NAIZ

‘Eten’ kantuaren bideokliparekin disko berria iragarri du Brigade Locok

Talde gipuzkoarrak otsailaren 21ean kaleratuko du lan berria, ‘Bide baten esanahia’. Aurretik, ordea, hiru bideoklipez osatutako trilogia aurkeztuko dute ostiral honetan, urtarrilak 10, Bergarako Seminarixoa aretoan, iluntzeko 20:00etan.

Lau urte pasa dira Brigade Loco taldeak ‘Amets bati lotuta’ lan luzea kaleratu zuenetik eta, orain, 2025eko otsailaren 21ean, ‘Bide baten esanahia’ disko berria aterako dutela iragarri du talde gipuzkoarrak, beren ibilbideko hirugarren lan luzea.

‘Eten’ kantua izan da aurkeztu duten lehena, Beñat Goiak zuzendutako bideoklip eta guzti. Baina, bihar, urtarrilak 10, iluntzeko 20:00etan, Bergarako Seminarixoa aretoan, beste hiru gehiago aurkeztuko dituzte primizian. Haiek ere Beñat Goitiak zuzendu ditu eta trilogia moduan aurkeztu dute. 

Diskoa otsailaren 21ean etorriko da eta ‘Bide baten esanahia’ bira diskoa kaleratu aurretik abiatuko dute Londresen, otsailaren 7an, eta, biharamunean, Derby hirian arituko dira Forever Young Festival jaialdian. Gero, hilaren 22an hasiko dira Euskal Herriko aurkezpenak, Atarrabiako Totem aretoan. Atzetik etorriko dira Gasteiz, Zaragoza, Bartzelona, Bilbo, Madril eta Astigarragakoak.

Iruñeko Sounds of Sirens estudioan grabatu dute diskoa Brigade Locokoek, Julen Urzaizen gidaritzapean. Bide batez, disko berriaren aitzakian, Kera Produkzioak etxeak egindako logotipo berria ere aurkeztu du Brigade Locok. Berrikuntza ugarirekin dator 2025a, beraz, talde gipuzkoarrarentzat.