Zaintzaren garrantzia, 10. BIME musika kongresuan protagonista

10. edizioa beteko du aurten BIME musikaren kongresuak Bilboko Euskalduna Jauregian. Generoa, jasangarritasuna eta zaintza izan ziren lehen eguneko hitzaldietan nabarmentzeko hiru gai. Olatz Salvador eta Aitziber Atorrasagasti izan ziren hizlari gisan parte hartu zutenen artean.

‘Gaua nahi dut: sexismorik gabeko espazio musikalak’ mahai-ingurua BIME kongresuan.
‘Gaua nahi dut: sexismorik gabeko espazio musikalak’ mahai-ingurua BIME kongresuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Nazioartean musikaren industriako ertzak bateratu eta sinergiak sortzeko espazioa izaten da BIME musika kongresua. Bilboko Euskalduna Jauregian urriaren 26tik 28ra izango da aurtengoa eta lehen unetik mahai-inguru interesgarriak izan dira protagonista, nahiz eta euskararen presentzia minimoa izan den.

Goizeko 10.00etan abiatu zen lehendabizikoa. ‘Osasun mentala: musika industriaren pandemia osteko erronkak’ izenaren azpian aritu ziren hiru emakume Iker Barbara Zarata Mondo Sonoroko zuzendariaren gidaritzapean.

Hitza hartzen lehena Rosana Corbacho musikan espezializatutako psikologo klinikoa izan zen. Corbachoren ustez, «huts egiten duenean soilik hitz egiten da osasun mentalaz. Alde biologikoa eta psikologikoa desberdindu behar dira. Zerbaitekin duzun lotura, munduaren pertzepzioa, pertsonen arteko harremanak… guztiak eragiten du. Ongizatea dugula sentitzen denean esan daiteke osasun mentala ongi dagoela. Baina, huts egiten duenean ere, erremintak izan behar dira non huts egiten den jakiteko».

Maite Aleñak jarraitu zuen segidan, «esperientzia pertsonaletik» aritzeko. MAZ Basauri edota Rockein bezalako ekitaldiak antolatzen ditu Aleñak eta gogor hasi zuen bere hitzartzea: «Ekitaldiak antolatzen aritu naiz urte askoan erotu gabe edo politoxikomano bihurtu gabe eta hor autoestimuak du zerikusi handia. Une honetan besoan ‘buztina’ hitza dut handian idatzita. Hona etorri aurretik umeak hori behar duela esan didalako eta eramaten ez badut itzulerakoan gehiago ez didala hitzik egingo mehatxua ere jaurti dit. Hori da benetako presioa eta ez jaialdi bat antolatzea».

Autoestimuaren haritik tiraka segi zuen Olatz Salvador musikari eta psikologoak: «10 urtetik gora daramatzat mundu honetan eta egoek sekulako garrantzia dutela ikusten dut. Autoestimua garrantzitsua da; batetik, industria ezegonkorra delako eta, bestetik, jendearen aurrean zaudelako etengabean. Hala ere kontuz ibili behar da, oholtzan zaudela ehunka edo milakak gurtzen zaituztenean zure tokitik kanpora eramaten zaituztelako eta hor jaustea arriskutsua da. Drogak ere aipatu dira, baina kasu horretan kontsumoaren zergatiaren jatorria non dagoen jakitea da inportantea».

Rosana Corbacho: «Jardunaldiak luzeak direnean, gutxi kobratuz eta abar, ‘mileurista’ eta euskalduna bazara, speeda hartzen bukatzeko arriskua duzu»

 

Rosana Corbachok «drogen erabilera defentsarako mekanismo moduan» ulertu behar dela askotan aipatu zuen eta horri prekarietatearen kontua gehitu zion Aleñak: «Jardunaldiak luzeak direnean, gutxi kobratuz eta abar, ‘mileurista’ eta euskalduna bazara, speeda (anfetamina) hartzen bukatzeko arriskua duzu. Gero, gainera, espazio hauetan batzuk dibertitzen ari dira eta beste batzuk lanean, eta horrek nahasmena dakar. Musika industriako langilea ez dago bulegoan isolatuta lanean, dibertitzen ari direnekin dago eta dena du eskura».

Rosana Corbachok beste gai bat ere jarri zuen mahai gainean: lanbidea eta bizitza pertsonala bat bihurtzearen kontua. «Lanbidea musikariarekin berarekin fusionatu egiten da batzuetan eta hori arriskutsua da. Gauzak ondo doazenean, erraz eramaten den zerbait delako, baina arrakastan gainbeheraren bat izaten bada, arazo horiek gainerako zainketa albo batera uztea ekartzen du eta gehiegikeriatan erortzeko arriskua dakar».

Olatz Salvador, Rosana Corbacho, Maite Alaña eta Iker Barbara. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Emozioen kudeaketa bira baten ostean

Horrekin lotuta, Olatz Salvadorrek bira baten osteko beheraldiko emozioen kudeaketaz ere hitz egin zuen. «Askotan ezin duzu atsedenik hartu, lanak zurrunbilo horretara bultzatzen zaituelako. Goian zaudela zoaz etxera, ezin lorik hartu adrenalina goian duzulako eta abar. Hori bukatzen denean, ordea, dena behean dago eta identifikatzen jakin behar da une hori hondoa ez jotzeko», azaldu zuen donostiarrak.

Talde dinamika onak sustatzearen garrantziaz ere mintzatu zen Corbacho: «Talde kudeaketaren adibideari buruz, hor dago Metallicaren dokumentala. Talde batean aukerak sortzean beti baietz esaten dute hasi berriak direnek eta arrakasta izatean mugak jarriko dituzteela uste dute, baina hori ez da sekula pasatzen. Trauma txikiak sortzen dira bidean eta askotan barruan gorde eta denbora luzez eramaten dira eztanda egin arte. Hortaz, familia terapia modukoak egin behar dira berekin. Teknikak eta erremintak hartzen dituztenean, oso polita izaten da aldaketa».

Bizipenek duten garrantziaz eta diruaren balioa ezbaian jarriz bukatu zuten guztiek ere hitzaldia. Salvadorrek, denbora agortu zitzaiela iragartzen zieten bitartean, autegestioan izandako bizipenen gogoeta egin zuen: «Askotan diruari begiratzen zaio, baina gero ez zara gogoratzen halako tokitan zein zen ordandutako katxea. Bai ordea zeinen ondo pasa zenuen, ongi tratatu zintuztenez edota afaldutako tokiez».

Espazio seguruen bila

Areto berean ‘Gaua nahi dut: sexismorik gabeko espazio musikalak’ deituriko hitzaldia gidatu zuen Carmen Zapata Musikaren Industriako Emakumeen elkarteko zuzendariak. Protokoloak lantzera zerk bultzatu dieten galdetu zien Ainara Gonzalez Primavera Soundeko ordezkariari, Cristiana do Vale ikerlariari, Candela Molina ‘Orfigyal’ DJari eta Aitziber Atorrasagasti Lakuako Gobernuko Kultura Sustapenerako arduradunari.

Ainara Gonzalezek Bartzelonako Udalak martxan jarritako ‘No Callem’ protokoloaren inguruan hitz egin zuen. «Instituzioekin kohesioa ezinbestekoa da, udaletan gauza batzuk egin direlako baina handik gora ezertxo ere ez modu orokorrean eta ezta espezifikoan ere. Kulturak benetan behar duen babesik ez duela agerian geratzen da hor. 2017an Bartzelonako Udalak protokoloa martxan jarri zuen eta Primavera Soundek, ekitaldi eraldatzaile moduan, protokoloa hartu eta 2018an txertatu zuen jaialdira. Beranduago, ‘Nobody is normal’ protokoloa sortu genuen, dauden egoera ikusezin asko agerian utziaz eta azpiegituren beharra azaleratuz».

Candela Molina: «Sexu Askatasunaren legeak sumisio kimikoari buruz ez dio ezer, ezta gaueko aisialdiari buruz ere. Aretoetako langileek formazio minimo bat behar lukete, baina legerik ez dago hori bermatzeko»

 

Candela Molinak DJ eta psikologo moduan hitz egin zuen eta Sexu Askatasunaren Legea ondo aztertzeko gomendatu zuen lehendabizi: «Gaur egungo legeek ez dute nahikoa babesten eta lege berriak, esaterako, sumisio kimikoari buruz ez dio ezer, ezta gaueko aisialdiari buruz ere. Aretoetako langileek formazio minimo bat behar lukete, baina legerik ez dago hori bermatzeko. Aretoetan ez dakite noiz dagoen bat mozkortuta, edo sumisio kimikoan, edota eraso baten aurrean segurtasuneko langileek justu kontrakoa transmititzen dute… Komunikazio falta handia dago areto, promotore, artista eta publikoaren artean eta hori errotik aldatu behar da».

Aitziber Atorrasagastik Lakuako Gobernutik «inbidiaz» begiratzen diola Kataluniako egoerari aipatuz hasi zuen hitzaldia, baina errelatoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Errelatoa sortzea ere garrantzitsua da eta maiz ez gara hortaz konturatzen. Gizarte bezala hor badugu ardura eta hor ahaldundu behar gara. Guk festibal guztietara zabalduko zen prootokolo bat osatu nahi genuen. Meloi bat irekitzea izan zen, eraso asko daudelako, botere harremanak sortzen dituenak barne, batez ere emakumeei begira. Datozen hilabeteetan sektoreko langileekin lanean hasiko gara eta hiru lan talde egongo dira: festibal handiak, ertainak eta sare sozialak. Bi urteko trantsizioa izango dugu protokoloak egiten laguntzeko eta hirugarrenean derrigorra izango da halakoetan protokolo bat izatea sexismorik egon ez dadin. Kanpainak egingo ditugu, baina zerbait transbersala izan behar duela sinisten dugu».

Langileentzat protokolo horiek nola aplikatu daitezkeen galdetuta, Kataluniako Generalitateak ‘No callem’ protokoloa aurrera eramateko 10.000 langileren formazioa egingo duela aipatu zuten eta batzen diren areto berriek ere jasoko dutela formazioa. «Hori bai, formazioa 4 ordukoa da, ez da nahikoa. Ea honek ur-jauzi efektua sortzen duen eta sentsibilizazioa eta formazioa esparru gehiagotara zabaltzen den», gaineratu zuen Ainara Gonzalezek.

Euskal Herrian horren inguruan lanketa handia egin dute talde feministek herriz herri eta «haiek egin dutena herrietan baliagarri» izango zaiela esan zuen Aitziber Atorrasgasti Lakuako ordezkariak.