NAIZ

Ondarearen kontserbaziorako material jasangarriak garatzeko proiektu bat gidatzen ari da EHU

EHUko ikertzaileek gidatuko dute kultur ondarearen kontserbazioan material eta prozedura jasangarriak garatzeko Enclosure proiektua. Europako beste bost unibertsitateekin elkarlanean jorratutako proiektua da.

Materiak jasangarriak sortzeko ikerketa abiatu du EHUk.
Materiak jasangarriak sortzeko ikerketa abiatu du EHUk. (EHU)

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) 'Enclosure' proiektua gidatzen ari da, ondarearen kontserbaziorako material jasangarriak garatuko dituen egitasmoa, hain zuzen. 'New Generation' funtsen bidez finantzatutako proiektuan Europako beste bost unibertsitaterekin batera hartzen du parte.

EHUk jakinarazi duenez, kultur ondarearen kontserbazioan handitu egin da teknologia eraginkorren, propio egindako materialen eta konponbide berritzaileen premia azken bi hamarkadetan. Aproposena kontserbazio teknologia berriek ingurumena errespetatzen duten materialak eta prozedurak erabiltzea litzateke; erabiltzailearentzako arriskutsuak izan daitezken edo material ekotoxikoak izan ditzaketen osagarriak ahalik eta gehien murriztuta. Alabaina, gaur gaurkoz, arlo horretako oso teknologia eta material gutxi jo daitezke guztiz jasangarritzat, ingurumenaren ikuspegitik, behintzat.

Jasangarriak diren materialei begiratuta, duela gutxi ezagutu dira ordezko «esperantzagarriak» izan daitezkeen jatorri naturaleko polimeroetan oinarritutako gelak. Xantano goma edo agarrak erabiltzen dituzte horretarako eta pinturen eta eskulturen garbiketan erabiltzen dira, esate baterako. Lurrean polimero natural ugariena den zelulosa ere balia daiteke gelak egiteko. Gainera, ondarearen kontserbazioan erabiltzen da jada, maiz erabiltzen baitira zelulosa enplastuak gatz kristalduak xurgatzeko. Beste arlo batzuetan bezala, nanozelulosen potentzialaren gainean ari dira ikertzen, adibidez, paper, oihal edo zur gaineko lanen kontserbazioan erabiltzeko.

Bada, horren guztiaren ondorio da Enclosure proiektua (Eco-design of NanoCeLlulOse-based Solutions for cUltuRal hEritage conservation: materials development, validation, and life cycle assessment), EHUk koordinatu eta 'Next Generation' funtsekin finantzatzen da. Kultur ondarearen kontserbaziorako konponbide holistikoak eskaintzea du helburu, biopolimeroen bitartez, zehazki, nanozelulosa eta bakterio zelulosaren bitartez.

«Formatu askotariko zelulosa materialak garatu nahi ditugu, besteak beste, hormako eta astoko margolanen iraganeko zaharberritzeetako gatzak, zikinkeria eta hondakin organikoak kendu ahal izateko», azaldu du Maite Maguregui EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoko irakasleak.

Maguregui bera eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea den Erlantz Lizundia dira ikertzaile nagusiak Enclosure proiektuan. «Agerian da diziplina anitzeko proiektua dela gurea. Uztartzen ditu, batetik, materialen arloko esperientzia, eta, bestetik, ondarearen azterketan eta kontserbazioan aplikatutako kimikaren arlokoa», gaineratu du Lizundiak.

Beste 16 ikertzailerekin elkarlanean

Natur zientzietako, materialen ingeniaritzako eta kontserbazioko beste 16 ikertzaile ere ari dira euren alea jartzen ondare kontserbazioaren aldeko proiektuan: Euskal Herria, Bartzelona, Oslo eta Estokolmoko unibertsitateetakoak, Zuricheko ETHkoak eta Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutukoak.

Proiektuaren alderdi funtsezkoetako bat da hormako eta astoko pinturen erreprodukzioetan garatutako materialen eraginkortasuna baliatzea. Aplikazio mota desberdinak aztertuko dituzte, egiazko margolanetan erabiltzera jauzi egin aurretik. Bizi zikloaren ebaluazioak aukera emango du garatutako materialen ingurumen jasangarritasuna baloratzeko.

Gainera, proiektuaren azken xedea material berri horiek ondare kontserbazioko profesionalen eskura jartzea izanik, egitasmoaren amaiera aldera, arloko profesionalei zuzendutako jardunaldi bat egingo da, garatu diren materialen ahalmenen erakustaldiak egiteko.

«Proiektuaren helburua da bidea erraztea, etorkizunean nanozelulosak erabili daitezen beste ondare material batzuetan, eta teknologia berri horiek ingurumenaren aldetik jasangarriak diren konponbide gisa posizionatzea», azaldu du Magureguik.