Testua: Roge BLASCO Argazkiak: Josu Larrabeiti eta Ana Luja
Elkarrizketa
Josu Larrabeiti eta Ana Luja
Ibilbide luzeko bidaiariak

«Gure ibilgailuarekin bidaiatzea da gehien gustatzen zaiguna»

Ana Luja eta Josu Larrabeiti.
Ana Luja eta Josu Larrabeiti.

Ana Luja eta Josu Larrabeiti ibilbide luzeko bidaiariak direnez, oso zaila da denboran eta espazioan kokatzea. Ez dira sare digitaletan agertzen. Askotan galdetu izan diot neure buruari: «Non egongo ote dira?». Zorionez, Euskal Herrian aurkitu ditugu, hemen baitago familia eta lagunak bisitatzeko eta osasun azterketa bat egiteko.

Josu Larrabeiti Getxokoa da, eta Ana Luja, berriz, Leioakoa. 1986an elkar ezagutu zuten, euskara praktikatzeko AEK Bidaiak elkarteak antolatutako bidaia batean. Bretainiara joan ziren belaontzi batean. Josu taldeko arduraduna zen. Une hartatik bertatik oso argi izan zuten bidaiatzea zela gehien desiratzen zutena.

Josu 1987an elkarrizketatu nuen lehen aldiz. Niger ibaian pinuzko ontzi batean nabigatzetik itzuli berria zen. Malira Land Rover batean joan zen.

Anak eta Josuk bidaia handi bat egin nahi zuten. Zimbabwen lan egin zuten eskola publiko batean eta Hegoafrikara joan ziren Land Roverrean. Zimbabwen 1992an eta 1993an egon ziren. Eta hurrengo urtean Afrikatik etxerako bidea hartu zuten.

Mundua ezagutzeko ideia are barrurago sartu zitzaien buruan, birus bat, droga bat balitz bezala. Ordurako argi zeukaten: euren bizitza bidaia bihurtuko zuten. Eta helburu bat adostu zuten: 40 urterekin erretiroa hartuko zuten. Lan publiko finkoak bilatu zituzten eszedentziak lortu ahal izateko, eta kontinente guztietan zehar ibiltzeko prestatu ziren. Eszedentzia amaitu zitzaienean, lanera inoiz ez itzultzea erabaki zuten.

Josu Larrabeitik EHUko Ekonomia irakasle postua utzi zuen, eta kamioilari lanetan hasi zen Euskal Herrira itzultzen ziren bakoitzean, dirua lortu ahal izateko. Ana Osakidetzako administrari lanetan ari zen, baina berak ere dena uztea erabaki zuen.

Hamabost urtez bidaiatu dute etengabe, modu askotan eta hainbat garraiobide erabiliz. Euren ibilgailua erabili dute, baina baita autobusak, trenak, bizikletak eta itsasontziak ere. Hegazkin batera igotzea tranpa egitea omen da.

Bi aldiz nabigatu dute Amazonian, Transiberiarra hartu dute, bizikletaz ibili dira, besteak beste, Japonian, Txinan edo Espainian, Kanariar uharteak barne. 2012an munduari bira eman zioten motxilekin.

Kamionetan bi bira eman dizkiote kontinente afrikarrari, eta pare bat bider zeharkatu dituzte Europa eta Asia, baita kontinente amerikar osoa ere, Alaskatik Patagoniaraino. 2017an picup furgoneta bat kanperizatu zuten, eta orain ekialderantz doaz. Georgian utzi dute. Haren bila itzuliko dira laster, Asiako ibilbidearekin jarraitzeko.

Munduari bira eman diozue, eta beste batzuetan kontinenteak zeharkatu. Zenbaitetan zuen ibilgailua baliatuz, baina baita beste baliabide batzuk erabiliz ere. Zer abantaila ditu lokomozio bitartekoak aldatzeak?

Josu: Ez dago bitarteko perfekturik, moldakorra izan behar duzu, egoera bakoitzera egokitu.

Ana: Gehien gustatzen zaiguna da gure ibilgailuarekin bidaiatzea, bertan lo egin eta janaria presta dezakezulako, gure etxe bihurtuz. Ez duzu ekipajea kargatu beharrik, ez duzu egon behar egunero leku bila ostatu hartzeko, jateko, dena zurekin daramazulako. Guretzat askoz ere erosoagoa da. Alabaina, aukeratutako ibilbidea egiteko egokia ez bada, ez zaigu axola bizikleta edo garraio publikoa hartzea. Ezta Amazonas ibaian zehar nabigatzea ere, hamaka eroso batean etzanda!

Erabili dituzue kamioneta (Ipar Amerika, Bilbo-Mongolia), autoa (Zeelanda Berria, Australia), motorra (Vietnam), itsasontzia (Amazonasen bi aldiz nabigatzen), bizikleta (Japonia, Txina, Kanariak eta Iberiar penintsula), autobusa, trena, oinez Nepalgo Himalaian edo Kanadan trekkingak egiten. Hala ere, zuentzat hegazkinez hegan egitea ez da bidaiatzea. Zergatik?

J: Hegazkinez hegan egitea tranpa da. Bidaia gainazalean egin behar da. Abioira igotzen zaren unean amaitu da. Bidaiatzeak esan nahi du jende, kultura eta paisaiaren bilakaera ikustea eta pixkanaka sartzea lurralde berrietan.

Bidaia berean zenbait bitarteko erabili izanaren adibide garbia izan zen 2011 eta 2012 urteetan munduari egin zenioten bira?

J: Estatu Batuetan, Mexikon, Kanadan eta Alaskan ibili ginen 2007an, Miamin erosi genuen kamioneta batekin. 2009 eta 2011 urte bitartean beste ibilgailu bat erosi genuen Miamin eta kontinente amerikar osoa jaitsi genuen Ushuaiara arte. Bidaia amaitu genuenean saldu eta lortutako diruarekin hegazkin txartel bat erosi genuen Zeelanda Berrira joateko. Han auto txiki bat eskuratu genuen herrialdean barrena mugitzeko. Hura ere saldu eta hegazkinez Australiara joan ginen. Han beste auto bat erosi, buelta handi bat eman herrialdean, eta Sydneyra itzuli ginen egun berean, autobian, hautsi egin zen. Goibel geratu ginen, eta Bangkokera abiatu. Garraio publikoa eta batzuetan motorra erabiliz, Thailandia, Kanputxea eta Vietnam zeharkatu ondoren, Bilbora itzuli ginen.

Zergatik erabaki zenuten 40 urterekin erretiratzea?

A: Elkar ezagutu genuenetik, bagenekien bidaiatzea gustatzen zitzaigula eta, hasteko, bidaia handi bat egin behar genuela; beraz, 1991 eta 1994 urte artean Land Rover zahar batean Afrikari bira eman genion. Esperientzia ona izan zenez, elkarri esan genion gure bizitza bidaia bihurtuko genuela. Gure asmoa zen 40 urterekin dena utzi eta alde egitea. Lagunekin ospatzen genuenean, topa egiten genuen beti, esanez: «40 urterekin jubilatzearen alde!».

Nola iraun duzue ekonomikoki orain arte?

J: Etxebizitza saldu genuen eta, inbertsioekin zortea izan genuenez, errentetatik bizitzeko adina izan dugu. Zenbait aldiz Euskal Herrira itzuli izan gara Anak birritan belauna hautsi duelako, behin trekking egiten Kanadan, eta ondoren, Estatu Batuetan. Pandemiarekin ere itzuli ginen eta lan egiteko aprobetxatu genuen. Unibertsitateko irakaslea izateaz gain, gidatzeko baimen guztiak ditut, kamioiarena eta autobusarena barne. Beraz, hemen gaudenean, erraz aurkitzen dut gidari lana, oso sakrifikatua delako eta ez duelako inork nahi.

Gidatzea gustatzen zaizu. Baina mekanikaz ere badakizu?

J: Bidean ikasten duzu. Eta, batez ere, zure furgoneta ezagutzen duzu. Mantentze lanak egiten dituzu, badakizu zerk huts egiten duen, ordezko piezak eramaten dituzu, eta, matxuratzen denean, geu saiatzen gara konpontzen. Hori bai, tailerrera eraman behar bada, mekanikariengandik ikasten dugu.

Ibilbidea inoiz amaitu ez dadin eta bidaia bizimodu bat izan dadin, nola zaintzen dituzue zeuen buruak?

A: Funtsezkoa da ondo jatea osasun ona izateko. Beti gustatzen zaigu tokiko sukaldaritza tipikoa probatzea. Herrialde bakoitzeko oinarrizko janariaren berri izatea gogoko dugu. Produktu freskoa eskaintzen, saltzen eta prestatzen duten tokiko merkatuetara joatea gustatzen zaigu. Beraz, ondo elikatzen garenez, ez gara inoiz gaixotzen.

Metro karratu gutxitan bizitzearen austeritatera ohitzen al zara?

A: Ez dugu objekturik erosten, ez dugulako non sartu. Azkenean, gastua erregaira, janarira eta bisara murrizten da.

Atzerritarrak ikustera ohituta ez dauden herrialdeetan egon zarete, Angolan adibidez. Harrituta?

J: Nire lekurik gogokoena Hego Afrika da: Angola, Namibia, Botswana eta Hegoafrika. Angolara joan ginenean, oso zaila zen bisa lortzea; guk bi hilabetekoa lortu genuen. Joan ginen pista batetik, zeinean bertakoek ez zuten inoiz autorik ikusi. Behin, himba artzain batzuk hartu genituen. Haietako batek irten nahi izan zuenean, leihotik saiatu zen, ez zekielako atea irekitzen.

A: Basamortuaren eta kostaldearen artean ibilbide zoragarri bat dago Angolan, inoiz egin dugun politenetakoa. Dunak itsasoraino iristen dira, eta marea biziarekin ilbetean bakarrik ibil zaitezke. Bi edo hiru metroko korridore bat irekitzen da. Gelditu eta mareak gora egiten baldin badu, urak itsasora eramango du autoa. Konfiantza osoa izan behar duzu zure ibilgailuan; pentsatu behar duzu egoki erantzungo duela. Esperientzia zoragarria da.