NAIZ

Hamar haurdunetik batek nahasmendu depresiboak ditu, eta hamabostetik batek, antsietatea

Asteazken honetan Gasteizen hasi den psikiatria eguneratzeko ikastaro batean Gemma Parramon adituak azaldu duenez, emakume haurdunen artean nahasmendu mental ohikoenak depresiboak eta antsietatea dira. Honen inguruan gutxi ikertu dela deitoratu du psikiatra honek.

Emakume haurdunen artean nahasmendu mental ohikoenak depresiboak eta antsietatea dira.
Emakume haurdunen artean nahasmendu mental ohikoenak depresiboak eta antsietatea dira. (Raul BOGAJO | FOKU)

Emakume haurdunen artean nahasmendu mental ohikoenak depresiboak dira, egoera horretan dauden hamarretik bati eragiten baitiote eta hamabostetik batek, berriz, antsietatea du, haur jaioberriaren osasunari buruzko kezkengatik.

Bartzelonako Vall D'Hebron Unibertsitate Ospitaleko psikiatra eta emakumearen osasun mentalean aditua den Gemma Parramonek, asteazken honetan Gasteizen ireki den Psikiatriako Eguneratze Ikastaro Nazionalean parte hartu du eta, ohartarazi duenez, gaitz horiek «erditze osteko nahasmendu mentaletarako arrisku-faktore handienetako bi dira».

Azaldu duenez, haurdunaldia nahasmendu mental larriak izateko arrisku handiagoarekin lotzen da, eta horren barruan sartzen dira, batetik, lehendik zeuden gaixotasunak larriagotzea, eta, bestetik, nahasmendu berriak agertzea. Psikiatrak deitoratu du ikerlan gutxi daudela emakume horien tratamendua bideratzeko.

Horien artean daude, besteak beste, larritasun desberdineko erditze ondoko depresioa, nahiko arrunta dena; antsietate-nahasmenduak, batez ere haurraren osasunaz kezkatzeagatik eta trauma osteko estresa, erditze traumatiko baten ondoren sor daitekeena edo haurdunaldiaren aurreko trauma bat isla dezakeena.

Bada beste nahasmendu bat ere, «ez oso ohikoa baina oso larria» dena, erditze ondoko psikosia, «modu malkartsuan agertzen dena erditu eta berehala (bi asteko epean), eta ospitaleko arreta psikiatrikoa behar duena», adierazi du Parramonek.

Erditze ondoko psikosia 1.000 kasutatik 1ean gertatzen da, eta bere larritasunagatik eta «aurreikusi ezin den eboluzioagatik, arrisku handia dago amarentzat eta haurrarentzat, tratatzen ez bada (suizidioa eta infantizidioa, esate baterako)».

Erditu ondoren okerrera egin edo berriro ager daitezkeen beste nahasmendu batzuk elikadura-jokabidearekin eta Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboarekin lotuta daude. Azken horrek «beldur eta larritasun handia» sortzen dio amari, bere portaerak haurrari kalte egingo ote dion beldur baita.

Ondorioak

Tratatu gabeko haurdunaldiko gaixotasun psikiatriko batek, adituak dioenez, «areagotu egiten ditu ondorio kaltegarriak bai amarengan bai haurrarengan» erditu ondoren eta amaren suizidioa da erditzearen osteko lehen urtean amaren heriotza-kausa nagusia».

Haurraren kasuan, «konplikazio obstetriko gehiago ikusten dira, hala nola jaiotzean pisu txikia izateko arrisku handiagoa, goiztiartasuna, loturaren nahasmenduak eta desnutrizioa bizitzaren lehen urtean, eta kasu oso bakan baina oso dramatikoetan, infantizidioa», azaldu du psikiatrak.