NAIZ

Modus Operandi taldearen ’Oreka’ kanta, primizian NAIZen

Modus Operandik disko berria prestatu du aurtengo Durangoko Azokari begira eta, kanten artean, bost bertsio daude. Horietako bat atera berri dute bideoklip eta guzti, Berri Txarrak taldearen ‘Oreka’ kantaren moldaketa batekin.

Berri Txarraken ‘Oreka’ kantua moldatu du Modus Operandi taldeak Danae Riaño lagun dutela.
Berri Txarraken ‘Oreka’ kantua moldatu du Modus Operandi taldeak Danae Riaño lagun dutela. (Baga Biga Musika Ideiak)

Udazkena disko eta kanta berrien sasoia izaten da gurean eta Modus Operandi ere ari da pausoka-pausoka lanean. Durangoko Azokan aterako du disko berria Iñaki Ortiz de Villalba gasteiztarra buru duen proiektuak eta, aurrerapen moduan, Berri Txarrak nafarren ‘Oreka’ kantaren moldaketarekin bideoklipa atera dute, primizian, NAIZen eskutik.

Bideoklipa Iker Villa musikari eta artista bizkaitarrak zuzendu du eta kolaborazio batekin dator kanta, Danae Riaño irundarra, Villarekin S.T.R. taldean dabilena besteak beste, entzungo baitu abesten bideoklipa martxan jartzen duen edonork.

Bideoklipa ‘Studio sessions’ delakoen parte bihurtu dute, eta, oraingoan, taldekide berri baten presentzia ere nabarituko dute taldearen zaletuek. Andoni Garciak taldea utzi eta Ruben Matilla gehitu da proiektura gitarra jotzeko.

Bertsioak eta propioak

Aurrerapen kanten artean Latzen taldearen ‘Laztana’ ezagutu genuen iragan martxoan Modus Operandiren azken proiektuan. Ordukoan, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izan zuten bidelagun. Guztira bost bertsio eta bost kanta berri argitaratuko ditu Modus Operandi taldeak Baga Biga musika ideiak zigiluarekin eta disko bikoitza izango dela ere aurreratu dute.

Aurrekoan bezalaxe, honetan ere ukitu propioa ematen saiatu dira eta, kontatu digutenez, «aldaketa nabarmenena atxiki dion ukitu elektroniko erakargarria du. Gainera, ahotsean lankidetza hunkigarria jaso du Modus Operandik». Orain, zuen gozagarri duzue, primizian NAIZen.