Talenturik falta ez denean, aukerak besterik ez dira behar

Musikari profesionalen bizimodua erraza ez bada, zer esanik ez hastapenetan eta ikasten ari direnena. Euskadiko Gazte Orkestra 1997tik lanean ari da, gazte musikarien prestakuntza helburu. Uda sasoia garrantzitsua da fundazioan. Uztailaren 22a bitarte egonaldia egingo dute Musikenen.

Audio_placeholder

Talenturik falta ez denean, aukerak besterik ez dira behar

Loading player...
EGOko biolin taldea, entseguan.
EGOko biolin taldea, entseguan. (Andoni Canellada | FOKU)

Hamaika egunetan zehar burbuila musikal handi batean murgilduko dira Euskal Herriko Gazte Orkestrako 90 musikariak. Donostiako Musikene izango da burbuila erraldoi hori, uztailaren 11tik 22ra bitarte udako egonaldiak bertan egiten ari baitira. Lau emanaldi egitea aurreikusten dute: lehena atzo izan zen, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean. Bigarrena gaur bertan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Hirugarrena bihar, Gasteizko Principal Antzokian. Eta azkena, berezia izango da: Jazzaldian parte hartuko dute EGOko gazteek, luxuzko musikari bati lagunduz. Kenny Barron piano-jolearekin batera ariko dira harizko sekzioko 30 musikari, uztailaren 21ean, Kursaaleko auditorioan. Lehen aldia da Barronek Europan formatu hau plazaratuko duena. Zalantzarik gabe, etxeko lanak soberan dituzte EGOkoek. Lan asko egin dute erronka handientzako makinaria prest jartzeko.

Egonaldien bigarren egunean gerturatu gara Musikenera, goizeko 10.00ak aldera. Honezkero musikari guztiak (apur bat berandu iritsi den tronpetista bat izan ezik) dagokien gelan dira irakasleen instrukzioak jasotzen. Lehen egunetan atalka entseatzen dituzte aurreko hilabeteetan etxean ikasi dituzten piezak: perkusionistak alde batetik, metalezko haizeak bestetik, txelistak, hariak, zurezko haizeak… Irakasle bakoitzak sekzioka gidatuko ditu lehen egunetan, eta ondoren, batzen hasiko dira gutxika, Euskal Herriko Gazte Orkestra osorik gorpuztu arte.

EGOko koordinatzaile German Ormazabalek (Tolosa, 1966) azaldu digu aurtengoan berrikuntza dutela. Bi fisioterapeutaren laguntza izango dute egonaldietan. «Mugimendu errepikakor eta mekaniko asko egiten dituzte haien ibilbidean zehar, eta horrek esan nahi du, lantzen ez badira, lesioak sor daitezkeela». Orkestraren helburu nagusia musikari gazteen prestakuntza tresna bihurtzea da. Argi dago prestakuntza horrek afinazioaz gaindi, bestelako ertz asko ere badituela.

Musikari gazteent tranpolina

90 kide ditu gazte orkestrak. Urtero berritzen da, belaunaldi gazteei aukerak ematea baita funtsa, hots, ahalik eta musikari gehienei. Hautaketarako prozesua entzunaldiak dira. Urteko lehen ekimena da eta martxo inguruan egin ohi dira. Pandemiaren ondorioz, formatu telematikoa martxan jarri zuten, eta arrakasta izan du. Ormazabalek azaldu digu egun nazioartean asko erabiltzen dela formula hau.

German Ormazabal zuzendaria eta Aitor Aburto laguntzailea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aurten markarik onena gainditu ez duten arren, arrakastatsuak izan dira entzunaldiak. Ia 200 gaztek aurkeztu dute haien burua. Ormazabalen ustez, «osasuntsu dugu gure gaztedia. Goi-mailako musika eskoletan eta kontserbatorioetan egiten ari den lan izugarriaren isla da». Orkestraren ia herena berritu da aurtengoan: %70 inguru euskalduna da. Gehienek Euskal Herrian ikasten dute, baina gero eta gehiago dira atzerrian ikasten ari direnak. Beste %30 ez da euskalduna, baina euskal zentroetan formatzen ari da: Musikenen edo Nafarroako goi-mailako musika eskolan, batik bat. Normala dela azaldu du Ormazabalek: musika ikasketak hemen garatuz gero, EGO «azken urratsa litzateke». Ia %60 emakumezkoa da aurtengo orkestran, eta batez besteko adina 19 eta 20 urte bitartekoa da.

Adinari dagokionez, bi erabaki hartu dituzte aurten: alde batetik, gehienezko adina 26tik 25era jaitsi da. Eta koordinatzailearen esanetan, oso litekeena da hurrengo urtean 24 urtetara murriztea. Horretaz gain, gutxieneko adina ezabatu da: «Benetan sinisten dugu talentuak ez duela adinik». Ormazabalek kontatu digu, nahiz eta plaza ez lortu, izan direla 15 urteko gazteak entzunaldietan aurkeztu direnak. Uste genuen ez zuela zentzurik gutxieneko adina jartzeak, arteaz eta talentuaz hitz egiten ari garenean».

Entzunaldien ostean, urteko ekimenak antolatzen ditu EGOko lantaldeak: «Zer egingo dugun, zein errepertorio landuko dugun»… Maiatzean edo ekain hasieran programaren aukeraketa egin ostean, gazte guztiei bidaltzen zaie materiala, partiturak ikasten has daitezen. «Kontuan izan behar da haien ikasturte amaiera ere badela, asko kurtsoa amaitu ondoren hasten dira». Egonaldietan banaka egindako lana kolektibo bihurtzen da.

Aitziber Esuainek (Hondarribia, 2004) eta Maddi Melladok (Arraioz, 2005) lehen aldiz parte hartu zuten aurten EGOko entzunaldietan. «Bideo bat bidaltzea besterik ez zen, beraz, frogatzera animatu nintzen», azaldu du Esuainek. Biena izan da lehen entzunaldia, eta froga gainditu dutenez, lehen egonaldia da haientzat uztail honetakoa. Biek jotzen dute biolina, beraz, eskolak elkarrekin jasotzen ari dira egun hauetan.

Aitziber Esuain eta Maddi Mellado biolin-joleak.

Ez batak ez besteak ez zuen bere burua halako urratsik ematen imajinatzen. Baina pozik daude lorpenarekin. «Azkenean, erronka bat da. disfrutatzera etortzen gara, baina baita ikastera ere. Mundu profesionala gogorra da eta prestatu beharra dago» dio Ensuainek. Melladok, batxilergoa amaituta, ez ditu ikasketa musikalak egingo, baina musikariekin konektatuta jarraitu nahiko luke: «Pena ematen dit galtzeak. Orkestretan jotzea oso gustuko dudanez, gustatuko litzaidake jarraitzea, maila ez galtzeko».

Bere inguruan ez dute askotan ulertu. «Askotan galdetu didate nola jarraitu dezakedan batxilergoa egin eta gero, musika-eskolan izan ostean. Landa eremu batean bizi naiz gainera, bertan instrumentuak jotzen dituztenak normalean bandetan jo dute. Oso jende gutxi dago biolina jotzen duena». Esuainek ulertzen du kideak diona: «Jendeak uste du kontu lasaiagoa dela, ez da asko ulertzen kanpotik. Baina kontu serioa da».

Profesionalez inguratuta

Egonaldietan hamar irakasle izango dira musikari gazteak laguntzen. German Ormazabalek azaldu digu orkestra munduan esperientzia handia eta ibilbide inportantea duten irakasleak etorri ohi direla. Aurtengoan Euskadiko Orkestrako kideak daude, baina baita Valentziako Palau de les Arts-etik edo Espainiako orkestra nazionaletik datozenak ere.

«Giltza Ruben Gimeno gure zuzendari artistikoa da» dio Ormazabalek. «Harreman asko eta ezagutza handia du». Ruben Gimeno (Valentzia, 1972) biolin eta klarinete jolea eta zuzendaria da. Bera arduratuko da EGOko udako emanaldiak koordinatu eta zentzua emateaz.

Musikenera sartu garenean mahai baten bueltan, paper artean apunteak hartzen ikusi dugu Aitor Aburto (Bilbo, 1995). Ongi ezagutzen du EGO, klarinete-jolea izan da urtetan bertan. «Esperientzia guztiz aberasgarria da, egia da ez dela batere erraza hemen sartzea, maila altua dago. Baina egia da behin sartuta esperientzia oso polita dela. Lagun handiak egiten dituzu eta, maila musikalean, goi-mailako musika egiten da hemen». Orain, Gimeno zuzendariaren laguntzaile lanetan dabil. «Rola desberdina da eta duzun egitekoa ere bai. Oraindik ikusten ari naiz nola egin behar dudan dena, baina erronka polita da niretzat». Eta ez du lan erraza izango, Moris Ravelen “Ma Mère l’Oye” Suitea eta Antonin Dvoraken zortzigarren sinfonia baitira aukeratutakoak.

Ormazabalek aitortu digu errepertorioa nahiko exijentea dela. «Hori da bilatzen duguna programa aukeratzerakoan, publikoa kontuan izatea, baina baita orkestraren helburuak aintzat hartzea ere». Erronka nagusia, baina, programatzaile ikuspegitik kokatzen du Ormazabalek: «Nola erakarri gazte jendea?» Munduko txoko guztietan ematen den errealitatea dela azaldu du Ormazabalek: «Ohitura eta tradizio handia duten lekuetan egonak gara eta ikusi dugu batez besteko adina nahiko altua dela». Zentzu horretan, EGO lan hona egiten ari dela iritzi du, martxan jartzen ari den proiektuak zentzua duela uste du, eta gazteak gerturatzen ari direla horren ondorioz. «Freskotasun puntu bat ematen saiatzen ari gara gure emanaldiei (...) Hor dago benetako erronka, ez soilik orkestrentzat, programatzaile guztientzat orokorrean».

Harro mintzo da 26 urtez EGOk egindako lanaz. «Proiektu zoragarria da. Jakin badakigu gure ekarpena oso txikia izango dela, baina gurea herrigintza egiteko modu bat ere badela uste dugu, eta niretzat ohorea da nirekin kontatu izana horrelako proiektu bat sendotu eta aurrera eramateko». 1997ko uztailean sortu zuen Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Herriko Gazte Orkestra, eta orduz geroztik lanean dabil Ormazabal, Auria Etxeandiaren laguntzarekin, gazte musikariei aukera bat emateko asmoz.