BABESLEDUN EDUKIA

Urretxu eta Uharte jaietan murgilduko dira eta Artziniega, antzinako azokan

Udazkena hasteko egun batzuk bakarrik falta diren honetan, jaietako egitarauak aurrera jarraitzen du eta asteburu honetan Urretxuren txanda izango da Gipuzkoan, eta Uharterena Nafarroan. Araban, aldiz, Artziniegako biztanleek antzinako azoka eskainiko dute larunbatean.

Urretxuko txupinazoa herriko kirolarien esku egongo da aurten.
Urretxuko txupinazoa herriko kirolarien esku egongo da aurten. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Urretxun Santa Anastasia jaiak ospatuko dituzte astelehena bitartean (irailak 18) eta txupinazoa ostiral iluntzean (irailak 15) botako dute herriko kirolariek. Bertan izango dira, ohikoa den bezala, txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, buruhaundiak, erraldoiak, musika banda eta txaranga.

Larunbata (irailak 16) Urretxuko baserrietako abelgorrien erakusketa eta azoka berezia izango dira goiz guztian zehar, baita idi probak goiz eta arratsaldez, bertsolariak, Kukai dantza taldearen emanaldia eta txistularien alardea ere. Egun horretan 45. gastronomia lehiaketa ere ospatuko da, oraingoan bakailaoa pil-pil erara prestatzeko.

Igandean (irailak 17), artisauen erakusketa eta azokaren txanda izango da, baita bertso eskolako bertsolarien saioa eta erromeria ere. Eguerdian, euskal jaiean parte hartzen dutenen arteko bazkaria izango da eta arratsaldez, karrozen ibilaldi ikusgarria herriko kaleetan.

Azken egunean (astelehena 18) haurrentzako jolasak izango dira egun guztian zehar eta, herri bazkariaren ondoren, kuadrillen arteko sokatira proba ikusgarria izango da eta, aurtengo jaiak amaitzeko, kantu afaria.

Musikari dagokionez, ostiralean Hip Hop jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko da, larunbatean Hiri Galduak eta Nogen taldeen kontzertuak, igandean Lisker taldearekin erromeria eta astelehenean, musika bandarekin dantzaldia.

Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak ere kontzertu egitarau osoa prestatu du lau egunetarako. Lehen egunean (ostirala 15) Sutan Ortzi, Añube eta DJ Xagardo arituko dira 23.00etatik aurrera; larunbatean Skapaie elektrotxaranga, Alargun Beltzak, J Martina eta DJ Tintz 21.00etatik aurrera; igandean Muxutruk eta DJ Keixi O 23:00etatik; eta astelehenean Zaunka taldea, 18.30ean hasita.

Urretxuko establezimendu laguntzaileak: Urretxu karrozeriak, Eitza consulting, Entzun audifonoak, Eutsi carpintería metálica, Prest lan bertikalak, Tapiceria Guillermo.

Uharteko jaietan protagonista izango dira aurten ere erraldoi eta buruhaundiak. (Idoia Zabaleta | FOKU)


Hamar eguneko jaiak Uharten
Nafarroara jauzi eginez, Uharten senidetasunaren bestak ospatuko dituzte hamar egun luzez, irailaren 24ra arte. Txupinazoa larunbata eguerdian botako dute (irailak 16) eta horren arduraduna 1977an sortu zen Ortzondo herriko dantzari taldea izango da.

Larunbatean eta igandean, hain zuzen, Ortzondo taldeko kideek Iturridantza izeneko jota dantzatuko dute San Juan plazan herriko gaiteroen laguntzaz eta herritarren parte hartze handia espero dute, berreskuratu berri den jota hori ikastera animatu baitituzte herritarrak aurreko egunetan.

Horretaz gain, adin eta gustu guztiei zuzendutako egitaraua izango da hamar egun hauetan: haurrentzako ekitaldiak, erraldoi eta buruhaundiak, kirolak, musika, zezen eta behi suzkoa… Urtero bezala, aurten ere herriko talde askok parte hartu dute jaien prestaketa lanetan.

Aurtengo egitarauan nabarmentzekoak dira, besteak beste, ekitaldi gastronomikoak. Horrela, lehenbiziko egunean herri bazkaria antolatu dute, igandean saiheski jana, asteartean kalderetea eta bokatada herrikoiak, asteazkenean txokolate jatea, ostegunean nagusientzako bazkaria eta pintxo lehiaketa, datorren ostiralean herri afaria, eta larunbatean paella jatea.

Uharteko establezimendu laguntzaileak: Microlan.

Artziniegako herritarren parte hartzea ezinbestekoa da Antzinako Azoka antolatzeko. (Marisol Ramirez | FOKU)


Artziniegan azoka ikusgarria
Araban, azkenik, jaiak bukatu berri dituen Artziniega herrian, Antzinako Azoka ospatuko dute larunbata honetan, irailak 16. Azoka hau ez da beste herrietan egiten den bezalakoa. Euskal Herrian aitzindaria izateaz gain –aurtengoa XXIV. edizioa izango da– zerbaitek bereizten badu, herritarren parte hartzea da eta aurten ere herritar askoren lanari esker lortu dute beste urte batez aurrera ateratzea.

Goizeko 11etatik aurrera, 80 postu inguru jarriko dituzte herriko alde zaharrean artisautza lanbide desberdinak erakusteko (ezpatagileak, iruleak, artile-moztaileak, txakolingileak...– eta horrekin batera janari postuak ere izango dira, baita musika eta antzerki emanaldiak ere.

Azoka honetara hurbiltzen diren guztiak berehala murgilduko dira Erdi Aroko giroan, 750 urte dituen herriko kale eta etxe zaharren artean ez baitira faltako erdi aroko arropekin jantzitako herritarrak, bertako bizilagun batzuk azken urteetan egin duten ikerketa eta berreskuratze lanari esker.

Artziniegako erakunde laguntzailea: Artziniegako udala.