
Eguna aspaldi zen finkatuta eta zalaparta handirik gabe iritsi da otsailaren 1eko hitzordua. ‘Agur deneri’ deituriko azken kontzertuan sarrera guztiak salduta ziren eta argazkia ere halakoa zen, goraino beteta baitzegoen Miribilla. Ateak zabaldu aurretik jende ugari Miribilla inguruan eta Zazpi Kaleetan kontzertuearen usainean. 19:00etan zen irekiera ordua, baina lehenxeago izan da sartzeko aukerarik, eta eskertu dute bertaratuek, barru-giro egiten zuelako Bilbon ere.
Motorrak berotzen joateko, Mauka etxekoek beren talde berrien uztatik Marte Lasarte aurkezteko baliatu dute eguna. Proposamen dibertigarria izango zela aurreratu genizuen ‘‘Ez da besterik’’ atera ‘zutenean, eta ez dugu hutsik egin. Talde fresko, jostari eta zinez entretenigarria. «Badakigu halako kontzertuetan aurretik jotzen duten taldeei jaramon askorik ez zaiela egiten, hortaz, mila esker bihotzez gerturatu zareten guztioi», esan eta hasi zuten emanaldia Marte Lasartekoek.
Kantu ezagunenez gaindi, ‘Bussiness punk’ kantuak, esaterako, sekulako indarra hartzen du zuzenean. «Silicon Valleyko ikasleei zuzendatuko kantua da, beno, nire nagusia zena da horietako bat eta hari zuzendu nion abestia», esan du kantuaren atarian Pello Armendarizek. Taldeak ez ditu kontzertu asko eman gaur arte, baina bloke sentsazioa sekulakoa da, lehen lana izateko ezohikoa. Pultsua jaisteko ‘Anek ezagutu zaitu’ eskaini dute segidan, diskoko ordena eta zuzenekoa beste bat dira hortaz. Diskoa irekitzen duen ‘Grabitaterik gabe’ hunkigarri eta indartsuarekin jarraitu dute, sampleatutako gitarra klasikoa lehendabizi, chorus asko duen elektrikoa eta ahotsa atzetik, baxua sotil eta leherketa handia segidan. Zeinen ongi sartzen den abestia.
Aitari eskainitako ‘Hileta’ kantuarekin erritmoak gora egin du, baina hunkidurak azalean jarraitu du. Familia-harreman konplikatuak bizi izan dituen edonork bere egiten duen abestia da eta Pellok hori hitzetara maisuki eraman zuen abesti hau egierakoan. Bukaerarako kanturik dantzagarrienak, ‘Ez da besterik’ horietatik lehena, argi-jokoak lagunduta, kantuak baduelako halako puntu frenetikoa. Publikoa oraindik ere hotz pixkanaka betetzen ari zen pistan eta Pellok horrela esan du: «Ea bada, mugitu pixka bat, hostia!». Azken kantuaren aurretik Aroztegiako auzipetuei elkartasuna adierazi diete Marte Lasartekoek, Iruñeko manifestazio nazionalean ezin egon eta Bilbora eraman dute mezua ‘Zaldiak’ kantuaren atarian.
Borja Anton eta Pello Armendariz Skakeitan taldean aritu zirenez, kontzertua betetzeko orduko bi kantu eskaini dituzte bukaeran; ‘2 minutu’ eta ‘Ezpainetan odola’. Azken honekin halako medley bat egin eta beren taldeari izena ematen dion ‘Marte Lasarte’ kantua joz bukatu dute kontzertua. Hurrengo aldian ikustean zutik eta dantzan izan dadila.
Esne Beltzaren txanda segidan. Sartu eta oholtza ikusi orduko berezi prestatu dutela ikusten zen, bigarren solairu bat eskilarak alde banatan zituela. Harmailetan hainbat pertsona adarrak ozenki joz hasi dira azken saioari hasiera emateko. Eta oholtzatik gertu, harmailan, Ikurriña eta Nafarroako bandera erraldoi bana.
Ia hiru orduz, ereserkiz ereserki
Adarren hotsen atzetik taldearen 18 urteko errepasoa egiten zuen bideoa eman dute pantailetan, eta, bukatu orduko, joaldunen laguntzarekin sartu dira Esne Beltzako kideak. Korrikako lekukoa agertu da bideoaren bukaeran eta lekuko hori eskuan zuela Xabi Solano buru dela gurutzatu dute Bilbao Arenako pista.
Oholtzan, Jon Garmendia ‘Txuria’. Venezuelako selekzioko jertsea jantzita, Solanok lekukotik ateratako mezua eman eta irakurri du. Kartzelan daudenak, deportatuak, errefuxiatuak… haiek guztiak izan dituzte gogoan. Euskara indartzeko politikarik onena mintzatzea dela aldarrikatu dute, eta horren bidelagun izan daitekeela musika gehitu. Hiriaz gaindi, herria eta baserria beharrezkoak direla aberria egiteko, Euskal Herria egiteko. Seneca bera ere izan dute gogoan. maitatuak sentitu direla gaineratu aurretik. Ukabilak gora eta festari hasiera eman diote.
DZ plateretan eta Txino eta Naked break dantzariak goiko solairuan beren ikuskizunarekin. Intro klasikoa, lehenengo kantua ‘Bozgorailuetatik’ izan baita. «Euskal preso iheslariak etxera, Euskal Herria mugitu» dio kantuak, 2008ko ‘Made in Euskal Herria’ diskoan publikatuak. Eta oraindik ere bidean daude, etxerako bidean. Urteak pasa bai, baina mezuak bizirik dirau. Azkena etxera etorri arte.
‘Argitzeraino’ kantu dantzagarriarekin segida, lan berrienetako batera sartuz. ‘Eskuekin’ kantua segidan eta konfetiak lehenengoz zerura, baita Kimua dantza kolektibokoak ere oholtzara. Koreografiekin jantzi dute guztia eta Koroma ere agertu da oholtzara.
Aldarrikapenarekin segi dute: «Entren condo esan zuten. Iñigo Cabacas ez zen hil, hil egin zuten». Cabacas gogoan ‘Hil zuten’ kantuaren txanda. Justizia eta erreparazioa biktima guztientzat ezinbestekoa dela gogoratzeko ekarpen ederra.
La Pucci sartu da atzetik, ‘Esne bidea’ diskoko ‘Gure dantzalekua’ kantatuz. Kontrapuntu ederra jarri zion diskoan eta zuzenean ere kolore ederra eman dio abeslari madrildarrak. «Tipi-tapa, tipi-tapa» oihu egin du segidan Solanok eta bertaratuek segidan erantzun: «Korrika!». ‘Bagoaz’ kantuaren txanda izan da eta sarreran publikoarekin hartu-emanean segi du, denak oihuka jarriz. Kimuakeko dantzariak berriz ere agertu dira oholtzan une horretan, 2013an egin zen 18. Korrika jairako egindako kantua dantzatuz.
«Ez da ez eta listo! Emakume guztien alde!» oihu egin eta Anerk twerk-dantza elkarteko kideak igo dira oholtzara. Une koloretsua izan da, askatasunaren aldeko oihu bat. Beharrezkoak diren aldarrikapen alai horietako bat.
Gorka Suaiak berriz ere oholtza partekatu du Esne Beltzarekin gaurkoan. Izan ere aurretik ere taldearekin aritu zen garai batez,‘Lurraren’ kantua abestu du gasteiztarrak, 2010eko ‘Noa’ diskoko dub abestia. «Gogoan ditugu lurraren defentsan ibiltzen diren kide guztiak, errepresaliatuak», oihukatzeko ere baliatu du unea Suaiak.
Kunbia doinuak trikitixarekin eta elektronikarekin nahastuta, hori izan zen gauza oso berria Esne Beltzak Euskal Herrira ekarri zuena. Eta Miribillan ere ez zuen hutsik egin ‘Sonidero’ kantuak. Pini sartu da oholtzara eta eskuak igotzeko eskatu du. Berarekin sartu da Endika Lahaine eta izatez Maisharekin batera igo behar zuen 121 Krewko kideak, baina Maisha ospitalean zela kontatu du Xabi Solanok kantua etenda: «Etxean bezala gaudenez, esango dugu Maisha ospitalean dela aita izatear delako». Zorionak, beraz, lerro hauetatik Maishari. Medleya egin dute Daddy Yankeeren ‘Ella me levantó’ klasikoarekin, ohiturari eutsiz, publikoak ukabilak goian zituela. Taldearen lehen singlea etorri da atzetik, ‘Sherezada’, hura izan baitzen taldea aurkezteko erabili zuten kantua.
«Hasieratik argi izan dugu euskara izango zela gure hizkuntza eta euskararik gabe Esne Beltza ez zen izango. Herri Urratsen, Kilometroak jaian, Ibilaldian, Korrikan… jo dugu eta gaurkoan ere bostekoa altxa dezagun denok, euskararen alde!», mezu horrekin aurkeztu du ‘Hona bostekoa’ kantua, Pasaia-Lezoko ikastolaren alde 2010eko Kilometroak jairako egindako kantua. Publikoak ozen abestu duen kantua, berriz ere eskuak goian zituztela.
Guggenheim Urdaibai Stop! plataformaren eta Erandioko kutsaduraren aurkako mugimenduaren zapiak atera dituzte segidan. Festa bai, baina borroka ere bai. Hori hasieratik argi utzi duen taldea izan da Esne Beltza. Konpromiso sozial eta politiko askorekin egin dute bat beren bidean. ‘Lokarriak’ jo dute eta, bukatu orduko, «Ea hau badakizuen: Eta hala bada esaidazu» abesten hasi da Solano, publikoak abesten erantzun duelarik. Berriz ere konfetiak zerura eta ‘Sueños de color’ kantuaren txanda’.
Chambaoko La Mari igo da oholtzara eta ‘Pokito a poko’ kantua eskaini du. Publikoak harrera beroa egin dio andaluziarrari, denek abestu baitute Chambaoren kantu klasikoa. «Niretzako oso berezia da gaur La Mari hemen egotea, duela urte bete galdu nuelako aita eta kantu honetan La Marik abesten duelako. Zuretzako aita!», eskaintza hori luzatuz etorri da ‘Behin eta berriz’, ‘Esne bidea’ azken diskoko singlea izan zen abestia. Euskaraz abestu duen unean goia jo du kantuak, publikoak oihuka, txistuka eta txaloka bizi izan baitu unea. Kantua bukatzerakoan, berriz errepikatu den kontua.
Taldekide izan ziren bi eta egun gure artean ez dauden Etxeberritxo eta Amaia Apaolaza izan dituzte gogoan segidan, haien irudiak pantailetan jarrita. Ukabilak zerura igotzeko eskatu eta ezker-eskuin mugituz hasi dira bertaratu guztiak ’Izar iheskorra’ kantuaren Esne Beltzaren dub munduko moldaketa hasi denean. Lehen unetik publikoak ere abestu egin du. Kantu abestuena izan da ezbairik gabe 1998an Etzakit taldearen disko homonimoan kaleratu zutena egun Esne Beltza osatzen duten hiruk, Joan Mari Beasainek, Xabi Solanok eta Aitor Zabaletak.
Une intimoa kontzertu erdira iristeko
Aulki altua agertu da oholtzan eta horrek esanahi bat izaten du, Xabi Solanok gitarra akustikoa hartuko duela. Hala, ‘Ardi Herria’ eta ‘Esna’ kantuak etorri dira une horretan. Green Valley taldeko Ander Valverde ere igo da abesti horietarako, elkarrekin harremana azken kantu horri esker sortu baitzen garaian.
Tren geltoki bateko oroitzapenak jasotzen dituen ‘Gogoak’ kanturako, berriz Flavio Banterla igo da oholtzara eta hari eman dio gitarra Solanok. Italiarra aspaldian Euskal Herrian bizi da, euskarazko disko bat ere egin du bide horretan, baina Esne Beltzarekin egindako kantuari esker ezagutuko du ziurrenik askok bere ahotsa. Kantuaren mezua askok maitasun kantu bezela hartu izan du, eta bada, baina ez da ahaztu behar ihesean dabilen horri edota espetxean urrun izan den horri eskainitako kantua dela, haienganako maitasun kantua. Eta argi esan du Solanok: «Miribilla, guztiak etxean izan arte!». Gero berriz ere oholtzan agertu den Txuriak ere badaki zer den herbestea, eta horren inguruan ere aritu ziren Solano eta biak Amagoia Mujikarekin 7Krako egindako elkarrizketan.
Eten laburra egin du taldeak, harmailetan irrintzilariak hasi dira irrintzika eta Txuria agertu da oholtzara joaldunek lagunduta. Venezuela izan du gogoan Txuriak: «Un saludo Juan, un saludo Glena, un saludo para Venezuela. Un saludo para el pueblo que lucha contra la oligarquía y el gringo. Tal día como hoy Hugo Chavez Frías comenzó una revolución llamada bolivariana». Atzetik jertsea kendu eta herriari, Euskal Herriari abestu dio, Etxaun Iruriren ‘Ai ze plazera’ bertsoa kantatuz: «Ai, zer plazerra, bost urten buruan sor lekurat itzultzia, ene herria etsitu nian, zure berriz ikustia. Aski sufrituz nik anitzetan, desir nukian hiltzia, ez bazintudan hain maite uken, oi, ama Euskal Herria».
Pistaren beste aldetik ‘Esne-saltzailearena’ kantua jo dute Solanok eta Beasainek, Txuriaren gurasoei egindako kantua. Kimuakoak dantzari izan dituzte ondoan, baina publikoan ere izan da dantzara animatu denik. Atzetik ‘Pasodoble’ jotzen hasi dira, baina etena egin dute, Gozategi taldeko Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea igo direlako oholtzara eta ‘Pakia beyau’ kantua jo dutelako elkarrekin. Baina berriz ere itzuli dira eta ‘Pasodoble’ bukatu dute elkarrekin. Berriz ere festara salto.
Rapeatzaileak azken zatiari sarrera emateko
Juantxo Arakama, Moro eta Pini igo dira oholtzara. Bad Sound System eta Glaukomaren kantuak eskaini dituzte. ‘Gure kaiola’ kantuaren reggaetoi moldaketa bat etorri da lehendabizi Arakamaren ahotsean, eta, atzetik Bad Sound Systemen ‘Beti berdin’ kantuarekin denak saltoka jarri dituzte, ezker eskuin. Lehen diskoan ere hartu zuen parte Morok, eta horri jarraika, ‘Astindu’ etorri da.
Txino ‘Sortzen’ kantuaren sarreran break dance saioa eskaintzera agertu da, hasieratan Esne Beltzak egiten zuen moduan. Dena hankaz gora jarri zuten bere proposamenarekin eta nostalgia puntua ere izan dugu une haiek ezagutu genituenok. Pello Armendarizekin abestu dute kantua, eta, hura oholtzan zela aprobetxatuz, ‘Piratak’ etorri da atzetik, Donostiako Piratak ere oholtzako festara batuz.
«Hurrengo kantua Euskal Herriko kantu txiki horientzat, herria handi egiten duten horientzat!» aldarrikatu eta Xiberoots taldeko Jon Etxekopar ‘Pulpo’ igo da abestera, Koroma berriz ere dantzara agertu den bitartean.
La Pegatinako Adrià Salas agertu eta «Gora Esne Beltza! Gora Euskal Herria! Gora Palestina Libre!» oihukatu du ‘No tinc remei’ abesteko segidan taldekide duen Rubén Sierrarekin. Publikoa dantzan Miribillako buelta guztian. Harmailak dardara etengabean egon dira kontzertuak iraun duen denboran. Baina, a zer nolako lurrikara sortu den ‘Mari Carmen’ kantuaren unea iristean.
Laboaren ‘Trabuko’ kantuaren lehen bertsoa entzun dugu jarrian eta ‘Goizueta’ kantua jo du taldeak atzetik, ‘3 kolpetan’ 2011ko diskoko abestia. Dantza ere egin dute goizuetarrek, bertako ‘Zahagi dantza’ eskaini dute haiek. Lehen aldiz oholtza uste den unea etorri da kantua bukatzean.
«Beste bat» eskatu ordez, olatua
Gurean halako bukaeren ostean «Beste bat! Beste bat!» oihukatu izandu du jendeak, baina, horren ordez, olatuarena egitea erabaki dute eta halako batean Xabi Solano bera ere agertu da oholtzara asko ohartu gabe. Ahotsa urratzen joan zaio Ereñotzuko abeslariari, baina eutsi dio bukaeraraino.
Azken zatiari hasiera emateko, erabat hunkituta agertu den Kistiñe Solano igo da oholtzara. «Hitz batzuk prestatua neuzkan, baina ahaztu egin zait, joder», esan du Kristinak. Familiako asko bertaratu direla aipatu du Solanok eta haiei eskaini diete ‘Ahantzi’ trikiti pieza, Kimuakoek oholtzan eta publikoak inguruan dantzatu dutena. Gero AMAK taldeko Amaia Oreja eta Maixa Lizarribar ere igo dira ‘Gona gorria’ kantua elkarrekin abesteko, atzokoan Alaitz Telletxea falta izan da. Pini eta Kimuakoak ere igo dira kantuak iraun duen denboran kantua ontzera.
«Kantu asko egin ditugu presoen alde eta gaur zuen ahotik entzun nahi dugu: Euskal presoak!», oihukatu du Solanok eta publikoak «Etxera!» erantzun, une batez Miribilla osoa presoen alde oihuka jarriz. ‘Mugitu harriak’ kantua abestu dute eta oholtzan ere «Etxera» jartzen zuen pankarta handi batekin agertu dira presoen aldeko lan nekaezinean aritzen diren hainbat herritar. «Ez dago harririk mugi ezin denik» dio kantuak, azkena etxean izan arte ahaztu ezin dena.
«Quien manda aquí» abesten hasi orduko, publikoak abesten erantzun du. Fino eta Lonbi ere igo dira oholtzara haize sekzioa handituz, baina ez zen sorpresa bakarra, Solanok «hemen da gure komandantea» esan eta Fermin Muguruza bera ere oholtzara igo delako kantuaren erdian. Malen Barrenetxea eta Iker Vicente aizkolariak ere igo dira oholtzara, aizkorak gurutzatu, Negu Gorriaken logoa osatu eta ‘Gora Herria’ etorri da segidan. Beste lurrikara itzela Miribillan. Kantuak iraun duen denboran enbor bana ebaki dute Barrenetxeak eta Vicentek.
«Xabi Solano nirekin ere badabil biran eta bi aste barru Madrilen izango gara eta bertan ‘Sarri sarri’ abestuko dugu, nahiz eta batzuk ez duten halakorik nahi!», banda sartu eta kantua abiatu orduko publikoa ska dantzan hasi da. Itsasaldiak izango ziren itsasontziak lasaiago ibili direnak Miribillako harmaila baino. Olatu erraldoien artean bagina bezala idatzi dira lerro hauek, zorabiatzeko zorian. Eta zorabio horren osteko txalo zaparradarekin, bigarrenez irten dira oholtzatik taldekideak.
Benetako agurra
Panderoa eskuetan, Bizkargi dantza taldeko sorginak alboan eta Kimua dantza kolektibokoekin batera igo da azkenekoz oholtzara Xabi Solano, dantzarientzat txalo berezi bat eskatuz. ‘Erre zenituzten’ kantua jo dute une horretan, hain ezaguna egin den koreografia dantzatu dute. Izatez Solanoren bakarkako kantua da, baina taldera ekarri dute eta Stromaeren ‘Alors on danse’ kantuarekin nahastu du Zigor DZk.
‘Nahi dut’ kantua joz hasi dira eta geratu egin du Solanok, publikoa abesten jarri du eta dantzan, azken kantua zela aurreratuz. «Bihotzez eskerrik asko 18 urte hauetako ibilbidean hor egoteagatik» esan eta bukaeraraino geratu gabe joan dira Esne Beltzakoak. Bukatu, denak oholtzara igo eta «Patxuko, zuri ere muxu bat» esanda bukatu da festa. Tira, bukatu edo hasi, ordu txikietara luzatuko baitu askok gaurkoa ziur. Publikoarekin azken argazki bat egin eta «Gora Euskal Herria askatuta!» oihukatuz gutxika hustu dute oholtza.
Fermin Muguruzak ondo esan duen moduan, ziur laster bestelako proiektuetan ikusiko ditugula bertako musikariak. Agur bat ez, hasiera berri bat. Esne Bidea ezagutu ostean, unibertsoko galaxia berriak esploratzeko garaia da.

Juan Carlos Pérez contra sí mismo (e Itoiz)

Un Grammy a Baiona: Gojira lo gana con su directo en la inauguración de los Juegos de París
Never Surrender, Autobus Magikoa eta Buitraker: Hatortxuk hiru itzulera iragarri ditu

Fermin Muguruza agota en media hora las entradas para la antesala de 40 Minutu Rock
