‘Liherketa’ handi batekin hasi da aurtengo Azkena Rock Festival

Jende andana pilatu zen arren Mendizabalako parkingaren atarian, publiko zabala izan zuten lehen unetik Liher taldekoek. Os Mutantesen ukitu tropikala eta Steve Earlen hegoaldeko musikaz ere gozatu zuten bertaratuek, harik eta El Drogas oholtzara igo eta publikoa hankaz gora jarri zuen arte.

Jende asko bertaratu zen Azkena Rock Festivalen 23. edizioko lehen egunean Mendizabalara.
Jende asko bertaratu zen Azkena Rock Festivalen 23. edizioko lehen egunean Mendizabalara. (Raul BOGAJO | FOKU)

Jende asko zegoen Gasteizko Mendizabalako eremua noiz irekiko zain arratsaldeko lehen ordutik eta ateak bost bat minutu lehenago irekitzeko erabaki hartu zuten Azkena Rock Festivaleko 23. edizioan. Oholtzetako batek dio, 'Respect', eta rockak dirurik akaso ez du emango Euskal Herrian, baina milaka batzuk bildu ziren atzokoan Gasteizen.

Liherren indarra

Ez da erraza izaten inoiz halako ekitaldi bati irekiera ematea eta are gutxiago ateak ireki eta segituan kontzertua eskaintzen hasi behar baduzu, baina hori ez zen traba izan Liher talde donostiarrarentzat. ‘Thelma & Louise’ hasteko, ‘Gizarte Likido’-rekin lotuz eta ‘Urre Hautsekin’ segitzeko. Etenik gabe eta boltaia altuko hiru abesti eskaini zituzten, bakoitza disko desberdin batekoa.

Hatsa berreskuratzeko minutu erdi hartu, bertaratuak agurtu, eta beste hiru segidan; ‘Kintsugi’, ‘Estoldak gainezka’ eta ‘Arrakasta’. Amorrazioz bota zuen betiko moduan azken oihua Lide Hernandok eta txalo zaparrada itzela jaso zuen bueltan. Bigarren arnasa hartu eta segi. Eguzkiak gogor jo zien atzokoan taldekideei eta nabaritu zuten, intsolazio puntu bat ere bai bazuten gainean.

Baina eguzkiaren ajeek ez zuten apaldu Lide Hernando eta tempoa jaitsi, mikroa hartu eta ‘Zulo bat gehiago’ abestu zuen, musika beltzaren maitale dela argi erakutsiz oraindik ez zekitenei. A zer nolako erakustaldia. Gitarra soinean hartu zuen berriz jarraian eta energia dosia areagotu ‘Orbainetan lehena’ kantuarekin.

«Baina gaur dena ez da egurra izango eta kantu lasaiago bat jotzeko baimena emango diguzue ezta?» esan zien Hernandok bertaratuei. 2023an kaleratu duten ‘Eramaten’ power baladaren txanda iritsi zen orduan, eta, segidan, sorpresan harrapatu gintuzten, urte bukaeran argitaratuko duten maxi singleko bigarren kantua aurkeztu baitzuten zuzenean. Denak elkarri begira zein kantu ote zen galdezka, baina gozatzen eta Liherrekoak zer esanik ez, erantzuna ikusita. Bost puxtarri berentzat.

‘Nor da piztia?’ klasikoarekin bukatu zuten, jendeari makurtzeko eskatu eta saltoka amaitzeko. Goian utzi zuten guztia, hain goian, ezen Iñigo Etxarriri gitarrak ia eskuetatik ihes egin zion.

Brasilgo goxotasuna eta hegoaldeko Estatu Batuak

Os mutantes brasildarrek hartu zuten lehenengoz oholtza nagusia. Ibilbide luzeko taldea dira eta brasilgo portugalera eta ingelesa entzun ziren haien ahotsetan. Rock klasikoa eta blues doinuak jorratu zituzten lehen unean, tartean ‘Beyond’ kantua eskainiz beren azken ‘Zzyzx’ diskotik. Umeei ere eskerrak eman zizkien Sergio Dias taldeko gitarra-jotzaile eta abeslariak gerturatzeagatik, oholtzaren erdian eserita eskaini zuen kontzertuan. ‘2001’, 1969ko kantua eskaini zuten eta, instrumental baten ostean, gospel kutsuko bat ‘Macumba’-rekin segi. Adinean gora doazen arren, ez zai kemenik falta.

Brasildarrak izaki, bossa nova eta doinu tropikalik ez zen falta izan, karibeko kutsua ere badutenak. Aldakak mugitzeko aukera eman zuten abesti batean baino gehiagotan, batzuetan goxo-goxo, baina beti leherketekin, ‘A minha menina’ kantua adibide. Sentimendu asko jarri zuten jotzen, baina indarra ere bai.

Steve Earleri eman zioten erreleboa eta honek ere sekulako erakustaldia eman zuen. Bere kantu klasikoak akustikoan aurkeztuko zituela komentatu zigun Izkander Fernandezek NAIZ Irratian, eta horrelaxe izan zen. Ez ziguna esan zen bera bakarrik igoko zenik oholtzara. Sorpresa ederra eguzkia ezkutatzen ari zen bitartean gitarra akustikoa edota mandolina soinean zuela Earlen ahotsaz eta kantuez gozatzea. Une sentikorrena kokainaren arriskuez eta drogak zer nolako kaltea egin dioten aipatu zuen unean iritsi zen. Kokaina gaindosiaz hil zitzaion semea aipatu zuen, Justin Townes Earle, eta, aitaren hitzetan, abeslari bikaina ere galdu zuen munduak. ‘Harlem River Blues’, bere semearen abestia eskaini zuen hori esan ostean. ‘I feel allright’, ‘Guitar Town’, ‘I ain't never been satisfied’ edota ‘Copperhead road’ bezalako abestiak ere eskaini zituen estatubatuarrak.

El Drogas, Barricada omentzen

40 urte betetzen dira Burlatako musikariak Barricada taldearen bideari ekin ziola aurten eta, horren harira, taldearen arrakasta handienei errepasoa eman zion bart Mendizabalan Enrique Villarreal El Drogasek.

Topera irten ziren lehen unetik ‘Contra la pared’ edota ‘Barrio conflictivo’ bezalako abestiekin, bertaratutako guztiak erotzen jarriaz. Publikoarekin interakzio betean aritu zen kontzertuak iraun zuen ordu eta erdian Enrique Villarreal eta publikoa sutan izan zuen Azkena Rocken gar berezi hori nabari zela.

Bateria jotzen Koma taldeko abeslaria, Brigi Duque, ibiltzen da El Drogasekin eta sekulako txalo festak jaso zituen musikari nafarrak. Memoria historikoarentzat unerik ere ez zen falta izan ‘Bahía de Pasaia’ eskaini zutenean. 1989an Madrilen grabatutako ‘Doble directo’ diskoan ere bazegoen ‘Tan fácil’ jo zuten segidan eta Madril ingurutik gerturatutako zaleak abesten izan ziren etenik gabe. Abestetik abestira ia atsedenik gabe agurtu zituen bertaratuak El Drogasek: «Gabon edo arratsalde on, ez dakit, baina gustura nago Gasteizen» esan zuen nafarrak.

Atera zen garaian, Juanma Bajo Ulloak zuzendu zuen bideoklipa eduki zuen atzetik eskaini zuten ‘Problemas’ kantuak. Laukoteak sekulako indarra duela erakutsi zuen eta Txus Maravík gitarra jotzeko duen abileziak bertaratuak gozarazi zituen. ‘ Rojo’ kantua ere presente izan zen Gasteizen, oraindik bukatu ez diren zezenketei kritika zuzena eginaz; aspaldikoa baina gaurkotua den abestia.

«Uno no tiene 22 años ni en cada pata y no entran 30 canciones en media hora» esan zuen ironikoki El Drogasek eta handik pixkatera bi makila makulu bezala hartuta hasi zen abesten ‘Tentando a la suerte’.

Azken txanpara ‘Okupación’ kantuarekin sartu ginen, ‘La hora del carnaval’ eta ‘Todos mirando’ abestiekin jarraitzeko. Azkenerako utzi zituen abesti ezagunenak, edo bai behintzat belaunaldi guztiak batzen dituztenak: ‘Oveja negra’ eta ‘No hay tregua’ segidan. Barealdia eta bukaera zirudiena etorri zen ‘Esta noche no es para andar por estas calles’ kantuarekin, kea bota eta taldea oholtzatik desagertu baitzen. Baina, bukatzeko, festa lehertu zuten ‘En blanco y negro’ abestiarekin. Sekulakoa El Drogas eta bere musikariek duten erakarpen indarra.

Gaua, punka eta gitarrak

Eguneko sorpresetako bat iritsi zen segidan askorentzat Lydia Lunch Retrovirus taldearekin. Proposamen berezia eta arriskatua izan zen Azkena Rockeko antolatzaileen aldetik. Aipatu, era berean euskal musikarien aldeko apustuarekin eta ordutegian leku garrantzitsua izatearen eskean ere entzun genuela bat baino gehiago. Lydia Lunchen showra itzuliz, ikuspegi alternatiboa txertatu zuten erabat Mendizabalan, oinarri sendoetan eraikitako abestiekin. Bukle luzeak eta kantu amaigabeak tartean. Jendea gustura egon zen haiek entzuten. Askok, afaltzen zuen bitartean.

Aurtengoan jateko tokia dena eremu berean jarri dute eta hori kritikatu zuten ilaran itxaron behar izan zutenek. Dena dela, zerbitzarien lana nabarmentzekoa zen, presa handirik ez zuen jendearen presiopean irribarrez, azkar eta efizientziaz erantzuten ibili baitziren etenik gabe. Pazientzia pixka bat nahikoa izaten da halakoetan, hamar edo hamabost minutu itxaron behar baitziren gehienez jota.

Indarrak berreskuratu eta Rancid kartelburuaren txanda iritsi zen. Talde kaliforniarrak zaletu asko pilatu zituen kontzertua hasterako, El Drogasen saiotik oholtza aurrean geratu zenik ere bazen. ‘Tomorrow never comes’ azken diskoko kantuarekin hasi zuten emanaldia. Laukotearen jarrera eta energia azpimarragarriak izan ziren kontzertua hasi eta buka. Punk kaliforniarraren purutasun guztia jarri zuten oholtza gainean. Taldekideetako bat, Matt Freeman baxu-jotzailea nabarmendu zen guztien gainetik, a zer nolako ekarpena egiten dien kantuei.

Publikoarekin hartuemanean asmatu zuten eta bero mantentzeko gai izan ziren. Eta ez zen erreza egiari zor, El Drogasek egin zuena sekulakoa izan baitzen. ‘Time Bomb’ dantzagarria ere jo zuten eta bai, denborak badirudi haiengan ez duela eraginik, bonba bat baitira oraindik ere. ‘Ruby Soho’ kantuarekin agurtu zuten Azkena Rock jaialdia.

Monster Magnet izan ziren gaueko azkenak. Hiru gitarra jotzaile ditu taldeak eta duten gaitasuna agerian utzi zuten abestiz abesti. Abisatuta ginen zer nolako ikuskizuna emango zuten, eta baita bete ere. Sutan utzi zuten Mendizabalako gunea eta gaurko txingarrak bero mantenduko dira, ziur, berriz ere arratsalde erditik aurrera Azkena Rock Festivaleko sugarra bizi-bizi egon dadin.