Zikoitz Atorrasagasti

Nehoiz ahantz ez dezagun

Duela gutxi halakorik gertatuko zela esan izango baligute, barre-algarak egingo genituzke tamaina horretako fantasiaren kontura. Gertakaitz eta ez-probable guztien artean zailenetakoa gertatu da, ordea. Berdin dio zergatik, kontua da euskal rockzale askoren ametsa egi bihurtu dela: Errobi itzuli da.

Errobiren 50. urteurreneko kontzertua, Euskalduna Jauregian.
Errobiren 50. urteurreneko kontzertua, Euskalduna Jauregian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Jendeak agortuak ditu Euskaldunako kontzerturako salgai zeuden sarrera guztiak: guztira, bi milatik gora. Oraindik gogoratzen dugu nola hemen Euskal Herriko Lur Maitea izeneko jaialdia ospatu zen 2011n, euskal kantagintzako hainbat artistekin. Orduan, Mixel eta Anjek itzulera espres bat egin zuten Errobiren kantu gutxi batzuk jotzeko. Alta, bi protagonistek ez zuten itzulera hipotesi bezala ere kontuan hartzen. Bizitzak makina bat buelta ematen ditu, ordea, eta aurten Errobiren omenez gauzatu den ‘Atzar hadi’ proiektuarekin zirikatuta eta akaso erdi-hasarretuta, Ducau eta Duhalde beraiena dena defendatzera atera dira, euren azalpenei kasu egiten badiegu.

Gauzak horrela, 19:05ean irten zen oholtzara Errobi taldea, hau da: Anje eta Mixel beste hiru musikarirekin. Hirurak ere Anje Duhalderen bandako partaideak, musikari bezala teknika eta ahalmena sobera erakutsia dute bai Anjerekin zein beste proiektuekin ere. Atabaletan, Txomin Duhalde, Anjeren semea, aita bezala atabal jolea eta kontzertuaren indarra eta zuzentasuna bermatzen duena. Remy Gachis gitarra jolea, Anjerekin hainbat urte daramatzana eta oraingoan, gitarra solista ordez, erritmikoa jotzea tokatu zaiona. Eta Iñigo Telletxea, hamaika taldetako baxu jolea, hala nola: Anje Duhalde, Xabier Montoia, Borrokan, Petti eta abar.

Gure kinieletan lehena izateko aukera aunitz zituenarekin hasi ziren, hain justu ‘Agur t’erdi’-rekin ekin baitzioten. 1985ean itzuli zirenean atera zuten izen bereko diskoa guztiz ahaztuta dagoen arren, ezkutuko harribitxi batzuk badauzka, tartean hauxe bera. ‘Gure lekukotasuna’, ordea, arrakastatsuagoa izan zen, baita ‘Kanpo’... ere, Mixelen lehen gitarra saio gogotsua ekarri zuena. Ikuslegoa gustura egon zen emanaldi osoan, gehiegi aztoratu gabe baina tarteka kantatzen, eta abesti konkretu batzuetan euforiatik gertu. Gauzak horrela, eta pixkanaka giroan sartuta, ‘Nagusiaren nigarrak’ eta batez ere ‘Aitarik ez dut’ borobil geratu zitzaizkien musikariei.

Horren ondoren etorri zen apusturik arriskatuena, hain zuzen ere ‘Ametsaren bidea’, Errobiren izen bereko disko progresiboko harribitxietako bat, jo zutenean. Berez hamazazpi minutu eta erdi pasatxo dituen arren, minutu pare bat motzagoa egin zuten. Mixelen artelana dugu kantua; suite zoragarria, bere igoera, intentsitate joko eta pasarte anitzekin. Ducauk txirula ere jo zuen kantuaren momenturik zirraragarrienetako batean. Diskoa Euskal rock progresiboaren urrezko garaiko (garai hori inoiz existitu bada) klasikoetako bat dugu, Koska, Itoiz, Sakre, Lisker, Itziar, Enbor eta beste hainbaten lanekin batera.

Ikuslegoak distantzia apur batekin hartu zuen kantua, egia da, baina taldearen historiaren parte da eta sobera kalitate eta prestigio dauka. Rock boteretsuaz eta progresiboaz gain, pasarte elektro-akustikoak eta bi ahotsen arteko harmonia zoragarriak ere taldearen garaikurra dira, eta segidan biko formatuan egin zituzten hiru kantuek sobera frogatu zuten hori, ‘Perttoli’, ‘Zuretzat’ eta ‘Ez deat erranen’ bikotearen mailaren isla fidagarria izan baitziren. Bi ahotsen boterea, gainera, emanaldi osoan sobera nabaritu zen, bai kantu akustiko zein rockeroenetan. Alboka ere jo zuen Mixelek izen bereko kantuan. Beste batzuetan, txirula edo saxoarekin ere aritu zen, baita ia denetan gitarra elektrikoarekin ere. Bere maila instrumentala, eta gitarra elektrikoa (rock formatuan bederen) berriz hartzeak sortu dion sua eta garra ikusgarriak izan ziren emanaldi osoan. Leherketa momentu aunitz izan zituen, dantza ere egin zuen saxoa eskuetan zuela, eta bere ahotsaren indarra ia ez sinestekoa izan zen.

«Ez ahaztu inoiz»

Anjeren ahotsa ere azken urteotan bereziki indartsua eta ahaltsua nabaritzen dugu. Hortaz, bien artean sortzen duten magia zenbaterainokoa den irudikatu dezakezue. Berezkoa zuten gaitasunari esperientzia gehitu diote, eta tonu altuak harrapatzeko duten erraztasuna, daukaten adinarekin, harrigarria ere bada. Ez dugu aipatu, baina aldarrikapena eta nortasunaren defentsa presente egon ziren kontzertu osoan. ‘Nagusiaren nigarrak’ hasi baino lehen Anjek, Euskaldunan geundela aprobetxatuta, langileen borroka gogorarazi zuen, eta gaur egungo jauregia Euskalduna Ontziolan duela 40 urte borrokan egon zirenen hilobia dela, eta izaten jarraituko duela, esan zuen. «Ez ahaztu inoiz».

‘Xileko langileria’ amaitzerakoan ere Anjek mezu indartsua igorri zigun: «Argi ibili. Bazterrak zaindu eta argi ibili. Hemen ere berdina gerta daiteke eta» (Txileko Estatu-kolpea eta errepresioari buruz). Kantua bereziki gogorra geratu zitzaien, beste zenbait bezala, hainbat kantuetan atera zuten burrunba izugarria izan baitzen. Rock klasikoa ere izan genuen ‘Rockin eta rollin’ jostagarriarekin. Mixel, gero eta askatuago, saxoarekin soloak egiten aritu zen dantza egiteari utzi gabe. Kantu honetan Remy Gachis ere lehen lerrora etorri zen koru batzuk egitera. ‘Telebista’-ri eman zioten egurrak berriz ere ia Heavy Metalera hurbildu zituen, nahiz eta hasierako zatiari egin zioten aldaketak momentu batez moteldu ere egin zuen. ‘Lantegiko hamar mandamenduak’ ere oso arrakastatsua suertatu zen, batez ere bukaerako parte umoretsuan: «langileek, pottotta ta ipurdi nagusiarendako».

Rock festa itzela

Olatuaren gailurra utzi gabe, ‘Nora goaz?’ pizgarria aukeratu zuten agur esateko. Lehen ere esan dugun arren, apartekoa izan zen berriz, bi kantarien ahala eta tonu altuen erakustaldia. Jendea zutik zela agurtu gintuzten, handik ez askora lehen bisei ekiteko: ohikoa baino bizkorrago eta gogorrago erasotu zuten ‘Euskadi’ ereserkia, eta bigarren agurra berriz ere ‘Agur t’erdi’-rekin egin zuten. Inork gutxik espero zuenean irten ziren berriz, oraingoan Mixel eta Anje bakarrik ‘Gure zortea’ gogoangarriarekin agurtzeko.

Euskal rockaren oinarri eta mugarri sendoenetakoa itzuli da, momentuz bi kontzertutarako bakarrik bada ere. Rock talde konprometitu moduan, herria, hizkuntza, iparraldeko eta Lapurdiko kostako problematika, turismoaren eraso bortitza, kapitalismoaren salaketa eta internazionalismoa presente egon ziren emanaldi osan. Baina bada kontzeptu bat, Haundi mandiena, Errobiren lau kantuetan agertzen dena. Haietatik hiru jo zituzten Euskaldunan: ‘Xileko langileria’, ‘Telebista’ eta ‘Gure zortea’ (laugarrena ‘Bakea’ da, baina zoritxarrez ez zuten jo). Orobat, rock festa itzela izan zen, teknikoki aparta, zati akustiko gogoangarri batzuk ere izan zituen arren zirrara sortzeko moduko gogortasuna erakutsi zuena. Zorionez, ez da azkena izango. Beraz, Anjek esan zuen moduan: argi ibili eta bazterrak zaindu. Errobik sortu zuena nehork ez deusek ez baitu hiltzen ahalko.