NAIZ
Bilbo

60 ekintza baino gehiago Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioan

Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioa otsailaren 7tik 14ra egingo da, ‘Hazia erein’ lelopean eta 60 ekintza baino gehiagoko egitarauarekin.

Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioa aurkeztu dute Bilbon.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioa aurkeztu dute Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioa aurkeztu dute ostegun honetan Bilbon. Aurten otsailaren 7tik 14ra izango da eta 60 ekintza baino gehiagoko egitaraua prestatu dute, «ekintza kolektibo txikiek, denboran zehar irauten dutenek, eragin eraldatzailea sortzen dutela» azpimarratzeko.

35 euskal erakundek bat egin duteproiektuarekin, zientzian diharduten emakumeen lana ikusarazteko, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzeko eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzeko.

Helburu horiekin, erakundeek indarrak batu dituzte jarduera programa bat elkarrekin antolatzeko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n izaten da urtero).  

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, Emakumeak Zientzian urtetik urtera hazten eta indartzen joan den proiektua da, eta, ekimenaren helburu nagusiak betetzeaz gain, «hausnarketa sakona» egiten du «egoera zientifiko-teknologikoa behar bezala aldatzen laguntzeko».

Hala, aurten, ‘Hazia erein’ kontzeptua nabarmendu nahi dute eta azpimarratu «ekintza txiki bakoitzak markatu dezakeela aldea zientzian berdintasuna lortzeko bidean».

«Irmoki uste dugu hitzaldi, tailer edo historia partekatu bakoitzak belaunaldi berriak inspiratzeko gaitasuna duela, eta urtean aste bakar batetik harago doan aldaketa ereiteko ahalmena duela», adierazi dute.

Hori guztia bideo batean islatuko da, eta helburua da aldaketaren alde lan egiten duten «benetako ahotsak publikoari hurbiltzea», genero berdintasunari eta erreferente femeninoen zereginari balioa emanez.

«Transformazio hazi txiki horien garrantzia gertutik bizi izan duten pertsonek –ikertzaileak, irakasleak, ikasleak, ikerketa zentroetako berdintasun arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak– emandako lekukotasuna jasotzen du bideoak, eta eguneroko ekintzek etorkizun bidezkoago bat eraikitzeko duten gaitasunari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu», azaldu dute Emakumeak Zientzian proiektuko kideek. 

Donostian, Bilbon eta Gasteizen

Aurten ere jai giroan hasiko da Emakumeak Zientzian, otsailaren 6an, Bilbon. Bertan, bideo hori aurkeztuko da, testigantza gehiago partekatuko dira, eta boluntario guztiak eta erakunde batzuetako ordezkariak elkartuko dira. Ekitaldi horretan, Maitena Salinasek Emakumek Zientzian ekimenaren hazia nola sortzen den erakutsiko du, hainbat eragileren parte-hartzearekin.

Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendearentzako jarduerak egingo dira. Publiko orokorrarentzat, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, ‘Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur’ ekitaldiak hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakumezko zientzialariak bilduko ditu.

Profesional horiek eszenatokira igoko dira beren proiektuen xehetasunak partekatzeko eta historiako emakume zientzialari handienetako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarriak eta lorpen zientifikoak kontatuz. Ikasleek ikerketa zentroetara egin ohi dituzten bisitez eta tailerrez gain, aurten ‘Eskolara itzulera’ jarduera errepikatuko da. Bertan 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera.

Aldi berean, kolektibo espezifikoekin lanean jarraituko da –55 urtetik gorako emakumeekin, esaterako–, eta emakume heldu horiek kulturaren transmisioan duten zeregina nabarmenduko da. Testuinguru horretan, ‘Esperientziaren boterea’ izenburua duen jarduerari esker, zortzi ikerketa zentrok ateak irekiko dituzte beren lana erakusteko, esperimentu sinple eta erreplikagarrien bidez, zientzia familietara eta ingurunera hurbilduz. Halaber, mahai-inguruak, gaikako tailerrak eta abar antolatuko dira.

Ekintzetan izena emateko epea dagoeneko irekita dago.