Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA Argazkiak: U.U. eta Getty Imges

Florida Keys, itsas gaineko errepide tropikaletan

Florida Keys-eko bideak, hondartzak, naturaguneak eta herriak AEBetako berezienetakoak dira

US1, Estatu Batuetan ipar-hego ardatzeko errepide luzeena, Floridan amaitzen da, Kanadako mugan hasi eta 3.800 kilometro beherago. Berez, Miami hirian eta Everglades parke nazionalean dago Ipar Amerikako kontinentearen amaiera, baina errepidea ez da hor bukatzen. Aurrerantz jarraitzen du, hego-ekialderantz, Kubaraino joan nahiko balu legez, itsasoan diren Floridako irla txikien gainetik (ingelesez key eta gaztelaniaz cayo). Bidean paisaia itzelak, hondartza paregabeak, espero gabeko txokoak eta, errepidearen amaieran, ezusteko atsegin batekin topo egiten du bidaiariak, Ernest Hemighway idazlearen urratsei segika.

Florida Keysera txangoak eskaintzen dituzten agentzia ugari daude Miamin; hotel guztietan iragartzen den tour bat da, ziur aski. Egin liteke, noski, egun bakarrean, goizean goiz jaiki eta ia 300 kilometroko bidea eginda, ilunabarrean itzultzeko. Aukera izanda, ordea, patxada handiagoz hartu eta, gutxienez gau bat bertan ematea benetan eskertzeko esperientzia da. Eta, aukeran, bizpahiru gau gordetzea uharteotarako, Floridako planean. Inor gutxi damutu da egin izanaz.

Ehunka uhartetxo daude Florida eta Kuba artean. 1905ean trenbidea eraiki zuen Henry Flagner petrolioaren enpresari handikiak Floridako penintsulatik irletaraino. 206 kilometro zituen, itsasoaren gainean eraikitako zubien bidez. XX. mende hasiera hartako lorpen handitzat jo zen, baina hamarkada gutxi iraun zuen: 1935ean urakan batek hondatu zuen trenbidea. Ordurako bertan zen autoaren gorakada Estatu Batuetan, eta errepidea eraiki zuten handik gutxira. Tarteka, trenbide azpiegitura erabili zuten, eta beste askotan bide berria egin zuten. Badira errepidetik trenbide zaharra ikusten diren lekuak, paralelo baitoaz biak. 

U.U.

Itsasora begira

Florida City da azken hiria, baita gasolina hartzeko lekua ere. Evergladeseko parke nazionalera doan bidegurutzea ere han dago; aurrerantz jarraituz gero 1 errepidetik, errepidea padura erraldoiaren gainetik doa, manglea eta itsasoa bidearen alde banatara, eta asfaltozko lerroa aurrean. Manatee Bay-ra iritsitakoan amaitzen da Southern Glades deitzen dioten eremua eta, orduan bai, itsaso gainera doa errepidea.

Upper Keys, Middle Keys eta Lower Keys uharte-tarteetan banatu ohi dituzte irlatxoak. Lehendabizi datozen Upper Keys irlarik urbanizatuenak izan ohi dira, eta aurrerago interesgune gehiago badirenez, bidean aurrera egin ohi dute askok, aukeran bidaiaren bueltan geldialdiren bat egiteko asmoz. Key Largo, irletarako sarrera, uhartea luzea da, eta asfaltoa eta porlanak hartuta egon arren, badu interesgunerik ere. John Pennekamp Coral Reef State Park ezaguna, esaterako, txoko berezia urpekaritza zaleentzat batez ere, bai botilarekin, bai snorkel egiteko tuboarekin.

Key Largotik hegoaldera dago Islamorada, arrantzaleen txoko kutunetako bat. Arrantza edo urpekaritzarekin lotutako denda ugari daude, baita gaiari buruzko museo bat ere. World Wide Sportsmanen geldituz gero, Hemingwayren anaiak erositako itsasontzi bat ikus daiteke.

U.U.

Zubi luzeak

Long Key Bridge artxipelagoko Middle Keys erdiguneko irletarako sarbidea da. Izenak adierazten duen legez, erdibidean dauden uharteak dira. Ingelesa eta tropikoetako espainiera nahasten dira izenetan. Islamoradatik irtenda, zubiarekin batera, bizikletaz eta oinez joateko ibilbideak doaz autobidearen aldamenetik Conch Key edo Vaca Keytik pasaeran.

Marathon Key irla luze eta estua da, itsasoa bi aldeetan eta turismorako gune ugari. Funtsean arrantzarako asmoz doaz turistak, baita Lower Keys-eko hotelak baino merkexeagoak nahi dituztenak ere. Sombrero Beach hondartza ederrean pelikanoak dabiltza, eta ilunabarrean eder dago eguzkia gordetzen. Palmondoen azpian bikote bat agertu da, ezkontzarako argazkiak egitera. Irlaren iparraldean, berriz, Crane Point Hammock baso tropikalez eta mangladiz estalita dago, eskualdeko historia, geologia eta berezitasun ekologikoak azaltzen.

Marathonen amaieran dago 7 Mile Bridge-ren abiapuntua. 11 kilometro (7 milia) daude itsaso gainetik Veterans Memorial Park eta Bahia Honda hondartzaraino. Uharteotako ederrenetakoa da zalantzarik gabe. Aurrerantzean harea zuri eta mangle edo basoz betetako irla txiki ugari datoz eta urbanizatuago dauden beste batzuk tartekatzen dira. Big Pine Key da interesgarrienetakoa, eta iparraldean zenbait ibilbide egiteko aukera dago Blue Hole aintziraren inguruan, aligatore edo manatiren bat agertuko ote den esperoan. Herrian bertan, berriz, ez da arraroa uharteotan baino ez dagoen orein txiki batekin topo egitea.

U.U.

Hemingwayren bila

50 kilometro eta dozena bat uharte txiki daude Key Westera iristeko, eta nongura ageri dira gelditzeko motiboak. Sugarloaf hondartzako ur gardenetan murgiltzeko, kasu. Bi egunerako etorrita, hirugarren bat ez erreserbatzea damutzen zaizun txokoak dira, eta hirurako etorrita, laugarrena ez erantsi izana. Halaxe iristen da bidea Key West edo Cayo Huesoraino. Ordura arte itsaso gaineko errepide eta paisaia tropikalen ostean, herri handi edo hiri txiki bat ageri zaigu, ezin dotoreago, eta ia beti alai. Ongi etorri egiten digun seinalaren ostean, hegoaldeko bidea hartu dugu, aireportua inguratuz. Fort East Martello gotorleku dotoreak 150 urte baino gehiago ditu, AEBetako gerra zibilaren garaikoa da. Berehalakoan Smathers hondartza luze eta ederra ageri da, ur garden eta kokondoekin. Tropiko betean gaude. Herritik metro batzuk apartean egonda, errepidea bertan izan arren, badu kutsu berezi bat.

Miamira ia 300 kilometro daude hemendik, eta Habana 150era baino ez dago, herriaren erdigunean dagoen seinaleak adierazten duen legez. Tabernaz, jatetxez, turistaz eta saltokiz betetako Duval kalean bloke bat ibilita, Sloppy Joe mitikoa dago. Ernest Hemingwayren argazkiz eta haren bizitzarekin eta idatziekin lotutako elementuz beteta dago tabernako horma. Urtero, uztailean, Hemingwayren dobleen lehiaketa antolatzen dute, eta bizar zuridun dozenaka gizon lehiatzen dira, zuriz eta gorriz jantzita… sanferminen kopia osoa egiteko, gurpildun zezen eta guzti egiten dute entzierroa herriko kaleetan!

Idazlearen etxea museo bihurtuta dago Sloppy Joe-tik kilometro batera, Duvalen paralelo doan Whitehead kalean (oinez joanda, farora iritsiz gero, etxetik pasatu zaren seinale, urrats batzuk atzerago dago). Whitehead kalean bertan lehentxeago, Key Westeko auzitegia dago, zuhaitz handiak parean dituela. Aldamenean, US1 errepidearen abiapuntua (edo amaiera) markatzen duen seinalea erraz aurkituko dugu, turista asko baitoaz han argazkia egitera. Eta kalearen amaieran, “AEB kontinentalean hegoaldeen dagoen puntua” ere markatuta dago. Inguruan Higgs hondartza dago, baita Fort Zachary gune historikoaren hareatza ederra ere.

Gauean giro berezia dute hirian, afaltzeko, zerbait hartzeko eta musika zuzenean entzuteko. Bakarlari estatubatuarrak, country edo rock musika jotzen, edo doinu latinoak uztartzen dituzten txokoak. Luze doaz gauak Key Westen. Epel dago eta biharamuna ere ingurune tropikal honetan joango da, uhartez uharte gordetzen diren txoko berezien bila.