NAIZ
Bilbo

Louis Armstrongen ‘Mundu zoragarria’ klasikoaren bertsioa egin du Delirium Tremensek

Louis Armstrong-ek 1967an ospetsu egin zuen ‘What a Wonderful World’ kanta, klasikoa bihurtu arte. Joey Ramonek bertsioa egin zuen 2002, eta Delirium Tremens euskal taldeak, 2023an, bere unibertsora eta euskarara ekarri du ‘Mundu zoragarria’ izenpean.

Bob Thielek eta George David Weissek idatzitako ‘What a Wonderful World’ jazz kanta Louis Armstrongek 1967an estreinatu zuen. 60ko hamarkadako giro arrazista eta nahasiaren antidotoa behar zuen izan, horretarako sortu zen, eta kantariaren gozamena deskribatzen du eguneroko gauza sinpleengatik. Mezua baikorra da, etorkizunari itxaropenez begira. Hasieran ez zen arrakasta izan Estatu Batuetan, 1.000 kopia baino gutxiago saldu baitzituen, baina denborarekin klasikoa bihurtu da.

Orain Delirium Tremensek berea egin du, ‘Mundu zoragarria’ izenarekin. 2002ko Joey Ramoneren bertsioa da talde euskaldunak gehien entzun duena, aitortzen duenez: «Guk gainera, ereserki hau benetan maite zuten inguruko lagun bat baino gehiago omendu nahi izan dugu ‘Mundu zoragarria’ berri honetan. Hori baita aldaketetako bat: Beti, ‘What a Worderful World’ izan da, baina gurean... ez horrenbeste», diote.

Abestiari beste zentzu bat eman nahi izan diote, «gureagoa, garenetik gertuago dago orain. Gure begiek ikusten dutena da. Hemen zuria, beltzago ageri da». Bideolan-ek egin du bideoklipa eta, aurreratu dutenez, kanta hau zuzenean joko dute hemendik aurrera, larunbat honetan bertan Bilboko Kafe Antzokitik hasita.