankfurten eskala eginda. Denboralditik kanpo 400 eurotik beherako eskaintzak izan dira joan-etorrian, baina ohikoena 700-800 eurotik gora izatea da. AEBko ekialdeko txangoetan ere ezinbesteko geltokia da, trenez oso ondo dago komunikatuta, Baltimore, Filadelfia eta New York lotzen dituen trenbidean. Autobusak ere sarri-sarri daude.

Bertan ibili

Metro sare modernoa dauka Washingtonek, inguratzen dituen Maryland eta Virginia estatuetako aldirietaraino ere iristen dena (Bethesda, Arlington edo Alexandriara, esaterako). Paseatzeko ere oso hiri egokia da, eta bizikletaz ibiltzeko bideak geroz eta gehiago dira.

Ostatua

Hiri garestia da Washington, AEBko garestienetakoa. Gertaera bereziak daudenean, gai politikoengatik edo bestelakoengatik, hiriko hotelen prezioak izugarri garestitzen dira. Hala ere, hotel asko daude, bai erdigunean, bai inguruetan; sarritan azken horiek merkeagoak dira.