NAIZ

Bira amaierarekin batera «etenaldi luzea» egingo duela iragarri du Liher taldeak

‘Hortzak’ bigarren aurrerapen kantua aurkeztearekin batera, ‘Eta hutsa zen helmuga’ bira amaitu ostean «etenaldi luzea» egingo duela iragarri du Liher taldeak. 2024. urte hasieran hiru «agur kontzertu» eskainiko dituzte Gasteiz (Jimmy Jazz), Bilbo (Kafe Antzokia) eta Donostian (iragartzeke).

Liher taldeak ‘Eta hutsa zen helmuga’ lanaren bira amaiera iragarri eta «etenaldi luze bat» egingo duela iragarri du. Etenaldiaren aurretik, baina, 2024. urtean hiru kontzertu hartuko dituen «agur bira» egingo duela ere zehaztu du. Lehena urtarrilaren 26an izango da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, bigarren otsailaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian, eta bira Donostian, iragartzeko dagoen toki batean, itxiko da, martxoaren 2an.

Etenaldiaren iragarpena ‘Hortzak’ izeneko bigarren aurrerapen kantuaren aurkezpenarekin batera egin dute. Kantua hardcorea eta punka uztartzen dituen «pieza amorratu» gisa deskribatu dute taldekideek eta Sua taldeko Ane Barretxearekin batera grabatu dute.

Abestia eskuragarri dago plataforma digitaletan eta Badator-ek ekoitzitako eta Ane Berriotxoak zuzendutako bideoklipa du lagun.

Otsailean atera zuten ‘Eramaten’ balada melodiko progresiboaren ondoan, «abesti frenetiko berri honek ezberdintasun bat markatzen du, berriro ere Liher-en esentziara itzultzen dena», gaineratu dute.

Bi abestiekin osatuko duten zazpi hatzbetetako biniloak (maxi-singleak) ‘VERSUS’ izena hartuko du eta, aurreratu dutenez, Durangoko Azokarako egongo da prest fisikoan binilo txikia.