Ibai Azparren

Dublin, udaberri goiztiarraren epelean

Apirila Dublin bisitatzeko hilabete onenetakoa da. Egun gris irlandarrak atzean geratu ohi dira eta eguzkiak pixkanaka aurrera egiten du georgiar arkitekturako kaleen artean. Batek ez daki, ostera, noiz harrapatuko duen euriak edo haizeak: «Lau urtaro egun bakarrean», esaten dute bertan.

Irlandako hiriburua, mendeetan zehar lurralde eta erlijio gatazkaren erdigunea, hiri kosmopolita da gaur egun. Milioi bat biztanle pasatxo, ehunka pub eta dozenaka musikari dituzte Dublingo kaleek, eta bere kulturak, arkitekturak eta, batez ere, historiak milaka pertsona erakartzen ditu urtero. Zerura begiratu eta punturik garaiena bilatuz gero, turistak The Spire monumentu bitxia aurkituko du, freetourren topagune tipikoa, non bisitariak bidaiaren lehenego etapa hasi eta hiriaren historia ikuspegi ezberdinetatik aztertu ahal izango duen.

Zeltak K.a. 700. urtean iritsi omen ziren badiara, eta V. mendean kristautasunera bihurtu, San Patrizioren «bultzadarekin». IX. mendean bikingoak bertara heldu ostean, merkataritza gunea sortu zuten Liffey ibaiaren hegoaldean, Dubh Linn izenekoa. Hortik dator hiriaren izena. Tourrez gain, historian murgiltzeko National Museum of Ireland-Archaeology bisita daiteke, doakoa dena, The National Galery eta Natural History bezala.

 

Getty

Halaber, ezinbestekoa da herrialdean migrazioak izan zuen papera aztertzea hiriaren idiosinkrasia ezagutzeko. Horretarako, Epic Museum-ek -ordainpekoa da hau- Gosete Handiarekin hasi zen diaspora benetan dramatikoaren berri ematen du. Ia mende bat geroago, Irlandak Britainia Handiarekiko independentzia lortuko zuen. GPO Museum-ek 1916ko Pazko Altxamenduari buruzko xehetasun guztiak ematen ditu.

Tenperaturak 10 eta 18 gradu artekoak izan ohi dira udaberrian, eta hiriko berdegune handiek orein eta katagorrien artean paseatzera gonbidatzen dute; Phoenix parkea da horietako bat. St Stephens Green-en, erdigunetik gertu, postuek herrialde ezberdinetako janaria eskaintzen dute; munduko hainbat txokotako floraz goza daiteke, berriz, Botanic Gardens-en.

 

Getty

Egunak luzatzen hasten direnez, udaberria garai ona da Howth-era bidaiatzeko. Portu bitxia, hondartza politak eta basalorez estalitako labarrak dituela, kostaldeko txoko urrun bateko herria dela pentsa genezake, eta ez Dublinen erdigunetik trenez 25 minutura dagoena. Ez da harritzekoa itsaskia nagusi izatea Howtheko menu gehienetan, eta gehienbat bertako uretako arrain freskoa. Beshoffs The Market-en, arrain saltzaileak lanean ikusi ahal izango ditu bisitariak eta egunean bertan arrantzatutakoa eskuratu.

Bere gustuen arabera aukeratu beharko du bisitariak abiapuntua. Bai bidaia hasteko bai amaitzeko era aproposenetako bat pub batean egitea da, zuzeneko musika entzunez. Taberna turistikoenetik, The Temple Bar-etik, aldentzea da onena, zortzi eta bederatzi euro arteko pinta bat ordaindu nahi ez bada. Baina Dublinek era guztietako aukerak eskaintzen ditu, eta hona hemen gomendio batzuk: The Cobblestone, The Celt edo The Foggy Dew . Eta plana gaua luzatzea bada, Fibber Magees rock zaleentzat, River reggaetona entzuteko eta The Candem denetarik entzuteko. Ez ahaztu, garagardo beltza merkeagoa da, eta gaelikoz «sláinte» esanez topa egiten da.