NAIZ
Bilbo

Jon Maiaren ‘Kantu hau kantatu’ single berriaren arrakasta Youtuben

‘Kantu hau kantatu’ single eta bideoklip berriak sareratu zituen Jon Maia bertsolariak pasa den asteartean. Ordutik, eta ostegun eguerdira arte, 6.000 pertsonatik gorak ikuskatu dute Youtuben. Kanta hau galdera edo hausnarketa batetik abiatzen da: nola iristen da Jon Maia kantu hau kantatzera? 

Harrera ezin hobea izaten ari da Jon Maiaren ‘Kantu hau kantatu’ singlea: zintzilikatu zuenetik, eta oso denbora gutxian, ikustaldi ugari izan ditu bideoklipak, zehazki 6.000 ikustaldi ostegun eguerdirako. ‘Beroketa’ ezin hobea bertsolariak datorren asteazkenean, hilaren 28an, Donostiako Kursaalen eskainiko duen ‘Kantu bat gara’ birako kontzertu berezirako: berezia ‘Kantu bat gara’ honen lehen urteurrena beteko delako eta berezia ere emanaldi solidarioa izango delako.

Bestalde, datorren asteazkenean, hilak 28, Jon Maiak kontzertu berezi eta solidario bat eskainiko du hainbat gonbidaturekin batera, Donostiako Kursaalen, ‘Kantu bat gara’ emankizun arrakastatsuaren lehenengo urteurrenean. Kontzertu solidario honetan etorkinei babesa ematen dien Irungo Harrera Sarea eta Donostiako kaleetan lo egiten duen jendeari afariak ematen dizkion Kaleko Afari Solidarioak taldea izango ditu bidelagun, kontzertuko irabazien zati bat haientzat izango delarik.

«Oskorrik ez balu Aresti hura grabatu...»

«Kantu honek garenari buruz hausnartzen du, Jon Maiaren begirada pertsonaletik, galdera batetik abiatuta: Nola iristen da Jon kantu hau kantatzera? kausalitateen eta kasualitateen ondorio gara, gure aurrekoek egindakoen ondorio, gertakizun historikoena, erabaki pertsonalena eta nola ez, zoriarena. Errima bakarrean txirikorda eta konkatenazio bihurri bat osatzen duen kantu berri bat», dio Elkar argitaletxeak ‘Kantu hau kantatu’ singleari buruz.

Hitzak Jon Maiarenak dira, musika Nacho Sotorena. Jon Maiarena da ahots nagusia, baina ekarpen handia egiten dute Elizondoko Abesbatza Tipiko abeslariek eta, Maiak berak zuzendutako bideoan, presentzia handia du era berean Maïmouna Fofana neskatoak.

Pello Ramirezek txeloan, Gorka Hermosak akordeoian, Nacho Sotok teklatuetan eta pianoan, Martin Kortaberriak biolinean eta, perkusioekin, Nerea Quincocesek lagundu diote bertsolariari. Grabaketa Elkar Estudioan egin da.

Hauek kantaren lehenengo bertsoak: «Oskorrik ez balu Aresti hura grabatu / Letek bizigaia izar bilakatu. / Lourdes Iriondo ez balitz ausartu / izebak ez balit zinta hura pasatu. / Ez balitz Hertzainak, ez balitz Kortatu / Lujanbio ez balitz Maialeneratu/ Xalbador ez balitz txistutan altxatu / nik ez nuke zertan kantu hau kantatu. / Eta Amurizak ez balu / predikatu / gaur milaka gara / haseran lau katu / aita hil akatu / izan ez bagenu barkatu / baina atzerago, geratu.»

«Gernika ez balute bonbardeatu / eta Euskal Herria militarizatu / hildakoak izen gabe lurperatu / hizkuntza, jendea zigortu, zanpatu / haurrak umilatu / herri bat ukatu / ipuin eta kantu / denak debekatu / zituzten lurrera / ez bagenu migratu / nik ez nuke zertan kantu hau kantatu / aurreko guztia ez balitz gertatu».