J.S.

Bertako sagarrarekin egina, ekologikoa eta latan ontziratua

Garagardoaren sektorean oso zabalduta dagoen aluminiozko ontzia gero eta gehiago zabaltzen ari da sagardogintzan, hainbat abantaila eskaintzen dituelako. Tolosako Isastegik ere aukera hori eskaini nahi du kalitatezko sagardoa merkaturatzeko. Euskal Sagardoa, ekologikoa eta latan ontziratua.

Joseba Lasa Isastegiko arduraduna, Euskal Sagardo ekologikoz betetako latak eskuetan dituela.
Joseba Lasa Isastegiko arduraduna, Euskal Sagardo ekologikoz betetako latak eskuetan dituela. (J.S.)

Tolosako Isastegi sagardotegiak urteak daramatza kalitatearen aldeko urratsak ematen. Alde batetik, gero eta handiagoa da bertako sagarrarekin egindako Euskal Sagardoaren produkzioa. Ahalegin horrek, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere jaso du errekonozimendua eta, pasa den astean Frankfurten egindako Cider World’24 ekitaldian, Isastegiren Jatorrizko Deiturako sagardoak urrezko domina jaso zuen sagardo naturalaren kategorian.

Horrekin batera, nabarmentzekoa da Joseba eta Mikel Lasa anaiek produkzio ekologikoaren alde egindako apustua, eta une honetan bertako sagarrarekin egindako sagardo guztiak zigilu ekologikoa duela esan daiteke. Hortaz, Isastegiko Euskal Sagardoa erosten duenak (botilan edo latan) ekologikoa ere erosiko du.

Bide horretan, orain dela hiru urte proiektu berri bati ekin zioten, 620 metroko altuera duen sail batean 7 hektareako sagasti ekologikoa jarriz. «Kanpora joan garenean ikusi dugu altuerako sagarra gehiago baloratzen dela kalitatezko sagardoa egiteko, eta guk ere bide horretan lehen pausuak ematea erabaki dugu», azaldu du Josebak. Beren asmoa sagasti horretako sagarrekin «partzelako» sagardo berezia egitea da. Hala ere, arbol gazteak dira oraindik eta ez dira guztiz produkzioan sartu.

Horrekin batera, ontziratze arloan ematen ari diren berrikuntzak ere eskaini nahi izan dituzte eta garagardoarena bezalako sektoreetan oso zabalduta dagoen aluminiozko ontziaren aldeko apustua egin dute kalitatezko sagardoa ontziratzeko, eskaintzen dituen abantailengatik.

Alde batetik, 330 ml. dituenez, egokia da botila osoa gehiegi egiten zaien kontsumitzaileentzat, eta bestetik, ontzi arinagoa denez, etxetik kanpo edozein tokitara eramateko aproposa da. Gaur egun, sagardoa kontsumitzeko moduak aldatzen ari dira, gazte jendearen artean batezere, eta Isastegik bat egin nahi izan du ohitura berri horiekin.

Ontzi mota hori gero eta gehiago zabaltzen ari bada ere, Euskal Herrian oraindik poliki doan gauza da eta Isastegiko upategian egiten den produkzioaren %90 atzerrian saltzen dute, batezere AEBetan. Joseba Lasak dioen moduan, «han ohitura handia dute latan kontsumitzeko, baita sagardoa ere».

Isastegiren kasuan, formato berri honen eskaerak handitu egingo diren itxaropena dute, tamaina bereko botila txikia asko saltzen dutelako betidanik eta jendea ohituta dagoelako kopuru hori duen sagardo ontzia kontsumitzera.

Latako sagardoa eskuratu nahi duenak, saltoki handietan aurkituko du, baita upategian bertan ere.

Izan ere, eta zenbait tokitan galtzen ari den ohitura bada ere, Isastegin mantentzen dute oraindik ere salmenta zuzenaren aukera. «Internet bidez jendeak erosten digu sagardoa, baina, gure kasuan, jende dezente etortzen da bertara botila bila -dio Joseba Lasak-. Kontuan hartu behar da gure bezero asko inguruko herri txikietakoak direla, eta, erosketak egiteko autoa hartzen dutenez, etxerako bueltan hemendik pasatzen dira sagardo bila eta, bide batez, kontu batzuk esatera».