NAIZ

‘Erro’, Cascante eta Urruña lotzen dituen abestia kaleratu dute La Furiak eta Ødeik

La Furia (Cascante, 1983) eta Ødei (Barakaldo, 1988) elkartu dituen abestia izan da ‘Erro’. Nafarraren unibertso berriko bigarren kantua da eta elkarrekin lan egiteko zuten gogotik abiatzen dena. Primizian ikusi dezakezue bideoa NAIZen eskutik.

La Furia eta Ødei elkarlanean aritu dira artista nafarraren lan berrikoa den ‘Erro’ bigarren abestia sortzeko. Duela hilabete iragarri zuen Nerea Loron ‘La Furia’ rap-abeslari nafarrak hilabetero abesti berri batekin etorriko zela eta, hau, serie horretako bigarrena da.

Denbora luzez aritu dira kantu hau osatzeko eta bi artistek elkarrekin lan egiteko zuten nahia izan zen abiapuntua La Furiak esan duenez: «Oso xelebrea izan da, zailtasunak zailtasun. Magia egon da eta uste dut ikusi ahal izango dela. Gainera, landu beharreko gai bati buruz ari gara». Ødeik, bere aldetik, abestia «elkargune» bat dela uste du, nahiz eta distantzian aritu diren asko lanean: «Bukaeran grabatzeko elkartu garen arren, errepika egiteko ere elkartu garen arren… telefonoz asko hitz egin dugu».

Cascante eta Lapurdi uste baino gertuago daudela nabarmendu nahi izan dute kantuan eta EAE zentrismoari nolabaiteko kritika ere egiten diote abestian bi abeslariek, besteak beste, euskararen gaia ardatz bezala hartuta. «Abesti honetan geure errealitateek bat egin dute. Geure arteko desberdintasunak erakusten ditugu, baita elkartzen gaituena ere», diote sortzaileek. «Fusio honek lurraldearen ideiari aurre egin eta kultur eta hizkuntza aniztasunari buruzko elkarrizketei bide egin nahi die gaur egungo musika testuinguruan», aipatu dute biek ala biek.  

Bideoklipean irudi indartsuak daude, tartean panoptikoaren iruditeria ere txertatu dutelarik. Alkimia Produkzioak izan da bideokliparen egilea, Odei Barroso beraren ekoiztetxea.