NAIZ

Emakumeak Zientzian programak 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu otsailean

Hogeita lau euskal erakundek elkarrekin antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioa. Otsailaren 8tik 17ra egingo da Gipuzkoan eta Bizkaian.

Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren aurkezpeneko irudia.
Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren aurkezpeneko irudia. (ELHUYAR)

Hogeita lau euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, otsailaren 11n ospatuko den Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna aitzakia hainbat egunetako programa bateratua antolatzeko.

Otsailaren 8tik 17ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren jarduerak, eta sustatzaileek astezken honetan Bilbon egin duten agerraldian jakinarazi dutenez, zazpigarren edizio honetarako 50 ekintza eta sorpresa baino gehiago antolatu dituzte. Aurten gainera, Gipuzkoan ez ezik Bizkaian ere garatuko da programa, eta izen-emate epea irekita dago jada; esteka honetan zabaldu dute parte hartzeko aukera.

Emakumeak Zientzian proiektuaren helburua ondokoa da, nabarmendu dutenez: «Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea».

«Azpimarratu nahi dugu emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa dela pertsona guztientzat sarbide eta garapen profesional berdinzalea bultzatzeko», adierazi dute Emakumeak Zientzian proiektuko antolakuntzatik.

Programa zabala

Jai giroan hasiko da emakume zientzialariei eskainitako astea, otsailaren 8an Donostian. Bertan, ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa zentroetan lan egiten duten emakumezko zientzialari eta teknologo guztiak omenduko dira. Halaber, Janus Lester artistak osatutako Emakumeak Zientzian himnoa aurkeztuko da.

Egun horretatik aurrera, Gipuzkoan eta Bizkaian, nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak egingo dira, eta eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa zentro bisitatzeko aukera izango dute.

Familientzako, berriz, Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan, besteak beste.

Halaber, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira, «emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko».

Bestalde, publiko orokorrarentzako ‘Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur’ zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian.