NAIZ

Instagram erori da, mundu osoan

Instagram aplikazioa erori egin da; oraindik zehazki zenbat erabiltzaileri eragin dion ez badakite erę, mundu mailako arazoa izan dela adierazi dute. Erabiltzaileetako askok beraien kontura sartzeko arazoak dituzte, eta beste batzuek jarraitzaileak «desagertu» zaizkiela salatu dute.

Instagram aplikazioa erori egin da mundu mailan.
Instagram aplikazioa erori egin da mundu mailan. (Fabian Sommer | Europapress)

Instagram aplikazioak arazoak izan ditu eta erabiltzaile batzuek ezin izan dute beraien profiletara sartu. Mundu mailan erori da aplikazioa eta oraindik arazoak zenbat erabiltzaileri eragin dioten ez badakite ere, arazoa orokorra izan dela adierazi dute Twitter bidez; arrazoia zein den ez dute azaldu: «Jakin badakigu zuetako batzuk arazoak izaten ari zaretela Instagrameko kontuan sartzeko. Ikertzen ari gara eta barkamena eskatzen dugu eragozpenengatik».

 

Oraindik arazoaren jatorria eta zergatia zein diren ez badakite erę, ikertzen jarraituko dutela adierazi dute eta informazio gehiago dutenean azalduko dutela esan dute. Erabiltzaile batzuek diote beraien kontuak «desagertu» egin direla; beste batzuk ezin dute sartu; eta beste erabiltzaile batzuek, berriz, jararitzaileak «desagertu»zaizkiela salatu dute.

Downdetector webgune eta online plataformen arazoak eta erorketak aztertzen dituen orrialdea da eta, bertako informazioaren arabera, asteleheneko 14:00ak aldera hasi da arazoak ematen aplikazioa mundu osoan zehar. Momentuz, ez da antzeman kontuak ixtearen zergatia ulertzeko eredu jarraiturik, guztiz ausazkoa dirudiela azaldu dute.

Webgune horretan jasotako informazioaren baitan, Instagrameko erabiltzaileen %73ak arazoak izan ditu saioa hasterakoan, eta %11k kargatzerakoan.

Pasa den asean, WhatsApp mezularitza zerbitzua erori zen zenbait orduz mundu osoan zehar. Bai Instagram eta baita WhatsApp ere Meta enpresaren sare sozialak dira.