
Amazonas ibaiaren adarrik emaritsuena da Rio Negro. Bertako uretan dauka Luiz Felipek gorputz erdia murgilduta. Delfin arrosa bati helduta dago eta irribarretsu eskatzen du: «Atera argazkia!». Izurdea lasai dago eta arazorik gabe uzten dio pozarren dagoen gizonari laztanak egiten. Down sindromea duen 27 urteko gaztea da Luiz Felipe. Otsailaren erdialdean iritsi zen Brasilgo Amazoniako Iranduba hirira, 2025eko lehen izurde-terapian parte hartzeko. Ia hogei urtez, metodo alternatibo honek, aniztasun funtzionala duten pertsonei lagundu die, naturarekin harremantzea sustatuz eta ospitaleetako giro hotzetik urrunduz.
«Terapia osagarri bat da, ez ditu beste tratamenduak ordezkatzen, baina haur eta gazteei animoa, naturarekiko lotura eta ospitaleetan aurkitzen ez duten indarra ematen dizkie», azaldu dio AFP agentziari Igor Simoes Andrade fisioterapeuta eta ‘bototerapia’ deritzonaren sortzaileak.
2006tik, babesleen laguntzari esker, terapia hau doan eskaintzen da eta 400 familia inguruk jaso dute onura. Beste herrialde batzuetan ere animaliekin terapiak egiten diren arren, Simoesek dio bere metodoa munduko lehena dela aske eta beren ingurune naturalean dauden izurdeekin egiten dena.
Luiz Felipe Manaosetik iritsi da Irandubara. «Esperientzia honek onura sozialak ere badakartza, bestelako errealitateekin harremanak sustatzen baititu», azaldu du Hannah Fernandes neuropedagogoak. Uretan sartu aurretik, Luiz Felipek eta bere bi lagunek, Caroline eta Silvia, ariketa arinak eta yoga egiten dituzte, Simoesek gidatuta, izurdeekin kontaktua errazteko.
‘Bototerapia’ Brasilgo Ingurumen eta Baliabide Natural Berriztagarrien Institutuko baimenarekin egiten da. «Oraingoan urarekin beldurra gainditzea lortu du. Lehenengo aldian ez zen ausartu», adierazi du Fernandesek, Luiz Felipe uretan konfiantzaz murgilduta ikusten duela.
Salbamendu-txalekoak jantzita, gazteak ibaian lasai mugitzen dira, izurdeek haien artean igeri egiten duten bitartean. Batzuetan, animaliek burua ateratzen dute, gazteen arreta jasotzeko prest.
Simoesen arabera, ‘bototerapia’-k hainbat onura ditu, hala nola «oreka, bizkarrezurraren indartzea eta psikomotrizitatea». Haren ustez, hobekuntzak naturarekiko integrazioaren bidez lortzen dira: «Hemen ez ditugu patologiak tratatzen, pertsonak baizik».

«Queríamos que las canciones sonaran como suena Kaotiko en este momento»

Un estudio genético prueba que María Branyas, de 117 años, «tenía una microbiota como una niña»

«La juventud necesita espacios para respirar y poder desconectar»

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»
