Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Salbazioaren gorazarrea», Lorelei taldearen ‘Ekografiak’ lana 25 urte eta gero

‘Ekografiak’ (Elkar) diskoa kaleratu du Lorelei taldeak, bere ibilbidea hasi zutenetik 25 urte pasa direnean. «Adiskidetasunaren eta salbazioaren gorazarretzat» jo du lan hau Asier Serranok, bolada txar batetik ateratzeko ukendua izan dela gaineratuz. Eta kontzertuetara bueltatzeko argumentua.

Asier Serrano eta Mikel Gorosabel, erdian Elkarreko Andres Camio «Jitu» dutela, Lorelei taldearen diskoa aurkezten.
Asier Serrano eta Mikel Gorosabel, erdian Elkarreko Andres Camio «Jitu» dutela, Lorelei taldearen diskoa aurkezten. (@MartxeloDiaz)

‘Ekografiak’ (Elkar) lanarekin bueltatu da Lorelei taldea, bere ibilbidea hasi zutenetik 25 urte bete direnean. Bi urtez zuzenekoak ematen jardun ziren eta bi disko argitaratu zituzten, ‘Bada hiri gorri bat’ (Gaztelupeko Hotsak) eta ‘Tatuatu zenidan zerua’ (Gaztelupeko Hotsak). 2020an berriro antzokietara itzultzea erabaki zuten eta elkarlanari berriro ekin zioten. Hortik abiatu zen ‘Ekografiak’ proiektua.

Asier Serranok azaldu duenez, diskoaren produkzioa «adiskidetasunaren eta salbazioaren gorazarrea da, eskuzabaltasun keinua». Izan ere, duela bi urtez ebakuntza egin zioten Serranori eta horren ondorioz «minberatuta, ezertarako gogorik gabe» gelditu zen. Mikel Gorosabelek, «Mikel anaiak», lan hau proposatu zion orduan. «Lehenengo kantua desgogoz egin nuen. Hor geratu zen. Indar saiakera batean edo ‘Ekografia’ kantua ontzea lortu nuen. Konturatu nintzen, esaten ohi den bezala, sorkuntza, kultura, artea ukendua direla, botere balsamiko bat dutela», kontatu du.

«Goazen disko bat egitera proposatu zidanean, oso urruti ikusten nuen, amildegia. Baina abesti hori egin eta astebetean zazpi bat abestiren hitzak egin nituela ohartu nintzen. Oraindik ere hunkitu egiten naiz, baina edozein medikamentu baino ederragoa izan zen Mikelek eskaini zidan eskuzabaltasun keinu hori, berak zituen melodia horiei hitzak jartzeko proposamena», azaldu du.

«Gure minetik, gure iraganetik, oihu bat berreskuratzea eta oihartzun bihurtzea izan da nire lana. Nolabaiteko terapia izan da. Gauza oso pertsonaletaz hitz egiten du diskoak, baina bigarren irakurketa unibertsal bat ere badauka. Oso disko ikonoklasta da eta seguru nago entzuleak eskertuko duela eta hitzetan identifikatuta sentituko dela. Denok daukagu min bera. Min guztiak desberdinak dira berdinak direlako», gaineratu du Serranok.

«Ekografoak gaurko tarot irakurle modernoak dira. Beraiek bakarrik dakite identifikatzen, edo ez identifikatzen, gertatzen zaizuna, barne munduan mugitzen den hori guztia. Eta harrituta gelditu nintzen lehen ekografiarakin, zuri-beltzean ikusten ditugulako baino koloredunak izan daitezkeela esan zidatenean. Disko honetan horretan ere saiatu gara, zuri-beltzezko min horretatik, zebra jantziarekin aritzen den zaldi horretatik, koloredun gamelu bat egiten», adierazi du.

«Nostalgia oparitzea»

«Nostalgia oparitzea izan da gure lana. Iraganera bueltatzea, maitale ahaztu bati berriro ere muxu bat ematea eta berriro saiatzea, gure gorputz hauekin, larrua jotzen iraganeko maitale horrekin, iraganeko Lorelei horrekin. Eta berriro ere konturatzea bagarela gai xamurtasunarekin gure laztanak eskeintzeko. Lorelei duela 22 urte lurperatu genuen, bizirik lurperatu genuela ohartu gara, eta harramazkaz atera da. Ohartu gara haserre zegoela, baina barkatu dizkigu guztiak. Bada momentua eszenatokietara bueltatzeko eta jendeari egiten dakiguna oparitzeko», laburbildu du.

«Disko hau norberaren ekografiaren irakurketa bat da. Kiromantzian aditua den pertsona baten irakurketa. Jabetzea norbera dela bere barne mugimenduen eta barne sentimenduen irakurlerik abilena», gaineratu du.

Gorosabelek ere lan honetan elkarlanaren elementu politak nabarmentzen direla esan du. «Lehen kantu hori bidaltzen hasi nintzen. Gero beste bat bidali nion. Gero beste bat. Poliki-poliki bera erakartzeko ari nintzen. Bozeto politak nituen nire ustez eta horrela biok kontagiatzen hasi ginen», azaldu du.

«Asierren hitzak oso ongi barneratzen ditu. Uste dut letra ederrak direla, eta kantu bera, melodia bera, motibatzen dituztela. Kantu batek bi aldeak behar ditu, bai musika bai hitzal. Oso garrantzitsuak dira biak. Doinu polit bat letra ez hain politarekin ez da enkantadera gelditzen. Eta alderantziz, berdin. Horretan oso harreman arina izan dugu eta oso erraz egin dugu lan. Badirudi ez direla urteak pasatu», kontatu du Gorosabelek.

«Kantu batzuk oso intimoak dira, gitarra espainol soil batekin eta ahotsarekin. Pianoa ere agertzen da kantu desberdinetan. Badaude ere lehenagoko Lorelei hori gogoratuz kantu poperoak, rock-pop inguru horietakoak, bateriarekin, gitarra elektrikoarekin eta baxuarekin», azaldu du.

Zuzenekoetara bueltatzeko argumentu bat bezala ere planteatu dute diskoa, emanaldietan kantu zaharrak jotzeaz gain berriak eskeintzeko aukera izateko. Abenduan edo urtarrilean ekingo diote epe luzerako bira bat antolatzeari.

Diskoaren diseinuari garrantzi berezia eman nahi izan diote, kolorearen garrantzia nabarmenduz, eta Nagore Martinezek egin duen lana txalotu dute.