Maitane Aldanondo Gabilondo
Elkarrizketa
Joxe Manuel Huici
Leitzako Saralegi taloak

«Taloaren sekretua hori da: harrotu egin behar da erretzerakoan»

Urteak dira Leitzako Saralegi taloak San Tomas azokan hutsik egiten ez duela eta ilara luzeak osatu ohi dira beren arto-irin opilak jateko. Joxe Manuel Huici (Goizueta, 1975) da postuaren burua, 2022an Kristina Saralegi emaztea hil zenetik. Prest daude goizetik iluntzera lanean aritzeko. 

Joxe Manuel Huici, eskuinean makurtuta, bere lan taldearekin..
Joxe Manuel Huici, eskuinean makurtuta, bere lan taldearekin.. (NAIZ)

Ia ezinbestekoak zarete Donostiako santomasetan, zerrama ere ekartzen zenuten.

Bai. Animalistak sartzen hasi ziren, Kristina aspertu zen eta hil aurretik hitz egin genuen uzteko. Bera hil zenean aziendak kendu nituen eta orain beste batek eramaten du.  

Nola bizi duzu eguna?

Iaztik berezia. Lehenengo urtea zen bakarrik, oso berezia eta hunkigarria izan zen. Lan asko egiten da, jende asko etortzen da, denei oso goxoa iruditzen zaie... Guk dena maitasun osoz eta umorez egiten dugu. Hori eskatzen dut kuadrillan: haserrerik gabe. Jende asko egoten gara, 30 bat lagun.

Eta salmenta aldetik, nolakoa da?
Segun, eguraldiak asko baldintzatzen du. Eguraldi txarra baldin bada, jende guztiak atzera egiten du; baina ateri baldin bada, salmenta oso ona izaten da eta inportantea.

Zer behar du talo batek ona izateko?
Ore ona behar da, baina maitasunez egina. Talotan erreta ari bazara, haserre, orea ez da ongi aterako; baina ari bazara maitasun osoz, eta gu hala ibiltzen gara, eta elkarri broman, taloa beti harrotzen da. Eta taloaren sekretua hori da: harrotu egin behar da erretzerakoan. Harrotzen bada, talo sanoa da.

Postuan taloa eta sagardoa besterik ez duzue.
Taloarekin beti eskatzen ziguten sagardoa eta postuan izaten dugu. Madozko bi gazte badira orain sagardotegia egiten ari direnak eta eurei ematen diegu aukera. Txistorra, txokolatea eta gazta ditugu. Txistorra gaztarekin oso ona gelditzen da, txokolatearekin bonba bat bezala, baina jende askok eskatzen du. Dena hartzen dutenak ere badaude.  Txokolatearekin gazteek edo umeek jaten dute, gehiago arratsaldean, merienda bezala. Sagardoa edaten dutenek txistorrarekin jarraitzen dute. Hirugiharra ere eskatzen dute, baina txistor eguna da. Diferentzia handiena da Gipuzkoan gehiago jaten dela txistorra eta Nafarroan, hirugiharra. Kristoren diferentzia dago.

Zenbat talo egingo dituzue horrelako egun batean?
Kar, kar. Asko! Zaila da kontatzen. Askok esaten digute: “Talo pila saldua izango dituzue”. Arrazoia dute, baina horren atzetik dagoena... Ez da taloa saldu bakarrik, generoa erosi behar dut. Irina ez, hori etxean egiten dugu, baina egitea ere asko kostatzen da. Hori ez da ikusten. Jende pila horiek ordaindu egin behar dira, aseguruak... Irabazten da, baina lan asko egin behar da.

Lehen baino talo gehiago jaten al da orain?
Bai. Asko. Nik esatea gaizki da, baina guk dena ona erabiltzen dugunez, asko eskertzen didate. Taloa nahiz eta ona izan, sartzen baduzu txistorra, gazta edo txokolate txarra, talo txarra izango da. Txistorra Arbizukoa da; gazta, Egozkuekoa, Loperena, oso ona. Txokolatea ere bai.

Azoketatik kanpo, ontziratutako taloak ere saltzen dituzue.
Kontsumo taldeekin hasi ginen, gero, harategiak, supermerkatuak... Eskaerak ere egiten dizkigute. Herbehereetara heldu dira gure taloak! Iaz telefono arraro baten deia jaso nuen, hangoa zela zioen telefonoak, iruzurra izan zitekeela, baina intuizioak hartzeko esan zidan. Han bizi den donostiar bat zen, taloak nahi zituen, baita txistor eta gazta pixka bat ere. Gero, bideo bat bidali zidan, mundu guztikoak ziren jaten ari zirenak eta Kristinaren omenez ikurriña bat jarri zuten. Sevilla, Madril, Bartzelonatik... deitzen didate ere. Online ere hasi nahi dugu, ea moldatzen garen.