NAIZ

Elhuyarrek itzultzaile juridiko-administratibo automatikoa jarri du martxan

Testu juridiko-administratiboak itzultzeko berariazko sistema txertatu du Elhuyarrek Elia itzultzaile automatikoan. Beste bi berrikuntza ere egin ditu: itzulpenak editatzeko aukera eta itzulpen automatiko gidatua.

Itzultzaile automatiko berriaren itxura.
Itzultzaile automatiko berriaren itxura. (ELHUYAR)

Elhuyarrek testu juridiko-administratiboak itzultzeko berariazko sistema txertatu du Elia itzultzaile automatikoan. Hartara, erabiltzaileak, testu motaren arabera, sistema orokorra, orotariko testuentzat, edo sistema juridiko-administratiboa hauta dezake.

Beste bi berrikuntza ere gehitu ditut. Alde batetik, dokumentu osoak itzultzeko eskatzean, esaldiz esaldi editatu daiteke sistemak proposatutako itzulpena, jatorrizkoarekin konparatuz, emaitza deskargatu aurretik. Hala, oso erraz zuzendu daitezke sistemaren hutsegiteak, zeinetako batzuk sistemak berak detektatzen baititu: zenbaki desberdinak, helbide elektroniko eta url okerrak…

Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker, itzulpen gidatua eskaintzen du orain Eliak. Hala, proposatzen digun itzulpenaren gainean aldaketak egin daitezke sistemak lagunduta: hitz batean klik egin, eta handik aurrerako zatirako beste proposamen batzuk zerrendatzen dizkigu.  

Hiru berrikuntza horietaz gain, Eliak itzulpenak pertsonalizatzeko aukera gehitu zuen urte hasieran. Aukera horri esker, hitz edo esaldi batzuk nahi bezala itzul daitezke. Funtzio hori eskaintzen duen euskarazko lehen itzultzaile automatikoa da, eta testuen koherentzia zaintzen laguntzen du.

Elhuyarren itzultzaile automatikoa elia.eus webgunean erabil daiteke, eta doakoa da. Erregistratuz gero, aukera berri horietaz gain, hiztegi pertsonalizatuak erabiltzeko aukera eskaintzen du, hitz jakin batzuk guk nahi bezala itzul ditzan.

Azaldu dutenez, sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiteko gai da segundo gutxi batzuetan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Eta gailu mugikorretako aplikazioarekin, gainera, irudietako testuak ere itzul ditzake.