NAIZ

Karrikaldiak zabalduriko bidetik euskal kulturaren itzala zabaltzen ari da

Euskal kulturak topaleku bereziak baditu gaur azken eguna izanen duten Baionako Bestetan. Arratsaldero Jacques-Portes plazan, dantzan eta kantuz aritzeko; eta gaueko kontzertuekin salto egiteko, Patxa plazan. Besta euskaraz bizitzea errazagoa da gune alternatiboen mapari jarraituta.

Egunero bezala, baionarrek oinak astintzeko aukerarik ez dute galduko gaur, azken Dantzazpi kari.
Egunero bezala, baionarrek oinak astintzeko aukerarik ez dute galduko gaur, azken Dantzazpi kari. (Patxi BELTZAIZ)

«Heldu zaitezte, bada besta euskaraz egiterik Baionan». Besta irekiera egunean gonbidapen horrekin agurtu zigun Zizpa gaztetxeak antolatutako besta alternatiboen bozeramaileetako bat izan den Eneka Bartnetchek.

Baionako Bestak «munduko laugarren bestarik handienak» gisara saltzen dituzte turismo kudeatzaileek, eta salmenta horretan toki eskas dute bertako kulturak, hizkuntzak eta bizimoldeak, estereotipotik haratago.

Izan ere, elkarte baionarrek 90eko hamarkada hasieratik eta gaur arte kultura tradizionalaren tokia emendatzeko lan egin dute, Jacques-Portes plaza, Gaztelu Zaharraren itzalpean, euskal dantza eta musika tradizionalari gotorleku goxoa eskaintzea lortu arte.

Lau egunez, arratsaldeko 16.00etatik iluntzeko 21.00ak arte, Karrikaldi izen orokorrarekin ezaguna den ikuskizunaz gozatzeko parada bada.

Berez, pasarte ezberdinetan banatzen da emanaldia.

Hala, Leinua elkarteak hartzen du hasierako zatia, urtean zehar Baionako eta inguruko herrietako dantza eskolek egiten duten lanaren erakustoki gisa, horren antolaketan jarduten baitu.

Iluntzean, Dantzazpi saioa kari, herritar orok dantzari ekin ahal dio. Baina, bien artean, ezin aipatu gabe utzi Baiona Kantuz, euskal abeslariek izen propioa baitute Jacques-Portesko oholtzan.

Atzo, gainera, bisita berezia ukan zuen Karrikaldiak. Ostiralean Ipar Euskal Herriko makilarien txapelketa aterpetu ondoren, larunbatarekin Ibarratik (Gipuzkoa) heldutako Allut dantza taldea aritu baitzen, bertan bildutako jendetzaren gozamenerako.

Iruñea eta Baiona arteko loturak ospatzeko eguna

Baionaren eta Iruñearen arteko adiskidetasuna ohorean ezartzen duen bestetako igandea, edonola ere, berezia da.

Euskal Monetako euskara poloko arduradun Eva Mutiok nabarmentzen duenez, «familiak ateratzen dira, kuadrillan ibiltzen gara, eta goxoa da giroa, joana baita kanpotik heldutako bisitarien olatua».

Azkeneko Karrikaldia galdu ezinezko hitzordua bilakatu da. Dantzek irekiko dute azkeneko emanaldia, eta horren ondotik, 17:30ean, kontzertua izanen da.

Ostegunean Elena eta Julie lapurtar bikote gazteak estreinatu zuen gaur Baxe Nafarroako Hiruri taldeak itxiko duen kontzertu sorta. Ondotik, Leinuako eta Orai Bateko txarangek segurtatzen duten Dantzazpiren txanda helduko da.

Baiona Kantuz 20:00etan abiatuko da, Tuntunak eta Ibaialdeko koru taldeekin. 21.30etik goiti, Rita Mutxiko taldeak animatuko du azken aldiz egunero dantza zaleez betetzen den plaza.

Baionako eta inguruko ikastolek talo, janari eta edariak zerbitzatuko dituzte euskal kulturaz gozatzeko parioa eginen duten bestazaleentzat.

Eskaintza anitza Patxa plazan

Haurrendako jokoak, herri kirolak, bertso saioak... Egunean zehar euskal kulturak girotu du Patxa plaza. Jakin behar da aurten bestetako «eredu ofizial masifikatu eta bortitzari alternatiba» emateko mapa berean azaldu direla Baionako Gazte Asanblada, Zizpa Gaztetxea Bilxoko, Mouss’Roll kolektiboa, Epaiska, Laborarien Xokoa, Patxoki, Txalaparta Peña, Züzülu eta Patxondo. 

Besta Alternatiboen karietara, beti, egunero arratsaldetik gauerdira arte luzatu diren kontzertuek arrakasta bildu dutela nabarmendu dute antolatzaileek.

Despedidan, uztailaren 30 honetan, Kanboko Ziganteak karrikaratuko dira goizeko 11.00etatik aurrera, Baiona Tipian.

Inguru berean kokatzen den San Andreseko elizatik meza osteko autoritateen eta fanfarrietako desfilea abiatuko da, eguerdian Askatasun plazara. Udalean eginen zaiola harrera horren ostean Iruñako delegazioari.

Patxa plazan bestee agur esateko, Mister Saguak taldeak oholtza hartuko du 16.30etik aitzin.

Nat eta Watsonek alaitu duten preso eta iheslarien elkartasun bazkaria amaitu ondoren.