Testua: Laura Fornell Argazkiak: Oscar Espinosa

Rickshaw-ak, Kalkutako azkenak

Kalkutako New Market-ean argitu du eguna. Goizero, hiriko denda eta jatetxeek hornigai bila jotzen dute bertara. Makina bat oilasko zintzilik daramatzaten bizikletek eta trastez gainezka doan taxi batek uzten duten tartetxotik bidean aurrera egiten dute rickshaw-ek.

Egurrezko bi gurpil handi dituen gurdi zahar moduko bat da, gizon batek tiratutakoa. Minutu gutxian gurdia dozenaka oilaskoz betetzen dute, eta heldulekuaren zatia bakarrik uzten dute libre, tiratu ahal izateko. Karga-gizonak, wallah delakoak (argalak, zarpailak eta asko oraindik ere oinutsik dabiltzanak), arduratzen dira goizeko lehen orduan inguruko saltoki gehienak hornitzeaz; hiria oraindik erdi lo dagoela eta gerora izaten diren auto-pilaketarik ez dagoela aprobetxatzen dute. Bidaia bakoitzeko 70 errupia irabaziko dituzte (0,80 euro).

Victoria Memorial-a, Howrah zubia eta Ambassador taxi horiak bezala, rickshaw-a Kalkutaren beste ikurretako bat da. Raj britainiarrak XIX. mendean sartu zuen tramankulua eta hiri honen iragan kolonialaren parte da. Kontraesan handiko hiri honek, baina, metropoli moderno gisa agertu nahi du, itxura eskaseko gizon pobreek tiratutako gurdi hauek gabe. Eta, metroa eraiki zuen Indiako lehen hiria izan bazen ere, oraindik rickshaw-ak hiri-garraiobide gisa erabiltzen dituen munduko hiri bakanetakoa da. Mendebaldeko Bengalako gobernu askok kaleetatik kendu nahi izan dituzten arren, hiriko errealitate sozioekonomikoa dela eta, ia ezinbestekoak dira montzoi garaian urez betetako kale estuetan mugitzeko.

APARKALEKUA ETA KONPONKETA-TAILERRA ALOKATUTA

Ama Teresa Kalkutakoaren Harrera Etxetik gertu rickshaw zahar eta hautsez beteak pilatzen dira. Dera edo etxe baten aurrean aparkatuta daude; zatika erortzen ari dela dirudi eta rickshaw-en jabearena da, bere ibilgailuen tiratzaileek lotarako leku gisa erabiltzen dutena, 100 errupia ordainduta aparkalekua eta konponketa-tailerra alokatzearen truke. Halim Aktharrek 52 urte ditu eta 15 urte daramatza dera honetan bizitzen eta lan egiten.

Dahkatik heldu zen, Bihar estatuko herri txiki batetik, bere emaztearentzako eta zazpi seme-alabentzako bizibidea ateratzera. 22 kiderekin partekatzen duen logela ilunaren hileroko alokairuaz gain, jabeari 900 errupia ordaintzen dizkio hilean rickshawaren truke. «Asteko 7 egunetan lan egiten dut; beraz, ostatuaren eta rickshawaren alokairua batuta hilean 1.000 ordaintzen ditut. Nire familiari hilero 5.000 bidaltzen saiatzen naiz, bizi ahal izan daitezen, baina ez dut hilero lortzen», aitortu du etsita.

MD Koisarrek 53 urte ditu, eta jabe berarentzat lan egiten du, baina bere familiarekin bizi da apartamentu txiki batean. «Gorakhpur-ekoa naiz, Uttar Pradesh estatukoa. Oso gazterik etorri nintzen Kalkutara nire familiari laguntzeko lan bila», kontatu du. Duela 30 urte iritsi zen Kalkutara. Hasieran denetarik egin zuen rickshaw tiratzaile gisa lanean hasi zen arte. «Ez nekien nola eutsi orekari, eta kosta egiten zitzaidan frenatzea eta berriro abiatzea», gogoratu du.

«Baina 20 urtez hari tiraka ibili ondoren, nire gorputzeko zati bat balitz bezala da; nire pisuaren hirukoitza ere karga dezaket eta arazorik gabe maneiatu. Erdiguneko kale estuetan beste edozein ibilgailu baino askoz azkarrago mugitzen gara; horregatik nahiago gaituzte gu ibilbide laburrak egiteko. Tira, horregatik eta hiriko garraiorik merkeena garelako». 20 eta 50 errupia artean kobratzen dute ibilaldia (0,25 eta 0,55 euro artean).

Koisar eta bere familia sukalderik eta komunik gabeko lau metro karratuko gela txiki batean bizi dira. «Nire lana ez da munduko onena, eta asko aurka daude, zama-animalia gisa tratatzen gaituztela uste dute, baina inork ez gaitu horretara behartzen. Lan gogorra da eta oso gutxi irabazten da, baina orain arte familia mantentzeko aukera eman dit», esan du bere biloba askatu gabe. «Ez dakit zer egin ahalko nukeen rickshaw-ak behin betiko debekatuko balira. Utz diezadatela rickshaw-arekin lan egiten nire gorputzak nahikoa dela esan arte; hori besterik ez dut eskatzen. Ez diot inori minik egiten, eta hipokritak iruditzen zaizkit lan gizagabea dela diotenak eta debekatu nahi dutenak. Horiek emango al didate nire familia mantendu ahal izateko lana edo dirua?».

5.800 TIRATZAILE DAUDE AKTIBO

2005ean debekua iragarri zutenetik, wallah kopurua bi heren baino gehiago murriztu da. Gaur egun 5.800 tiratzaile geratzen dira aktibo; 2005ean, berriz, 18.000 zeuden. Lanbidea desagertuz doa langileak zahartzen doazen heinean. All Bengal Rickshaw Union sindikatua Mendebaldeko Bengalako gobernuarekin negoziatzen aritu da rickshaw-en jabeentzat eta tiratzaileentzat konponbideak aurkitzeko.

«2005ean gobernuak rickshaw-ak debekatu zituen, horiek gizagabetzat jotzen zituelako, nahiz eta sindikatu honen ikuspuntutik gizagabeena gizon bat lanik gabe uztea izan», salatu du 53 urteko Mukthar Alik, duela 25 urtetik sindikatuko idazkaria denak. «Zorionez, 2011n boterera iritsi zen gobernuak ez zuen araudia ezarri eta lanean jarraitzeko aukera eman die», kontatu du pozik. «Urteak daramatzagu eredua aldatzeko proiektu bat lantzen, pertsonek tiratutako rickshaw-etatik ibilgailu elektrikoetara pasatzeko», esan du proiektuaren zirriborroa erakutsiz.

Ordezkoak beste hiri batzuetan aspalditik erabiltzen diren bateriadun bizikletak izango dira, ahalegin fisiko handirik eskatzen ez dutenak. Mukthar Aliren esanetan, modelo elektriko horrek 90.000 errupia inguru balio du, eta Mendebaldeko Bengala estatuak bere kostuaren %95 estaltzea espero dute, egungo rickshaw-en jabeek ibilgailu bakoitzeko 4.500 errupia inguru soilik ordaindu behar izan dezaten. Proiektua gauzatzen bada, rickshaw-en jabeak izango dira onura handiena jasoko dutenak, ibilgailu berriekin negozioarekin jarraitu ahal izango baitute.

Tiratzaile gehienentzat, ostera, ibilgailu tradizional horiek kaleetatik kentzeak beren lan-bizitzaren amaiera ekarriko du. «Birgaitze-planaren arabera, wallah gazteenak eredu berriarekin lanean jarrai dezaten gaituko dira; zaharrenak, berriz, pentsio-plan batean sartuko dira», azaldu du sindikatuko idazkariak, derrigortutako erretiroaren ondorengo pentsioen zenbatekoak zehaztu gabe.

GAUZAK ASKO ALDATU DIRA

Familia giroa sumatzen da Ramdeniren deran; “aita” esaten diote, nahiz eta asko bere adin berekoak izan. «Duela 40 urte baino gehiago sartu nintzen sindikatuan, Hadjpurretik, Bihar-ko nire jaioterritik, iritsi eta gutxira. «Eta gauzak asko aldatu dira ordutik», esan du nostalgia agertuz 66 urte dituen eta sindikatuko lehendakariordeak, Ramdeni Sharmak. Manoj Sharma 35 urteko semeak laguntzen dio familiak dituen 165 rickshaw-ak kudeatzen.

«Badakit lehenago edo geroago desagertu egingo direla, baina duela 20 urte aitak esaten zidan 20 urteren buruan ez zela rickshawrik egongo eta gaur egun oraindik hirian zehar ibiltzen dira. Ez dakit noiz iritsiko den unea, baina uste dut Kalkutako rickshaw tiratzaileen azken belaunaldiaren aurrean gaudela», azaldu du aitari begira.

Tiratzaileek egunean 30 errupia ordaintzen dizkiote rickshaw-a alokatzeagatik, eta 120, hilean 3 metro koadroko xaflazko gelatxoetan pilatuta lo egiteagatik. 50 urteko Ramjif Yadv-ek halako bat partekatzen du bere osaba eta ilobarekin. «Duela 25 urte etorri nintzen lan bila, eta bizilagun batzuek hitz egin zidaten leku honi buruz, eta harrezkero beti lan egin dut jabe berarentzat, denok aitatzat hartzen dugunarentzat». Ramjif ere Bihar estatutik dator, Bodhgaya hiritik, non oraindik emaztea eta bi alabak bizi diren.

Kriskitin bat entzuten da Kalkuta erdian, Ripon Street-en barrena, bere txintxinarekin arreta erakarri nahian. Basir, gizon konkortu eta oso argala, agertu da bikote handiago bat karga gisa daramala auzo musulmanerako bidean. Basirrek eta Biharreko herri bereko hiru lagunek dera kanpoko espazio bat alokatu eta partekatzea erabaki zuten. Basir, 50 urtekoa, Abdul Glam, 45ekoa, Isad Mohamad, 60koa, eta Odir, 40koa, leihorik gabeko 1x2 metroko trasteleku batean bizi dira, eta hilean 1.000 errupia ordaintzen dituzte.

«Deran lo egingo bagenu baino gehiago ordaintzen dugu, baina independentzia handiagoa dugu eta lasaiago gaude», esan du Abdulek. «Hemen bizitzeko argal egon behar dugu eta elkarrekin ondo konpondu», esan du txantxetan lankideei barre eraginez. Rickshawa alokatzeagatik egunean 30 errupia eta trastelekuagatik hilean 250 ordaindu ondoren, ahal dutena bidaltzen diete familiei. «Zer gertatuko da rickshaw-ak behin betiko debekatzen dituztenean? Ez dakigu», deitoratu du serio Isad Mohamadek. «Espero dut denbora beharko dutela urteetan ahotan darabilten birgaitze-plana onartzeko».